Oialume dantzaleku mitikoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko aza. 26a, 14:23

Gutxi izango dira Hernani eta Astigarraga arteko Martindegi auzoko Oialume dantzalekua ezagutzen ez dutenak. Azken sei hamarkadetan. Buruntzaldeko eta urrunagoko gazteentzat erreferente izan da igandetako plana egiterakoan. Familia bereko hiru belaunaldi joan izan dira bertara. Oialumek gizarte ekintza handia egin du, gaur egun bikote diren asko bertan ezagutu baitziren.

Oialumeren ibilbidearen berri eman die Aiurriri bertako jabea den Axentxio Barrenetxea eta honen izeba Joanita Arrizabalagak. Joanita, Oialumen bertan jaioa da, gazteago dirudien arren 86 urteak beteak ditu, eta bertako tabernan urte luzez lanean aritua da. Gertatutakoaren testigu paregabea eta horrenbeste bikotek elkar ezagutu zuen tokian bikoterik gabe gelditutakoa.

APUSTUA
“Oialume, auzoko taberna eta janari denda zen, baina baserri izateari utzi gabe” dio Joanitak. Axentxiok ondo gogoan du gurasoei entzunda, 1943ko San Jose egunean egin zen apustu bati esker sortu zela Oialumeko erromeria. Pultsu apustua bertan jokatu zuten Orkolagako Felix Aranburu eta Juannantoneneko Joxe Erdoziak. Jabierrek, Axentxioren aitak, apustua girotzeko Markos Zubeldia soinujole hernaniarra eraman zuen, bost duro ordainduta. Eta dirudienez, sekulako giroa izan zen. Horren ondo pasa zuten apustua ikustera gerturatu zirenek, igandero antzeko zerbait antolatzea eskatu zietela jabeei. Eta horrela igandero erromeria antolatzen hasi ziren.

URRITIK EKAINERA
Pilariketan Martuteneko jaiak bukatu ondoren ematen zitzaion hasiera Oialumeko erromeriari, eta Ereñotzuko San Antonio jaien aurreko asteburura arte luzatzen zen. Hasieran arratsaldeko 4etatik 9etara izaten zen eta gerora 7etan hasi eta 10ak arte.

GIRO EUSKALDUNA
“Hasierako urteetan Loiolako kuarteleko soldadu asko etortzen zen tranbian. Petateekin etorri eta hemen aldatzen ziren. Berriro zortziak iritsitakoan, presaka uniformeak jantzi eta bueltan joaten ziren. Goierri eta Azpeiti aldeko neska asko zegoen Donostian neskame lanean, eta haiek ere giro euskaldunak erakarrita etortzen ziren” gogoratzen du Joanitak. Giro euskalduna izan baita Oialumeren ezaugarrietako bat. Horren adibide da, Young Play abertzalea bezala ere ezagutzen zela.

BIZIKLETATIK AUTORA
“Hasierako urteetan inguru guztia bizikletaz beteta jartzen zen” gogoan du Joanitak. Axentxiok, berriz, motoak ugaritzen hasi ziren garaia ezagutu zuen “inguruko gazteak etorri izan dira gehienbat, Urnieta eta Andoaingoak asko. Vespa eta Lanbrettekin etortzen ziren. Orduan ezaguna egin zen, el que tiene vespa, tiene neska, esaldia. Geroxeago hasi ziren autoak, Seat 600ak eta abar”.

