Jesusen Bihotzaren mendeurrena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko aza. 17a, 17:45

1909 urtean eraiki zuten Villabonako Jesusen Bihotza eliza. Ehun urte geroago, mendeurrena ospatzeko lanean ari da parrokiako batzordea.

1909 urtean altxatu zuten Villabonako Jesusen Bihotza parrokia, Toribio Albea alkate zela. Jose Alejandro Mujika Tolosako herriko arkitektoak bideratu zituen lanak; Tolosako Berdura plaza, Zerkausia, Gorosabel edota Yurramendiko ospitalea egin zituen pertsona berberak. Orain ehun urteko azaroaren 26a egun handia izan zen villabonatar gehienentzat, ostiral hartan zabaldu baitzituen herritarrentzat lehenengoz ateak elizak eta meza nagusiaren aurretik, festa giroa nagusitu baitzen bezperatik hasita. Garai hartako El Pueblo Vasco egunkariak jakitera ematen duenez, “inaugurazio ospakizunetarako, ostegun arratsaldean herriko bandak, suziri artean kaleak zeharkatu zituen Tomas Arrillaga zuzendaria buru zuelarik”. Ostiral goizean, berriz, herritarren poza izugarria zela aipatzen du antzinako egunkariak, “etxe guztietako balkoi eta leihoak zintzilikarioz apainduta zeuden, itxura koloretsu eta alaia eskainiz. Herrian festa egun handia izan zen eta herritarrak goizeko lehen orduetatik kalera irten ziren jai egunetarako jantzi dotoreak soinean hartuta”. Aipatu egunkariak, gonbidatu bereziei oso harrera beroa egin zitzaiela ere esaten du, “goizeko 08:00etan Tolosatik iritsi zen Jose Cadena y Eleta gotzain txit prestua, Gasteizko katedraleko on Mateo Mujikarekin batera. Kanpai errepika eta suziriekin egin zitzaien ongi etorria”. Inaugurazioko meza nagusia Donostiako San Vicente elizako Jose Sotero Etxeberria apaizak eskaini zuen, besteren artean, Villabonako Gregorio Garmendiak eta Jose Jauregik lagunduta. Mezetan Donostiako Orfeoiak hartu zuen parte. (Ehun urte geroago, mendeurrenean parte hartuko dute azaroaren 28an eskainiko duten emanaldian).

Irekiera eguneko kontu bitxiak
Elizaren irekiera egun hartako aipamenen artean, hainbat kontu bitxi gordetzen dute garaiko egunkariek. XX. mende hasierako elizkizunetan hain ohikoa izango ez bazen ere, “Gotzain aulkian eserita egon zen Mateo Mugika magistralak euskara garbi eta goxoan hitz egin zuen elizkizunean eta bere hizkerak txundituta utzi zituen entzuleak”. Elizkizuna amaitutakoan, danborjoleei jarraiki, udaletxera gerturatu ziren Udal korporazioko kide eta gonbidatuak Tolosako Ageda ostatukoek zerbitzatu zuten otordu ederraz gozatzera. Udaletxeko bi gela egokitu ziren aipamena merezi duen banketerako: “Arkatxongo ostrak, sarrera hotzak, holandar zopa, sarrera beroak, oilagorrak, saltsa tartaraz bustitako lupiak, froi gras-a, Baionako kapoiak, fruta budina eta denetariko postreak”. Otorduaren garai berean jende asko erakarri zuen herriko pilotarien errebote partidak eta dantzari txikien emanaldia izan zen. Herriko bandak jarri zuen dantzarako doinua eta suzko zezenarekin eman zitzaion amaiera egun handiari. Kanpotar ugari etorri zen egun hartan Villabonara eta horren adierazgarri, Donostia nahiz Tolosatik gerturatu ziren jendez betetako trenak.

Organoa eta beste ezaugarriak
Elizako ezaugarrien artean, 1920 urteaz geroztik, Azpeitiko Eleizgarai konpainiak Gipuzkoan jarritako organorik handiena bertan dagoela aipatu behar da: estetika neogotikoa du, gotiko joerako apaingarri tipikoak dituelarik. Elizaren oinplanoak, berriz, gurutze latindar itxura du eta aldare nagusia estilo gotikoko erretaula xumeaz osatzen da. Beste hainbat eskulturen artean, gurutzearekin ordezkatu aurretik, hasieran aldarearen erdi-erdian zegoen eta gerora albo batean jarri zuten Jesusen Bihotzaren irudia aipa daiteke, elizako beste eskultura gehienekin batera, Uribesalgo eskultoreak egin zuena.

