Musikak zoratzen duen liburu saltzailea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko aza. 17a, 17:39

Etxean musikarako kultura txertatu ziotenetik, Eugenio Delgado zeruan bezala sentitzen da musika jotzen duen aldiro.

Nola sartu zitzaizun musikarekiko harra?
Txikitan, dikotomia bizitu genuen etxean: amak, nik akordeoia ikastea nahi zuen, eta aitak pianoa. Baina nola beti emakumeek irabazten duten akordeoiarekin hasi nintzen, Agirre ahizpekin Kinkilerian lehenbizi, eta Fraca musika eskolako zuzendariarekin gero. 19 urte beteta, tronpetari eman nahi izan nion; mexikarrak gogoko nituen eta txarangatxo batean jotzea zen nire ametsa. Fracaren ustetan, ordea, ezpain lodiegiak nituen. Nik kontra egiteko, ezpain lodiko beltzak aipatzen nizkion. Azkenean, baina, balbula-tronboiari heldu nion. Horrela, autodidaktikoki eta poliki-poliki, tresna ezberdinak jotzera iaiotu naiz: tronboi irristagailuduna, tuba, heliokoia... Teknikoki hutsaren hurrengoa naiz, baina grinatsua naiz instrumentuei soinua ateratzeko orduan.

Musika bizitzako ezinbesteko elementu bihurtu zaizu…
Musika jotzen hasten naizenean eraldatu egiten naiz. Ezin dut bera gabe bizi, eta hil arte gainean eramango dudala iruditzen zait.

Zein taldetan ibili zara urte hauetan?
Los Incansables txarangarekin sei bat urte egin nituen; herriko musikari gazteek sortu genuen Txalaparta txarangan, berriz, urte mordoa. Hernaniko Udal musika bandako kide izan nintzen hamar urtez, eta orain Andoain eta Tolosako bandetan jotzen dut. Horiez gain, Mac Jeara´s Band jazz taldeko partaide ere banaiz.

Latza izango da txarangako musikariaren bizitza…
Txalaparta-rekin hobbya zen, eta eramangarria beraz. Baina Incansables-ekin zerbait gehiago bihurtu zen; ogibidea zen kide batzuentzat. Maiatzetik iraila bitartean, egunero jotzen genuen: goizeko diana, bermutaren ordua, zezenekin arratsaldean, beste saioa gauean… Hiru orduko loa egin, eta hurrengo goizean berriro martxa berbera beste edonon! Musika zainetan eraman arren..., ez da batere erraza bizimodu hori eramatea.  

Andoaingo Udal banda ez atzera ez aurrera dabilela dirudi azken aldian…
Andoaingo herriak banda izan zezan apustu handia egin genuen musikari batzuk, orduko Mikel Mate zuzendariak eta udalak garai batean. Herriaren aurrean funtzio sozial bat betetzeaz gain, eskolako musikari gazteentzat katalizatzailea izateko jaio zen. Bizi dadin, ordea, Udalaren, musikarien, eskolako irakasleen… etengabeko inplikazioa eskatzen du. Ulertzekoa da andoaindarrek errazago sentitzea bandarekiko atxikimendua, kanpotarrek baino. Hain zuzen, iruditzen zait hortik etorri dela Udal bandak segi ez segi egoera bizitu izana.

Mac Jeara´s Band jazz taldeak hitzordua du Basteron, hilaren 28an…
6-12 urte bitarteko gaztetxoentzat pentsatutako kontzertu didaktikoa izango da. Formatu klasiko serioa alde batera utzi, eta gazteek izua galdu dezaten saiatuko gara. Instrumentuak zertan diren azalduko diegu, oholtzara igotzera gonbidatu eta nola jotzen diren erakutsiko diegu, denengana hurbilduko gara pittin bat probokatu asmoz... Eta horrez gain, gazteei instrumentu baterako gogoa kilikatzea lortzen badugu, bada, primeran!   
Azken batean, kontzertuetan informalismoa txertatzearen aldekoa naiz ni. Entzule eta musikarien artean sortzen den errespetuzko harresi hori haustearen aldekoa. Gusturago sentitzen naiz isiltasun absolutua ez dagoen leku batean. Jendea hurbil, eta kea eta marmarra dagoen tokian, giro politagoa sortzen da maiz. Egia da musikaltasunaren aldetik gehiago eman dezakeela kontzertu estatiko batek, baina beste hura lotsagabeagoa den aldetik, makina bat bertute ditu berekin.

Gogoko izaten duzu abestiak aurkeztea, jendearen irria eragiten duten azalpenak emateko…

Berritsua naiz eta egia da hitza hartzen dudala hasierako hoztasun hori hausteko. Irribarrea eraginda, errazago murgiltzen da jendea kontzertuan; konplizitatea lortzen da horrela.
Larunbateko kontzertuan hala ere, nik baino euskara hobea duen Carlosek egingo dizkie aurkezpenak gaztetxoei. Liburu-dendan gai naiz erantzun errazak emateko, baina gero kosta egiten zait jarraitzea, elkarrizketa sakontzen den heinean.     

Jazza kalera ere ateratzen duzue tarteka…
Kalerako gehiago kontratatzen gaituzte oholtza gainerako baino, gaur egun. Formatu berritzailea baita, eta programatzaileei primeran datorkie kalea alaitzeko! Gu New Orleansen estilora ateratzen gara kalera, hiletetan-eta beltzak bezala. Entzulearekin aurrez aurre jarrita, aukera ematen digu nornahirekin jolasteko, ziria sartzeko: helikoia burutik behera sartzen diot neskatxa bati, bankuan eserita berriketan ari den amona izutu egiten dut, haur bati piruleta bat ematen diot… Egoera horiek probokatzera joaten naiz. Izan ere, zu gustura bazabiltza, entzulea ere bozkario horrekin kutsatzen da.
Pasadizo franko izango duzu kalean gertatuta…
Nire pasadizorik gogoangarriena, Jazzaldiak New Orleanseko talde beltz bat Andoainera ekarri zuenekoa da. Entsaio bat bukatuta etxera nindoala instrumentua eskuan, eurekin egin nuen topo. Euren txapela buruan jarri eta haiekin bat egitera gonbidatu ninduten, kalean gora kalean behera. Munduko musikaririk zoriontsuena sentitu nintzen arratsalde hartan.

Umorearen apologia horri jarraituz, aipatzekoa da Santakrutzetan zenbait musikarik egiten duzuen agerraldia…

Udal bandako batzuk Santakrutzetan gure ekarpena egitea erabaki genuen orain hiru bat urte. Kamioi Band deitzen diogu ikuskizunari. Jaioberriz jantzi, eta barruak husten ditugu kalez kale kamioi baten gainean. Gure gozamena transmititu egiten diegu ikus-entzuleei, eta ondorioz, horiek ere gozatu egiten dute gurekin. Xabier Garmendia batzen da kuadrillara, kantari gisa. Txalogarria da bere jarrera: herrian kamioilari serio gisa ezagutzen da, baina ez dio axola Sinatraren “New York, New York” edo behar dena kantatzea.  
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!