Xabier Letek asteartean jaso zuen Euskadi Literatura Saria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko aza. 26a, 14:18

Asteartean banatu ziren Euskadi Literatura Sariak EITBren Bilboko egoitzan.

Ekitaldian, besteak beste, Patxi Lopez Lehendakaria eta Blanca Urgell Kultura Sailburua egon ziren.
Euskarazko literatura modalitatean aurtengo saria, Oiartzunen jaio eta Urnietan bizi den Xabier Letek jaso zuen “Egunsentiaren esku izoztuak” lanarekin. Berea izan zen sari-jasotze hunkigarriena eta txalotuena. Falta direnak gogora ekarri zituen Xabierrek “Ni bizi naiz fisikoki, baina sari hau Lurdesentzat ere bada”. Bitoriano Gandiaga eta Juan Mari Lekuona poetak ere gogoan izan zituen.
Egunsentiaren esku izoztuak, orain arterainoko bere azken poesia liburua da. Bertan azken urteetako bizi-esperientziak gogoetatu ditu, iragan ederrarekiko miresmena, maitasunaren gauzaguneak, xamurtasuna, oinazea, heriotza eta berraurkikuntzaren ametsa elkarri lotuz... Xabier Leteren poesigintzan mugarri da.

GAINONTZEKO SARITUAK
Gainontzeko sarituak hauek izan ziren: Antton Olano, Wilkie Collinsen “Ilargi-harria” liburuaren itzulpenagatik; Elena Odriozola, “Aplastamiento de las gotas” liburuan egindako ilustrazioengatik; Ruben Ruiz, Haur eta Gazte literatura saria, “Anekdotak” liburuagatik; Luisa Etxenike, Gaztelaniazko Euskadi Saria “El angulo ciego” liburuagatik.

Egunsentiaren esku izoztuak poesia liburua da.
Irabazlea: Xabier Lete.
Argitaletxea: Pamiela.
Saria: 18.000 euroko saria eta 4.000 euroko lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.
Epaimahaia: Maite González Esnal, epaimahaiburu. Epaimahaikideak: Jon Kortazar Uriarte, Maite Toledo Saralegi, Ivan Igartua Ugarte, Gorka Aulestia Txakartegi. Marta Merino Ortiz de Landaluce, epaimahaiko idazkari (hautespiderik gabea).
Epaimahaiak ikusitako merituak: Klasikotasuna. Ahotsaren sendotasuna, aberastasun diskurtsiboa; erritmo eutsian bizi-mina eta bizi-mindura adierazten da. Solasa tradizioarekin. Ahotsaren benekotasuna.
Finalistak: Harkaitz Cano, Luis Garde, Anjel Lertxundi, Juanjo Olasagarre, Kirmen Uribe.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!