TELEFONISTAREN SEMEA
Joxe Kamioren aita Telefono Elkarteko alanbraria zen. Lan talde edo brigadak izaten ziren kanpoko lanak egiteko, eta postu bat herriko telefonoen martxa kontrolatzeko. Eta Bergarako postua libratu zenean hara bidali zuten Joxeren aita. Ezkonduta ere han jarri zen bizitzen. Baina, 1922. urtean Urnietako Babiloni baserrira itzuli eta Urnieta, Hernani, Astigarraga, Lasarte, Usurbil, Arano eta Goizuetako telefono lineak konpondu eta berriak jartzen aritu zen.
BABILONIN JAIOA
Joxe Kamio Larrañaga, Urnietako gaur egun Idiazabal kalean kokaturiko Babiloni baserrian jaio zen 1928ko otsailaren 6an. Aita, Joxe Mari, Oztaran auzoko Portxeta baserrikoa zen, ama berriz, Elorriokoa. Joxe, lau seme- alabetatik hirugarrena zen eta 1936ko San Tomas egunarekin familia osoa Hernanira joan zen bizitzera. Lantokiarekiko gertutasunagatik joan ziren hara. Izan ere, telefono lineentzako posteak Hernaniko Atsegindegi ondoko biltegi batean edukitzen ziren, eta bizkarrean eraman behar izaten zituzten zegokion lekura.
SOLDADUSKA
Joxe gaztetxo zela, landaregintzan aritu zen Pagolarekin eta gero tarte batean, aitarekin telefono konpainian. Hogei urterekin Oiartzungo Arkalera soldaduskara joan zen arte. Han ere, inguruak zainduz, landareekin lanean aritu zen, eta badirudi lan horretarako esku oso ona zuela eta komandante bat txoratuta zeukala bere lan egiteko moduarekin. Egoera hori aprobetxatuz, edozein garaitan kuarteletik atereaz zebilen. Egun batez, Joxeren jokabidearekin haserre zegoen ofizial batek zartako bat eman zion, baita Joxek itzuli ere. Eta ihesari eman zion.
MUGAZ BESTALDERA
Denbora tarte batean hemen ibili bazen ere, mugaz beste aldera pasa eta Landetan basoan lanean aritu zen. Hendaian bizi eta bertan hil zen Iñaxio Barkaiztegi urnietarraren lagun mina egin zen. Hark laguntzen zuen. Baina “eskua bota zioten”, eta harrapatu zutenean Frantziako legiora joan beharra izan zuen. Legiora joan edo hona kanporatu zuen aukeran, eta legiora joatea erabaki zuen. Edozer egiteko prest zegoen hona ez etortzeagatik.
INDOTXINA ETA ALGERIA
Frantziako legioarekin, Indotxina eta Algeriako gerretan ibili zen. Indotxinako gerran (1946-1954) kanpoko 47.000 soldadu hil zituzten, eta Algeriakoan (1954-1962) 30.000 soldadu frantsesek galdu zuen bizia. Joxe onik atera zen eta Algeriako gerra bukatu eta legioa utzi ondoren Frantziako nazionalitatea eman zioten. Behin paperak lortuta, ama eta familia bisitatzera hona etortzen hasi zen; abokatu baten bidez soldaduskan egindakoagatik jaso zezakeen zigorraren indultua ere lortu baitzuen.
HENDAIA
Taberna batean zerbitzari lanetan aritu ondoren, tailer batean egin zuen lan erail zuten arte. Ezkondu ere egin zen, aita Zumaiakoa eta ama frantziarra zuen Tere Osarekin, eta Hendaian jarri ziren bizitzen.
Hendayais tabernan hegoaldeko jende asko biltzen zen, Joxe ere bai, eta hil zutenean ere hantxe zegoen eserita. Jean Pierre lagunarekin kartetan jolasten ari zen. Eta biak hil zituzten. Beste hamar lagun balaz zaurituak izan ziren. Leihoko kristala puskatu eta handik egin zituzten tiroak metrailadorearekin. Hiru hiltzaileak mugaraino etorri ziren segituan, eta pasatzen utzi egin zieten. Manuel Ballesteros komisarioa, kondenatua izan zen atentatugileen izenak ezkutuan gordetzeagatik, baina berehala jaso zuen indultua.
Joxe Kamio Hernaniko hilerrian lurperatu zuten. Alarguna eta seme-alabak utzi zituen. Alex, semea kanpoan izaten da; Tere, alarguna, Mari Nöelle, alabarekin batera Donibane Lohitzunen bizi da.
LUIS KAMIO
Luis, Joxeren anaia zaharrena Bergaran jaio zen 1922an. Bi hilabete zituela Urnietara bizitzera etorri zen gurasoekin batera, eta 14 urterekin elektrikari moduan hasi zen lanean. Garai haietan herriko argindar linea udalarena zen, eta aurrez Paulo Arruarterekin laguntzaile moduan ibilia zen, hura alkateak bota zuen arte. Ondoren Izarrekoa aritu zen, eta hark utzitakoan berari deitu zioten. “Aitari esan zioten, lehen ere ibilia nintzela eta berri bat hartu artean ea joango ote nintzen. Han ibiltzen nintzen bizikletan batera eta bestera, posteetara igo eta aberia ugari konpontzen; 1941 arte lan egin nuen”.
“Orduan, Juan Bautista Aierbe sekretarioak deitu eta nire postua hartuko zuen langile berriari lana erakutsi eta handik hiru hilabetetara alde egin beharko nuela esan zidan. Ez zela udaleko kontua, Madrileko ministeriotik etorritako agindu bat baizik. Frankorekin gerra garaian ibili zirenak hartu behar zituztela horrelako (funtzionario) postuak”.
“Hiru hilabete barru ez, gaur bertan joango naiz, erantzun nion, eta kontua eskatu eta egun berean ospa egin nuen. Zaldundegiko Margarita zen orduan udaleko diruzaina”.
Ondoren, 47 urte egin zituen ferreteriako bisagrak eta abar fabrikatzen zituen Hernaniko Antziola auzoko Snoeder enpresan. Ezkondutakoan Andoainen jarri zen bizitzen, eta orain, 87 urteak ondo beteta, eta osasuna lagun, baratzeko lana du bere afiziorik kuttunena.