Bertsolari Txapelketa Nagusia finaletik gertu

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko aza. 19a, 14:47

Aurtengo Txapelketak izango dituen 14 saioetatik 10 burutu direnean, hona hemen final-erdietako lehenengo itzuliko lau saioek emandakoaren eta datorrenaren berri.

MAIALEN LUJANBIO, BERGARAN
Maialen Lujanbiok irabazi zuen Bergarako finalerdia. 1.550 ikusle bildu ziren Labegaraieta kiroldegian. Argi utzi zuen txapelketara gerra emateko asmoz datorrela. Ariketa guztietan, puntu erantzunean izan ezik, hor Aitor Mendiluze izan baitzen onena, bera izan zen puntu gehien lortu zituena. Kartzelako gaiak honela zion: “Argazkilaria zara. Oraintxe iritsi zara gertakariaren lekura eta lanean hasteko unea da”, izan zen gaia. Lujanbiok, Mikel Laboaren “Martxa baten lehen notak” doinua aukeratu zuen eta manifestazio batean kokatu zuen bere burua.

MIREN AMURIZA, GASTEIZEN
Miren Amurizak irabazi zuen Gasteizko finalerdia. 1.500 ikusle izan ziren Europa pabiloian. Saio gorabeheratsua izan zen. Eta bertsolariek lan batean irabazitakoa beste batean galtzen zuten, edo alderantziz. Amurizak, seiko motzera arte ez zuen aparteko lanik egin, nahiz eta txarra ere ez zen izan. Horrela zihoen kartzelako gaiak: "Mezu hau jaso duzu mugikorrean: ez egon nire zain". Amurizak mutil batekin gelditua zegoela kantatu zuen, eta bi ordu zeramatzala zain mezua jaso duenerako.

SUSTRAI COLINA, TOLOSAN
Sustrai Colinak irabazi zuen Tolosako finalerdia. 1.700 entzule bildu ziren Usabal kiroldegian. Espero baino maila baxuagokoa izan zen saioa eta horrek puntu banaketan eragina izan zuen. Honela zioen kartzelako gaiak: "putetxeko aparkalekuan duzu autoa. Oraintxe arrankatu duzu". Sustraik prostitutaren papera hautatu  zuen, eta alaba ikastolara eramateko orduan iritsi zela etxera esan zuen.

AMETS ARZALLUS, HENDAIAN
Amets Arzallusek irabazi zuen Hendaiako finalerdia. 1.500 entzule bildu ziren Beltzenia pilotalekuan. Saio guztietan orekatuena eta mailarik altukoena izan zen. Hori argi ikusi ahal izan zen puntuen banaketan, bertako sei bertsolariak sailkatu ziren finalerdien bigarren itzulirako. Honela zioen kartzelako gaiak: “Etxeko balkoian, salgai txartela zintzilikatzen ari zara”. Ametsek, gaia errealitatera eramanez kantatu zuen, Sara herrian duen bere etxeari buruz, alegia.

FINALERDIAK
Final erdietako lehenengo itzuliko 18 onenak ariko dira bigarren itzuli honetan. Horietatik punturik gehien lortzen duten lehenengo zazpiak, abenduaren 13an Barakaldoko BECen jokatuko den finalean izango dira, zuzenean sailkatuta dagoen Andoni Egaña txapeldunarekin batera. Honela gelditu dira final-erdietako bigarren itzuliko hiru saioak:

AZAROAK 21, LARUNBATA
Gernikako Jai-Alai pilotalekuan: Miren Amuriza, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Jone Uria, Igor Elortza, Jon Martin.

AZAROAK 22, IGANDEA
Iruñako Anaitasuna pabiloian: Amets Arzallus, Aitor Mendiluze, Julio Soto, Iñaki Zelaia, Onintza Enbeita, Unai Iturriaga.

AZAROAK 29, IGANDEA
Donostiako Antonio Elortza belodromoan: Uxue Alberdi, Maialen Lujanbio, Jon Maia, Aitor Sarriegi, Arkaitz Estiballes, Iñaki Gurrutxaga.

BERTSOSARRERAK.EU
Saio guztiak 17:30ean hasiko dira. Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eu web gunean, 12 eurotan helduentzat (9 euro bazkideek) eta 4 eurotan 16 urte arteko gazteentzat. Abenduaren 13ko finalerako sarrerak, autobus eta bazkari txartelak, Andoainen, Ganbara tabernan; Urnietan, Kantoi tabernan. Finalerako sarreren prezioak: helduak 26 euro, bazkideak 18 euro eta 16 urte arteko gazteak 6 euro. Finalerako autobusaren prezioa, 12 euro. Bazkaria, 20 euro. Bazkaria etxetik eraman nahi dutenentzako, 3.000 lagunentzako aulki eta mahaiak prestatuko dira.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!