Jone Otaegi: “Zorionez, talde sendoa sartu berria da"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko aza. 19a, 14:49

Jone Otaegik (Arrasate, 1982) Gaztetxe berriaren historia gehientsuena bizi izan du.

Gaztetxoegia izango zinen Gaztetxe zaharraren garaian…
Jone Otaegi: Gaztetxe hartara hiru lau aldiz bakarrik sartu nintzen. 13 urterekin, lotsagatik-edo kuadrilakoak ez ginen ausartzen sartzera. Baina Kitto gazte kolektiboak antolatzen zituen olinpiadetan antzeztu edo abestu ere egin behar izaten zen, eta haiei esker sartu ahal izan ginen Gaztetxean.
Hala ere, kontzertu mitiko haien garaia zuzenean ezagutu ez izana, bizitzan geratzen zaizun pena handi horietakoa da niretzat.

Gaztetxe berriaren sorrera, ordea, gertutik ezagutu zenuen.
J.O.: Eraikuntza lanak hastearekin batera hasi ginen bertako dinamikan parte hartzen. Nik 18 urte izango nituen orduan. Proiektu berria zen eta gazte ugari biltzen ginen asanbladetara edo ekintza puntualetara.

Ilusio izugarria izango zenuten…
J.O.: Pentsa zenbatekoa! Mundu berri bat irekitzen baitzen guretzat. Egoitzan bertan dena zegoen egiteko eta auzolanak asko funtzionatzen zuen. Ofizioa zeukanak horixe jartzen zuen, eta gainerakoek eskua luzatzen genuen laguntzeko.
Aldi berean, Gaztetxea ekitaldiekin ere bete behar zen, eta makina bat proiektu proposatzen ziren: liburutegia, eskalatzeko horma, kontzertu sorta…
Harrezkero une gozoak eta mikatzak bizituko zituen Gaztetxeak, ala?
J.O.: Leku guztietan bezala, anitza izaten da jendearen konpromisu maila, eta bolada indartsuagoak eta makalagoak suertatzen dira. Orain hiru-lau urte larri ibili ginen, belaunaldi berriak ez baitziren hurbiltzen lekukoa hartzera. Kontzertuetara eta jendea etorri bai, baina gero eguneroko dinamikara apenas! Etxe azpiko lokalen modak ere akaso min egin zigun... Zorionez, talde sendoa sartu berria da, gogotsu ikusten da eta zaharragoak erlaxatu egin gara.   

Haurren munduari begira ere jarri da gaztetxea azken urteetan…
J.O.: Bai, arrakasta handia lortu duten ekitaldiak antolatu dira; lehengo eguneko Porrotx pailazoarena adibidez. Gaztetxeak bere historian zehar ez du fama ona eduki zenbait girotan; fama hori zabaldu egin da barruko dinamika ezagutu gabe, zenbaitentzat tabu moduko zerbait bihurtu arte. Etxean ere niri esaten zidaten lehen ea zertara joaten nintzen Gaztetxera. Aurriritziek lan asko egiten dute, baina gero, haurren emanaldia dela eta adibidez, etortzen zaizu inoiz zapaldu gabeko jendea, eta inpresio ona jasota itzultzen da etxera.

Herriari eta gazteei Gaztetxe berriak ze ekarpena egin diola uste duzu?
J.O.: Ezinbesteko erreferentzia izan da musikan ez ezik beste kultur diziplina askotan ere Andoainen. Kultura egiteko leku alternatibo eta askea izan da halaxe nahi izan duten gizarte taldeentzat. Eta gainera, kultura eskaini digun tokia izan da gazte askorentzat.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!