Europan barrena, oinez

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko aza. 23a, 17:43

Astelehen eguerdian Villabonan bazkaldu eta bere bideari jarraitu zion Mikik. Frantziarra da izatez, eta bost hilabete pasatxo daramatza erromes. Done Jakue bidea egin ondoren, Erromaraino joan nahi du Pampou astoaren laguntzarekin.

Frantzia iparraldetik abiatu zen Miki duela bost hilabete eta Konpostelara iritsi ondoren, itzulerako bidea betetzen ari da orain. Ibilaldi osoan ondoan izan du Pampou astoa, lagun ona. Mikiren etxea darama astoak gainean: mantak, jakiak, estalkiak...

"Ez dut etxerik, ez dut loturarik. Nire bizitza oinez ibiltzea da, gaur hemen eta bihar han. Horrela bizitzea erabaki dut eta batzuetan gogorra den arren, hori dut gustoko". Bidaia hasitakoan zuen dirua aspaldi amaitu zitzaion eta orain, eskean ibiltzen da: "Batzuetan dirua ematen didate, eta bestetan jatekoak. Lana ere eskatu izan dut, baina ez dit inork ematen. Etxerik gabe, ibilgailurik gabe, ile eta bizar luze hauekin, zaila da inork niri lana ematea", dio irribarretsu. Gau askotan kalean egiten du lo. "Gogorra da, baina askotan ez dut beste aukerarik izaten. Bideko aterpetxe asko itxita dago eta horrek ez dit beste irtenbiderik uzten".

Gazteleraz, ozta-ozta mintzatzen da Miki, baina erromesaldian doala, hainbat jenderekin hitz egiteko aukera izan du. "Espainiako barnealdeko bidetik egin nuen joaneko bidea eta hor, espainiar askorekin topo egin nuen. Hala ere, erromes gutxi dagoela esango nuke, gehiago dira turista. Merke jan eta lo egiteko modua dela iruditzen zaie eta hamabost egunetan egiten dute Done Jakue bidea. Nik beste modu batera ulertzen dut erromesaldia, niretzako, bizitzeko modu bat da".

Villabonan bazkaldu eta arratsalderako, bideari ekitea zen Mikiren asmoa: "Iluntzerako Donostiara iristeko moduan izango naiz, baina zaila izango da gauez astoarekin hirira sartzeko modua izatea. Bihar goizerako utziko dut hori".

Erromara iristea da Mikiren asmoa, presarik gabe, han eta hemen geldialdiak eginez. "Europan zehar erromes ibiltzeko hainbat aukera dago eta nire hurrengo helburua Konpostela eta Erroma batzea da. Frantzian erositako mapak erakusten dit nondik nora joan behar dudan".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!