Zilegi mendien salmentaren 50. urteurreneko ekitaldiak Urnietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko aza. 19a, 14:12

Azaroaren 25ean Zilegi mendien historiari buruzko hitzaldia eskainiko du Luis Mari Zalduak. Aurrez Aiurrirekin egoteko tartea hartu du.

Egitaraua 

Zilegi mendien lehenengo aipamenak noizkoak dira?
Luis Mari Zaldua:
Naiz eta zuzenean aipatu ez, 1118. urte inguruko agiri batean Urumeako 15 sarobe aipatzen dira, horietako batzuk Urnietakoak, Legarralde, Zuloeta... Eta sarobeak aipatzean, Zilegi mendiak ere bazirela esan nahi du. Sarobeak beti Zilegi mendien barruan izaten zirelako. Izen horrekin, XIV-XV. mendean aipatzen dira Urumeako Zilegi mendiak. Donostiak eta Hernanik mende hartan Zilegi mendien barruan zenbait esparruren banaketa egin zuten. Artean, Urnieta ez zen hiri bat, horrek esan nahi du garai hartako Urnietako Zilegi mendiak, Urumeako Zilegi mendien barruan zeudela.

1615. urtean Urnietak hiribildu  izatea erdietsi zuen…
L.M.Z.:
Bai eta egin zuten lehenengoetariko gauza izan zen Urumeako Zilegi mendietan bere erabakitzeko eskubidea eskatzea. Hernanik eta Donostiak ez zioten eman nahi. Hala ere 1671.urtean hasi ziren zatiketa egiteko negoziazioak eta 1683. urtean gauzatu zen. Honako banaketa egin zen: Donostia, 4 zati;  Hernani, 3 zati;  Urnieta 2 zati. Urnietako behin betiko mugak orduan jarri ziren.

Norena zen XII. mendean aipatzen ziren sarobeen jabetza?
L.M.Z.:
Iruñeko katedralarena. 1516. urtean saldu egin zizkion Donostia eta Hernaniri.  

Zein da Zilegi mendien eta herri-lurren arteko diferentzia?
L:M:Z.:
Herri lurren jabea Udala da, eta Zilegi mendiena herritarrak zuzenean. Baina Udalaren itzala Zilegi mendietara ere iristen zen. Udalei Zilegi mendien barruan aitortzen zitzaizkien isiduak (erdarazko ejido) deituriko lur sailak. Normalean mintegi bezala edo egurretarako erabiltzen zituzten. Eremu haietan herritarrek ezin zuten sartu. Urumeako Zilegi mendietan XVIII. mendean desagertu ziren 5 ixidu edo herri-lur sail baziren.

Urnietan ba al zen horrelako lur sailik?
L.M.Z.:
Amunolakoa, baina  Donostia eta Hernanirena zen eta Urnietatik kanpo gelditu zen. Donostia eta Hernani hiribildu indartsuak ziren. Urnietako mugak Andoain aldera zentzu geografiko bat badute, baina gune horretako muga ez da batere logikoa; horrexegatik du Urnietako mapak takoidun bota baten itxura.

Eta Saroberik?
L.M.Z.:
Urumeako Zilegi mendietako sarobeak, Donostiak horrela eskatuta, eta Hernaniko nahiaren kontra, XVIII. mendean banatu eta zatitu egin zituzten. Batzuk Donostiarentzako eta beste batzuk Hernanirentzako. Urnieta sarobe banaketa horretatik kanpora gelditu zen, ez zeukalako bererik.

Sarobeen funtzionamenduaz zer esango zenuke?
L.M.Z.:
Sarobe bat berez eskubide bat zen. Eskubidea zeukanaren ganaduak, nahi zuen tokian larratzeko eskubidea zuen, baina gauerako bueltatu behar zuen bere sarobera, (“de sol a sol”) deituriko eskubidea. Zilegi mendietako sarobeen ustiapena herri inguruko jendeak edukitzeko modu bat zen; sistema horrek urruti zegoen hazienda etortzea oztopatzen zuelako. Ekonomiaren oinarri inportante bat zen abeltzaintza. XIV. eta batez ere XV. mendetik aurrera burdinolek indar handia hartu zuten arte. Orduan ekonomi aldetik pisua eta indarra hartu zuten sarobeen barruko arbolak eta guneak berak. Ondorioz, sarobeak eskubide izatetik propietate izaten hasi ziren. Kontuan izan behar da burdin tona bat egiteko 50 tona egur behar zirela.

XIX. mendean, zer nabarmenduko zenuke?
L.M.Z.:
Donostia eta Hernaniko Zilegi mendiak saldu egin zituzten mende horretan eta Urnietakoan oso data inportantea 1868. urtea da. Orduan herritar batzuk Urnietako Zilegi mendiak euren izenean inskribatu baitzituzten jabetza erregistroan. Estatua lur sail horien gainean egiten ari zen presioak sortu zien beldurrak mugituta, eta  1837. urteko karlistadan herria birrindu eta ondorengo berregite horretan goierritar ugari etorri zela ikusita, erabaki hori hartu eta gauzatu egin zuten.

