Andoaingo Udalaren adierazpena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko aza. 19a, 14:51

Azaroaren 25a Emakumeenganako indarkeriaren kontrako eguna dela-eta

Azaroaren 25a Emakumeenganako indarkeriaren kontrako eguna dela-eta, aurten azpimarratu nahi duguna da emakumeenganako indarkeriak ikusten duguna baino adierazpide gehiago dituela. Eta oraingoan ere, jende gaztearengan arreta jarri, eta gure udalerrian indarkeria sexista jasaten duten neska gazteengan zentratu nahi dugu kanpaina. Aurtengo kanpainaren leloa hauxe da: Beldur barik. Gazteak, berez, ez dira beldur, baina beldurra izaten ikasten dute; horregatik, baliabideak eman behar dizkiegu eta ahul bihurtzen dituzten ezaugarriak identifikatzen irakatsi. Hori eginez,indarkeriaren prebentzioan ari gara lanean.
Indarkeria fisikoaz gain, indarkeria sinbolikoa ere kontuan hartu behar dugu: ez da ikusten, baina horren bidez beldurra sortzen da emakumeengan. Indarkeria mota horren bidez, neska gazteek egoera desberdinak bizitzen ikasten dute, emakume izate hutsagatik.
(...) Ezin dugu beste alde batera begiratu: gazteei baliabideak eman behar dizkiegu, jarrerak eta ekintzak ezagutu, antzeman eta aldatu ahal izateko, indarkeriak biktima gehiegi izan dituelako jada.
Andoaingo Udalak konpromisoak hartu ditu. Neska gazteei ahultasunari aurre egiteko baliabideak emateko programak garatuko ditu, boterea hartu dezaten errazteko; eta mutil gazteekin ere lan egingo du, jarrera sexisten prebentziorako eta erasoen aurrean jarrera aktiboa hartu dezaten.
Horretaz guztiaz jabetuz, Andoaingo Udalak konpromisoa hartzen du, bere eskumenen baitan eta indarrean dagoen legedia aplikatuz, udal politika aktiboa, integrala eta koordinatua garatzeko, berdintasunaren alde eta emakumeenganako indarkeriaren kontra. Arreta berezia jarri nahi du gazteenganako indarkerian, horien partehartze aktiboa lagun.
Horretarako, ekimenak jarriko ditu martxan neska gazteei ahultasunari aurre egiteko baliabideak emateko, boterea hartu dezaten errazteko; eta gure herriko mutil gazteekin ere lan egingo du, jarrera sexisten prebentziorako eta erasoen aurrean jarrera aktiboa hartu dezaten animatzeko.
Bestalde, herritarrei gonbidapena egin nahi diegu, bereziki herriko neska eta mutil gazteei, azaroaren 25ean, hau da, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunean egingo diren jardueretan parte hartzeko.
[BIDEOa: www.aiurri.com]
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!