GAZTE MUGIMENDUAREN KONTRAKO ESPAINIAR ESTATUAREN ERASO ERREPRESIBOAREN AURREAN MOZIOA:
Azaroaren 23an euskal gazte independentisten aurkako beste operazio polizial eta judizial bat burutu zuten. Horren ondorioz, hegoaldeko lau herrialdetan Euskal Herriaren eskubideen defentsan aritu diren 34 gazte atxilotu zituzten. Poliziek 90 bat miaketa burutu zituzten: etxeak, gaztetxeak, elkarteak, peñen egoitzak, tabernak... Tartean gure herrikidea den Mikel Ayestaran, Remi Ayestanaran gure udalkidea zenaren anaia. Gaztea, independentista, abertzalea eta konprometitua herri honetako errealitate sozio kultural eta politikoarekin, hori da Mikel. Ikasketez topografoa, azken aldian halabeharrez sarritan hitz egin behar izan du herritarren aurrean bere anaiaren memoria loriatzeko. "Bere ideiengatik borrokatu zen" esan zuen bere anaiagatik, berdin esan dezakegu Mikelengatik ere. Bere ideiak defendatu nahi dituelako -independentzia eta sozialismoa- atxilotu dute. Justu atxilotu zuten egunean karrera amaierako proiektua bukatua zuen, Euskal Herriko Unibertsitatean irakaslea izan den 25 urteko villabonatar gazteak.
Atxiloketa hauek arrazoi politikoak direla medio burutzen dituzte, oinarrizko eskubideak urratuz eta berme juridikoak ukatuz. Kasu honetan operazio mediatiko-poliziala erabiliz. Bestalde, esan beharra dugu, makro-operazio hau testuinguru politiko zehatz batean egiten dela.
Izan ere, hilabete hauetan ezker abertzalea eztabaida sakonean murgildua dago. Euskal Herria aldaketa politikora eraman eta eskenatoki demokratiko bat eraikitzeko estrategia eraginkorra definitzeko lanean dabil, eta argi dago honi beldurra diola Estatu espainiarrak. Eztabaida hau eta ezker abertzalearen iniziatiba politikoa zapuzteko Estatuak horrelako operazio errepresiboak burutuko zituela jakina zen, izan ere, errepresioa da Estatu espainiarrak duen tresna bakarra.
Azken aste hauetan burutu diren atxiloketak eta espetxeratzeko agindu horien atzean, estatuak ideia jakin batzuk dituzten herritarrei parte hartze politikorako eskubidea ukatzeko jarrera politikoa ezkutatzen du. Bestalde, aldaketa politiko eta soziala eman ez dadin, estatuak aldaketa horren motorra gripatu nahi du: ezker abertzalea eszenatoki politikotik atera nahi du.
Historia luzea du gure herriak, eta luze, luzeegi, jo du gatazkak. Udal hau osatzen dugun guztiok ondo baino hobeto dakigu errepresioaren bidea ez dela bidea. Errepresioak ez dio gatazkari konponbidea ekarriko. Gatazka gainditzeko errepresioaren aldeko apustuak gainditu behar dira.
Euskal herritarroi hitza eta erabakia zor zaigu, gure etorkizuna askatasun osoz eta egitasmo politiko guztien artean erabakitzeko eskubidea errespetatzean datza konponbidea.
Hau guztia dela eta, honako mozio hau aurkezten dugu Udalbatzak eztabaida eta onar dezan:
1.- Udal honek bere elkartasun osoa helarazi nahi die egun hauetan atxiloturiko gazte guztiei, bereziki Mikeli eta euren senide zein lagunei. Halaber, inkomunikazio erregimenak, legeria antiterroristak eta dispertsioak eragiten duten eskubideen urraketa salatu nahi du.
2.- Udal honek euren jardun politiko eta sozialagatik espetxeratuak izan diren gazte independentista hauek berehala aska ditzatela exijitzen du.
3.- Udal honek gazte mugimendu, erakunde politiko, sozial eta komunikabideen aurka zabaldutako prozesuetan gutxieneko berme juridikorik ez duten ehundaka pertsonei bere elkartasuna helarazi nahi die.
4.- Udal honek espainiar estatuaren jardunbide antidemokratiko, autoritario eta errepresiboak salatzen ditu. Jardunbide horrekin irtenbide bakarra gatazka luzatzea delarik.
5.- Udal hau osatzen dugunok ez gaude egoera hau onartu eta etsitzeko prest. Horrexegatik, gatazka honi irtenbide demokratikoa bilatzeko gure konpromisoa berresten dugu.
6.- Udal honek atxilotuen askatasuna eskatzeko antolatuko diren elkarretaratzearekin bat egin du eta herritar guztiak deitzen ditu bertan parte hartzera.
7.- Azkenik, onartutakoaren berri herritarrei eta komunikabideei jakinaraztea erabakitzen dugu.
Villabonako ezker abertzalea
Villabonan 2009 azaroaren 25ean