Lehen bataiatuak
Elizbarrutiko artxiboek erakusten dutenez, Jesusen Bihotza elizan bataiatu zuten lehen herritarra Crótida Felicia Anastasia Blenner Amengual izan zen 1909ko abenduaren 6an. Zerrendan jarraian ageri diren herritarrak (amasarren bat egon liteke tartean), Maria Concepcion Ortega Alday, Josefa Yarza Sarasola, Maria Gogorza Argote, Maria Jesus Fulgencia Romana Irazu Galarmendi edo Antonio Ezeiza Izagirre dira.

Pietateko Andre Mariaren ermita
Villabonako Jesusen Bihotza eliza eraiki aurretik, eliza nagusia Amasako Tourseko San Martin izan zen eta horren aurretik, Amasako Santa Krutz ermita. Hala ere, villabonatarrek Pietateko Andre Mariaren ermita zuten Berdura plazan, 1594 urtean eraikia. Antzinako eraikin hari buruzko oihartzunak entzun zituzten herritarrek Lumane bildumarako aipatu zutenez, “ermitara jende ugari gerturatzen zen meza entzutera eta txiki geratu zenez, jai egunetan, meza bat baino gehiago emateko eskatu zuten. Meza nagusietara Amasara igo behar izaten zuten villabonatarrek eta Villabonan apaizaren beharrean suertatzen zirenean, denbora luzea igaro behar izaten zuten, askotan, zain. Arrazoi horiek medio, ika-mikak sortu ziren”. Jesusen Bihotza parrokia eraiki zutenean bota zuten Berdura Plazako ermita.

Apaiz ugari
Eliza zabaldu zenetik, apaiz eta apaiz-laguntzaile asko igaro da Jesusen Bihotza elizatik. Hasierako taldea Jose Antonio Muñagorri, Jose Jauregi, Gregorio Garmendia, Jose Antonio Ateaga eta Ignazio Garciak osatu zuten. 30eko hamarkadan Leandro Valero etorri zen eta aurrerago, Mateo Arizmendirekin batera, Sebastian Insausti, Roman Iraola, Jose Baztarrika edo Jose Yanez. Ondoren etorri ziren Epifanio Garmendia edo Jesus Jauregi. Berriagoen artean, Daniel Eskisabel, Felix Alberdi edo Joxan Larrañaga aipa daitezke.

Bittor Gorria, egungo apaiza
Bittor Gorria Arozena berrobitarra da egungo apaiza. Urte eta bi hilabete darama Villabonan. Aurretik leku askoan ibilitakoa da; bai inguruan, Beasainen edo Zaldibian, baita kanpoan ere, Ekuadorren hamar urtez eta aurretik Alemanian bost urtez. Beasaindik Villabonara etorri bitarteko tartean Jerusalem-en izan zen bederatzi hilabetez. Elizaren mendeurrenaren gaiak Villabonan hasi berritan harrapatu badu ere, gogoz ari da ekimenak bideratzen, “parrokiko batzordeari eskerrak emango nizkioke lehenik eta behin, izugarrizko lana egiten ari baita mendeurreneko ekintzak antolatzen. Duela ehun urte herriak egin zuena, ehun urte hauetan egin duena eta aurrera begira egin beharko lukeena aztertu beharko litzateke orain. Gainerakoan, arriskua baitago mendeurreneko ekitaldien oroimen onarekin geratu arren, aurrera ez begiratzeko. Nolabait jakin egin beharko dugu esanahia azpimarratzen eta jendeari pentsatzera ematen”. Azaroaren 22ko meza nagusiaren bezperan, katekesiko mezetan, haurrei historia nola gauzatzen den erakusten saiatuko dira, “haurrak kontura daitezela zer esan nahi duen eliza bat egiteak; eraikinak baino gehiago, komunitatea edo elkartea sortzeak”.

Mendeurreneko ekitaldiak
  • Oinargi dantza taldea, Eresargi abesbatza, Sofia Quilez bakarlari eta Myriam Ulanga pianista, Loatzo musika eskola eta Oinkari dantza taldeak parte hartuko duten emanaldi herrikoia. Azaroak 20, ostirala. Gurea zineman. 19:30.
  • Argazki erakusketa. Azaroak 21, 28 eta 29. Gureako erakusgelan. 12:00-13:30.
  • Meza nagusia, on Juan Maria Uriartek eskainia. Azaroak 22, igandea. Jesusen Bihotza elizan, 11:30.
  • Donostiako Orfeoiaren emanaldia. Azaroak 28, larunbata. Jesusen Bihotza elizan. 20:00.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!