Saskibaloian nondik eta nolatan hasi zinen jokatzen?
Mikel Esnaola: Duela gutxi, hiruzpalau urte. Amak esan zidan ea saskibaloian jokatu nuen. Hernanin hasi nintzen, proba moduan egun batean entrenatzen eta ikusi nuen gustukoa nuela. Segitu nuen eta orain arte, ez dut arazorik izan. Saskibaloia gustukoena dudan kirol jarduera da. Ez nuke ezergatik aldatuko.
Zer gertatu da hiru urteotan, Euskadi mailan txapeldun izan eta urtarrilean Euskadiko Selekzioarekin jokatzeko aukera izateko?
M.E.: Saskibaloian jolasten azkar ikasi dut eta zorte handia izan dut. Lehenengo urtean, Gipuzkoako Selekzioan hartu ninduten baina ez nuen zorte gehiegi izan, ez bainuen ezagupen handirik. Aurten, Euskadiko Txapelketa irabazi ostean, ia zortea dugun Espainiakoan ere.
Hurrengo hi hilabeteak zuentzat prestakizun hilabeteak izango dira?
M.E.: Federazioak dio, igandero entrenamendu saioak egongo direla. Deialdiak egiten ari dira. Jokalari asko ari dira hartzen eta hortik aukeraketa egingo dute. Bertan egotea espero dut. Bi aste barru, hartzen banaute, Asturiasen torneo bat jokatuko da, taldea ezagutu eta ondo moldatzen joateko.
Albisteak zuen taldearentzat ere bultzada handia suposatuko zuen?
M.E.: Esfortzu fisiko handia, entrenamenduez gain. Larunbatetan partidak daude, igandetan ere entrenamendu saio gogorrak izaten dira goiz eta arratsaldez. Eta gainera eskola. Gogorra da.
Denera ailegatzeko zer moduz moldatzen zara?
M.E.: Ondo, baina hobeto egin daiteke.
Zenbat neurtzen duzu?
M.E.: 1,95 m.
Hamabost urterekin, saskibaloirako ezin egokiago?
M.E.: Bai, eta altu iristea espero dut.
Senitarteko kirolari dezente dituzu. Zer aholku eman dizkizute eta nola bizi dute hau guztia?
M.E.: Ama saskibaloi jokalari oso ona izan zen, eta berak aholku asko ematen dizkit partidak hasi baino lehen, bukaeran, nola jolastu dudan, zer hobetu dezakedan… Aita ere atzetik dabil, gomendioak ematen. Eskerrak ematen dizkiet nola ari diren portatzen nirekin. Partidak ikustera joaten dira eta denbora nirekin pasatzen dute.
Urnietan saskibaloi talderik ez egotea faltan botatzen duzu?
M.E.: Nahiago nuke Urnietan saskibaloiko talde bat izatea, kirol jarduera ezagutzeko. Edozein taldera joan ninteke, gertuenera joaten naiz, Hernanira. Zortea izan dut, talde ona da, lehiakorra, eta asko egin dezakegu. Urnietan ere lor liteke, baina nahiko zaila da. Hemen gehienek futbolean jokatzen dute. Saskibaloiko talde bat osatu liteke, baina horretarako lan egin behar da.
Etorkizuna nondik bideratu nahi zenuke?
M.E.: Nire adineko edozein pertsonari urruti iristea gustatuko litzaioke, baina denborak esango du. Saskibaloian segitu nahi dut, baina ikasketa edo saskibaloiaren artean, ikasketak aukeratuko ditut. Saskibaloia, bigarren.
Inoiz jokalari izateari uzten badiozu, beste posturen batetik saskibaloian jarraitzea nahiko zenuke?
M.E.: Saskibaloia uzten badut, kirol honen inguruan egoten jarraitu nahi nuke. Entrenatzaile bezala nire burua ez dut oso argi ikusten. Asko gustatuko litzaidake entrenatzailea izatea, ez naiz oso aditua arbitroa izateko. Telebista edo irratirako saskibaloiaren inguruan hitz egiteko zerbait egingo nuke. Niretzat saskibaloia dena da.
Zaragozan txapelketa irabaziko bazenu, nori eskaini nahi zenioke?
M.E.: Txapelketa irabazten badut, gurasoei eta anaiari eskainiko nieke. Anaia ni baino askoz hobea izango da saskibaloian. Gurasoak nitaz arduratzen dira, eta beraiei eskainiko nieke.