Lontxo Oihartzabalek Donostian egin zuten agerraldian adierazi zuenez, “Ekimen hau espontaneoa da guztiz, edozein erakunde, elkarte edo programatik at”. Auzipetuekiko elkartasun aktiboa izateko unea iritsi dela gaineratu zuen, “elkartasun testimonialetik harago joatea ezinbestekoa da”.
Laster jakinaraziko dute zein izango den kontu korronteko zenbakia. “Dei egin nahi diogu euskal gizarte osoari Egunkaria-ko auzipetuekin elkartasuna izan dezan eta, bereziki, auzi honen gastuak finantzatzen lagun dezan”.
Laster hastekoa da Euskaldunon Egunkariari buruzko epaiketa -oraindik ez dute zehaztu eguna. Gogoratu beharra dago Espainiako Auzitegi Nazionalak itxi zuela egunkaria, 2003ko otsailaren 20an. Bost auzipetu daude itxierari buruzko kasuan, ETAko kidetzat jota: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Txema Auzmendi eta Xabier Oleaga. Fiskalak auzia artxibatzeko eskatu zuen arren, Auzitegi Nazionalak epaiketa egitea erabaki zuen.
Bost horientzat 12 eta 14 urte arteko kartzela zigorrak eskatu dituzte.
Auzi ekonomikoa ere badago, eta hor Torrealdai, Uria eta Auzmendi ere badaude auzipetuta, beste bost lagunekin batera.
BILKURA andoainen, azaroaren 25ean
Lontxo Oihartzabal eta enparauen ekimenaz gain, Euskal Herri osoan ekimen ugari sustatzen ari dira epaiketaren harira. Horien artean, Egunkariko langile ohi batzuk Andoainen lantaldea osatzeko deia luzatu dute. Lehen bilkura azaroaren 25ean izango da Andoainen, asteazkenarekin. Iluntzeko 19:30ean Urigain Kultura Etxean. Deialdia irekia da.