Herriko gune jakin batean edota herri guztian aritzen zara?
Rosario Lorenzo: Gainontzekoak gune jakina dute, eta ni uneko beharren arabera aritzen naiz. Batez ere erratz mekanikoarekin, baina beste batzuetan ur-depositua duen furgoneta hartzen dut eta presiozko pistolarekin espaloiak garbitzen aritzen naiz; eta beste batzuetan kamioitxoarekin ere ibili beharra izaten dut besteek pilatutako zaborra jasotzen.
Langileen kopuruan eta lana egiteko moduan aldaketarik izan al da hasi zinenetik?
R.L.: Duela zazpi urte baino langile bat gehiago gaude orain, baina herria ere handitu egin da eta ondorioz lan gehiago dugu. Bitartekoen ikuspegitik orain hobeto gaude. Makinaria gehiago dugu eskura eta horrek berekin dakar denbora berean lan gehiago egitea. Lan askoko garaietan hori nabaritzen dugu. Ni hasi nintzenean bezala ari beharko bagenuke orain, horrenbeste plaza eta gune berrirekin ezingo ginateke iritsi denera.
Denera behar bezala iristerik izaten al duzue?
R.L.: Hortxe-hortxe ibiltzen gara. Egunak izaten dira, batzuetan ondo iristen gara denera eta beste batzuetan ezinean ibiltzen gara.
Nolakoa da zure lan egun arrunt bat?
R.L.: Goizeko 6:30ean hasten gara lanean, beraz ilunpean hasten naiz erratz mekanikoarekin. Ondoan izaten dut haizegailuarekin doan lankidea. Lehenengo Erratzu industriagunetik hasten naiz, gero herrigunera sartzeko. Eta hemen ibiltzen naiz herrian zehar eguerdiko 13:30ak arte astelehenetik larunbatera.
Beraz, kale garbitzaileen ezaugarri nagusia izan den erratza desagertze bidean da.
R.L.: Erratza mekanikoak oso ondo garbitzen du baina betiko erratza ez dela galduko uste dut. Makina iristen ez den eskailera eta txokoetarako erabiltzen jarraitzen dugu.
Zein izaten da lanik gehieneko urtaroa?
R.L.: Udazkena, hostoen erorketarekin batera lan asko izaten dugu. Eta udan ere bai, umeek oporrak dituztenean kalean denbora gehiagoan egoten dira eta zikinkeria gehiago pilatzen da.
Eta Sanmieletan?
R.L.: Jaiak bukatzeko desiratzen egoten gara. Jai-guneetan zabor asko botatzen da lurrera. Jendeak kalean edateko ohitura du, eta botilak zakarrontzira bota ordez lurraren kontra bota eta hautsi egiten ditu sarritan. Aurtengo Sanmieletan, erratz mekanikoarekin goizean lanean hasi nintzenean, gau-pasa eginda oraindik festan zebilen jendeak botilak eta basoak botatzen zizkidan makinaren kontra, beste gune batera alde egin beharra izan genuen.
Nahiko paperontzi ba al dago Urnietan?
R.L.: Asko puskatzen dituzte, baina nik behar adina badaudela esango nuke, behar bezala erabiliko balira…
Umeek, gaztetxoek erabiltzen al dituzte?
R.L.: Ez da gaztetxoen kontua bakarrik. Nik ikusten dudanaz hitz egin dezaket, eta heldu askok dendatik atera orduko erosketa tiketa lurrera botatzen dute. Eta gaztetxoek ikusten dutena ikasten dute.
Ikastetxeetan egiten den kontzientziazio lana zertan geratzen da?
R.L.: Baina gero etxean zer? Azkenean nahi dutena eginez bukatzen dute. Eta taldean daudenean denak egiten dutena eginez bukatzen dute, hau da paper eta plastikoak lurrera boteaz.
Lan gehien ematen dizuen herrigunea?
R.L.: Gune batzuk ez dute egunero pasatzeko beharrik, baina adibidez Etxeberri plaza egunero pasa beharrekoa da, eguraldi ona denean erruz zikintzen da eta hori paperontzi ugari bertan egonik.
Zakurrak?
R.L.: Jende asko dago zakur kakak jasotzen dituena, baina hala ere asko dira jaso gabe uzten dituztenak. Poltsatxoekin zakarrontziak jarriko balira agian zakur-jabeak gehiago kontzientziatuko lirateke. Ikusteak berak uste dut lagundu egiten duela.
Negua gogorra da?
R.L.: Hotza eta euria elkartzen direnean oso gogorra. Orain makinarekin ondo ibiltzen naiz baina kale gorrian aritzen nintzenean oso gaizki pasatzen nuen.
Hostoak konposta egiteko erabiltzen al dira?
R.L.: Ez. Hostoak beste hainbat zaborrekin nahastuta egoten dira. Konposta egiteko lehenengo banandu egin beharko lirateke.
Baloratzen dute zuen lana?
R.L.: Zerbait esatera hurbiltzen direnak badirudi baietz, baina denetik egongo da.
Zaborra jasotzeagatik kobratzen dena garestia da?
R.L.: Dena bezala ordaindu egin behar da, eta noski, ordaintzea ez zaigu gustatzen.
Lan honetan aritzeak zure etxeko zaborra sailkatzerakoan kontzientziatuagoa egotea ekarri dizu?
R.L.: Aurretik ere zaborra gaika banatu izan dut, baina noski, orain zuzenean bizi dudan zerbait izanik askoz ere kontzientziatuago nago.
Zergatik hain emakume gutxi lanbide honetan?
R.L.: Lankide guztiak gizonak dira baina giro ona dugu gure artean. Hasi berritan batek esan zidan ez nuela aguantatuko lanbide honetan, baina ez zait iruditzen emakumeentzako lan bereziki gogorra denik, denborarekin gehiago egongo dira.
Gizarteak gaur egun nola ikusten du lan hau?
R.L.: Asko aldatu da gizarteak lan honekiko zuen ikuspegia. Lehen, kale-garbitzaile izatea azkenetan azkeneko lana zen, beste lanbide guztien atzetik zegoena bezala kontsideratzen zena. Orain, beste edozein lan arrunt bezala ikusia dago.