Xabier Fondon, Andoaingo Gaztetxeko asanbladako kidea:

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko aza. 19a, 14:50

Gaztetxe zaharra ez zuen ezagutu, 17-18 urterekin hasi zen lagunartean.

XXV.urteurrena ospakizun borobila da. Aurrekoetan baino lan gehiago hartu al duzue?
Xabier Fondon. Aurtengoari dagokionez hilabetea hartu dugu prestatzeko. Talde lana izan da, kontzertuak lotzeko ardura batzurena izan da, kartelak eta pankartak egitea beste batzurena, barrako taldeak lotu bestalde...

Nola dago antolatuta asanblada?
X.F. Asteazkenero 19:30ean biltzen gara, guztiz irekia da. Edariak, dirua, musika... alor ezberdinak aztertzen dira. Garbiketa lanak ere denon artean egiten ditugu.
Kanpotik datozen eragile ezberdinei ere ahal den heinean laguntza eskaintzen diegu ekimen ezberdinak bertan egiten dituztenean.

Aurtengo egitarauari begira zer nabarmenduko zenuke?
X.F. Larunbat honetakoa egun polita izango da, eguna poteoan hasiko dugu eta ondoren bazkaria izango da. Bazkalostean azken lau urteotako irudiak eskainiko dira. Bertsolariekin gozatzeko aukera ere izango da.
Gauean, bereziki urteurrenerako bildu den %30 taldeak kontzertua eskainiko du. Andoaingo talde mitikoa da eta urteurrenean jotzeko bat egin dute berriro. Polita izango da, bai.

Atzera begira, Andoaingo Gaztetxeko zure lehen erreferentzia zein da?
X.F. Lagunartean sartu ginen. Lotsaz aritu ginen hasieran, ez genuelako inor ezagutzen. Gutxinaka gutxinaka hor murgildu ginen... aisialdian eskaintzen ez dena Gaztetxean aurki daitekeelako.

Gogoan duzun kontzerturen bat?
X.F. Duela urte batzuk No Means No taldeak emandakoa. Kanpotik jende asko etorri zen. Zoritxarrez, saioa amaitu aurretik, Ertzaintzak gaua izorratu zuen. Haien jarreraren ondorioz, zaurituak eta atxilotuak izan ziren. Hori eta gero, bizilagunen eta herritarren babes handia jaso genuen.
Gogoan duzun ekitaldiren bat?
X.F. Aipatu dudanaren harira, Gaztetxea kalera ateratzea erabaki genuen eta festatxoa egin genuen Zumea plazan. Oso gauza polita izan zen, besteak beste, haurrentzat jolasak eta bazkaria egin zirelako.

Zure ustez, zein ekarpen egiten dio Gaztetxeak herriari?
X.F. Udalak gazteei eskaintzen ez diguna Gaztetxean aurki daiteke. Musika alternatiboa eskaintzeko gunea da. Udalak erakusten ez duen hori Gaztetxean topatzen da.
Gune irekia da, edozeini irekia. Mugarik ez dago: DJak, punk musika, rock-a...
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!