SOINUJOLE UGARI
Markos Zubeldia izan zen Oialumeko erromeriak alaitu zituen lehenengo soinujolea. “Zaku berde batean ekartzen zuen soinua eta bukatutakoan akabo! Zakuan sartzen zuen eta ez zuen berriro ateratzen nahiz eta dirua eskaini. Guk pagatutako 5 duroak baino gehiago ere eskaintzen zioten beste pixka batean festa luzatzeagatik, baina berak ezetz eta ezetz”.
Ondoren etorri ziren, Ramon Amenabar, eta Axentxiok bereziki gogoratzen duen Manolo Amenabar soinujole itsua. Donostiarra zen, autobusean etortzen zen eta gu mutil koskorretan esku-erremolke batekin ateratzen ginen bere bila. Bikondoa famatuaren aita ere aldi batez Oialumen akordeoia jotakoa da. “Arrebaren komunio egunean soinu-jotzailerik ezin bilatuz ibili eta Andoaingo Felix Sanz etorri zen azkenean, baina esan zuen ez zuela oso ondo jotzen eta bateria-jole batekin etorriko zela, eta horrela Iñaxio Larragetarekin batera etorri eta ikaragarrizko arrakasta izan zuten, eta aldi batez beraiek izan ziren erromeriak alaitzen” gogoratzen du Axentxiok.

ZOZKETAK
Soinujoleak ordaindu ahal izateko, batez ere bateria-joleekin batera hasitakoan, rifak egiten zituzten dirua biltzeko. Normalean oilasko parea zozketatzen zen. Garairik txarrenetan ere beti aurkitu izan dute erromeria bizirik mantentzeko modua. 
 
MUSIKA ALDAKETA
Axentxio bera, 18 urterekin hasi zen bateria-jole moduan Andoaingo Jose Luis Ponce soinujolearekin. Geroxeago hiru laguneko taldea osatu zuen, organoa, tronpeta eta bateriarekin. Ondoren, saxoa ere sartu zuten, baina rock mugimenduak eraginda, tronpeta eta saxoa berehala ordezkatu zituzten gitarra eta baxuarekin. Axentxioren taldeak hasieran Amaia zuen izena ondoren Karraxi eta gerora oraindik plazetan dabilen Trakets.

ERAIKIN BERRIA
47 urtetan Oialumeko terrazapea dantzaleku izan ondoren, 1990. urtean dantzaleku berria eraiki zuten ondoan. “Jende asko etortzen zen eta behar adinako azpiegiturarik ez genuenez biltoki berria egitea erabaki genuen”. Leku berrian, emanaldi gehienak Trakets taldearenak baziren ere,  berbena talde ugari pasa zen bertatik, Akelarre, Egan…

DISKO FESTA
2002-2003 inguru horretan etorri zen berriro aldaketa. “Gazteek disko-musika eskatzen ziguten. Gu saiatu ginen korronte horri aurre egiten denbora batean, baina alferrik izan zen, gazteek oso garbi baitzuten zer nahi zuten, eta azkenik tarteka disko festa jartzen hasi ginen. Pena handia izan nuen. Garairik gogorrenak bizitu nituen”. Azken boladan berriz, urtean zazpi disko festa antolatu dituzte, beti ere jai egun edo “zubiak” tarteko direnean.

MURALA
Gotzon Huegun, Hernanin bizi den eskultore lasartearrak, Barrenetxea sendiaren eskariz, Oialume dantzalekuaren historia eta giroa islatzen dituen intxaurrondo egurreko eta altzairu kortenean eginiko markoa duen murala egina du. Oialume ezagutu zutenek garai zaharrak eta izandako bizipenak gogoratzeko aukera paregabea dute, bertan 1943-1990 arteko Oialumeren historia laburbiltzen da: erromeriak, soinujoleak, soldaduak, zozketak, taberna… Argibideekin panel bat ere jarri dute alboan. Sagardotegi denboraldian irekitzen duten Oialume tabernan dago ikusgai.

ETORKIZUNA
2009ko urtarrilaren 4an izan zen azken disko festa. Astigarragako Udalak dantzalekuak diskoteka batek bete behar dituen lege-arauak betetzea eskatzen dielako. Horrek, intsonorizazioa eta abar egitea eskatzen die eta obra oso garestiak dira. Udalarekin akordio bat lortu nahiko lukete, besterik ezean, obrak epeka egin eta zazpi emanaldi horiekin jarraitzeko. “Guk ezin ditugu diskoteka baten pareko prezioan jarri sarrera eta tragoak. Guraso askok babesa ematen digu, baina udalak ez du
kontuan hartzen horrenbeste urtetan eman dugun zerbitzua”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!