Eta XX. mendean?
L.M.Z.:
Mendearen hasieran egon ziren saltzeko saiakera batzuk, baina ez saltzea lortu zen. Gerra zibilaren ostean, berriro Estatuaren presioa hasi zen errendimendu handirik ematen ez zuten guneak eskuratu nahian. Ordurako, mendiak gehiegi ustiatuak zeuden, eta insignis pinuaren kultura ere puri-purian zegoen. 1950. urte inguruan sekulako pinu landaketa egin zuten, baina 1956. urteko otsaileko jelateak dena galdu zuen, eta saltzeko kontua berritu zen. Aurreneko bozketan ez saltzearen aldekoa izan zen erabakia, baina azkenean 1959. urtean saldu egin zuten. Horrela, antzinako Urnieta nekazari eta basotarra galdu eta bide eman zion Urnieta industrializatuari, urte hori mugarri bat izan zen herriaren historian.

Zer galdu zen Zilegi mendien salmentarekin?
L.M.Z.:
Gure ondare kulturalaren zati bat. Aralarko Mankomunitateak aurten beteko ditu 600 urte, eta Altzaniakoarekin batera erlikia bat da. Saldu ez balitz Urnietakoa izan zitekeen hirugarren erlikia.

Nola daude mendi horiek gaur egun?
L.M.Z.:
1986. urtean Diputazioak erosi zituen. Gaur egun, zati bat Urnietako Udalarena da eta zatirik handiena Diputazioarena. “Monte de utilidad pública” da, baso babesgune moduan. Basoak berreskuratzen ari dira, lan izugarria egin da. Eta Diputazioak Zilegi izana hori oso kontutan hartzen du, bertan zer egin erabakitzeko orduan. Etorkizun ona ikusten diot.

Zer ikusiko du azaroaren 28ko ibilaldira joaten denak?
L.M.Z.:
Zilegi mendien nondik norainokoa (hedadura, mugak, mugarriak...) ikusi, baita saroberen bat ere. Normalean jendea joaten ez den tokietara joango gara (Amunolara, Gorostarbera...). 1683. urteko Urnieta eta Hernani arteko SS jartzen duen mugarri bat ere ikusiko dugu.
 

Bertso berriyak Urnietako Zilleri-mendien gaian jarriak                                                                                     

I
Gure Zilleri-mendik
al guaz saltzera?
Aurretikan kontuak
ongi atera!
Ez dakit zertarako
ori egitera,
ez balegoke beste
ezerren aukera;
diru-zale gera,
euskaldunen era,
baguaz galtzera,
ez behintzat eltzera,
besteren eskuetan
danak jartzera.

II
Erriko semientzat
utziyak izanik,
jaiotzekuak asko
daude oraindik;
nola saldu litezken
ezin ulertu nik,
bañan ez det ikusten
ondoren gauz onik;
bada zer esanik,
ez dago gizonik,
miña artzen duanik,
sentidu dutenik;
ixtimatzen ez degu
guria izanik.

III
Mendiyak jarri giñun
txit oso ederki,
piñua aldatuaz
bertan galanki;
jela batzuk eginda
ondatu bai aurki,
bestela ondo giñan,
ez beldur eduki;
orain erabaki
saltzia egoki,
zenbatez nork daki?
Diruaz galanki…
Gastatzeko ona da
Alkain Iñaki.

IV
Nola gañera saldu
daukagu jakiña
badegu paper zar bat
gaizki egiña;
gazteari dirua
kentzeko alajaña,
gure buru aundiyak
non dabiltza, baña?
Auxen da zikiña,
ez da atsegiña,
degu utsegiña.
Astindu mingaña,
bestela etorriko da
onen ordaña.

V
Emezortzi urterekin
sariya artzen asi,
bitartian az al du
ezer nagusi?
Guk, zarrak, berriz orain
mendik saldu-azi,
guztiaren gogorik
ez degu ikusi;
au dago itsusi,
al dute merezi?
Askoren malezi,
azkar galerazi…
Komeni zaigunarekin
nai degu bizi.

VI
Batzuek mutil zarrak
bestiak alargunak,
eta beste batzuek
dira aitonak,
aita batzuek berriz
seme eztutenak;
nor bereari eltzen
baditugu lanak;
zeiñ geraden onak?
Berdintsuak danak,
ikusten diranak,
biñipin geienak,
bañan lege batzuek
daude zuzenak.

VII
Gauza ola dago ta
gu nola konpondu?
Al balitzake alkarri
begiya kendu!
Oker dagoen gauza
guk nola zuzendu?
Ikasi biarrian
lenguak atzendu;
ez gerade ondu,
batzuek gailendu,
izanikan mundu
txartuta berandu;
azkenian gazteaidi
diyegu eldu.

VIII
Gazteak zer kulpa du
izana jaiotza?
Guk eginda etorriya
dago ununtza;
gaxo izan ezkero
gurasuan lotsa,
ez badu dirurikan
oso kontu motza;
guk jarri mudantza,
lege bat zorrotza,
degu gaixto-antza,
au da esperantza…
Landare berriyari
beti laguntza!

IX
Arriturikan nago
gizon askorekin,
eta geien-geiena
jauntxo batekin;
ez dakit zer igaro
zaiguan orrekin,
lenago ibiliyak
gera alkarrekin;
orain ola ekin
gazte-kontuakin,
ez arrazoiakin,
nai badute jakin…
Euskera gora leike
olakuakin!

X
Zilleriya saldutzen
oso zail dagola
ezer dudarik gabe
jakin zagula;
asi geradelako
nola edo ala
alkarri pegatuaz,
zer daukagu ola?
Saltzekua bela,
alaxen gendula,
naiko lan badala,
salduko eztala…
Berriz ere lan egin
obe degula!


Iñaki Alkain,1917ko urtarrilaren 6an. Berrasoeta baserrian jaio zen bertsolari urnietarrak 50. hamarkadan jarritako bertsoak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!