Pagadi, umoregile bidean aurrera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko aza. 17a, 17:36

Xabineitor super heroiaren papera beteko du taula gainean Mikel Pagadizabal ‘Pagadi’k. Antzezlanaz gain, bestelako lanen berri azaldu du villabonatarrak.

Zer moduz Xabineitor super heroiaren paper berrian?
Denerako ere balio ez dugunez, hasieran nahiko konpromiso handia izan zen niretzat paper hori egiteko gonbidapena. Taldekideek animatuta, aurrera egitea erabaki nuen eta pixkanaka hasita, gustura ari naiz orain. Anjel Alkain da antzezlanaren ekoizlea eta, egia esan, pozgarria da pertsonaia hori antzezteko nirekin gogoratzea. Aurrez inoiz antzerkirik egin ez dudanez, erronka handia izan da niretzat. Telebistako esketxak eta antzerkia egitea bi gauza oso ezberdin dira. Esketxa grabatzea askoz ere arinagoa da. Antzerkiko entseguetara ondo gosalduta etorri behar izaten da, esfortzu fisikoa handia eskatzen baitu. Orain aurkezpenerako lanean ari gara. Ea zer moduz ateratzen den! Etortzen denak barre egingo duela uste dut; erabateko zentzugabekeria da antzezlana, mugara eramaterainokoa. Emanaldiak ez dauka bigarren irakurketarik, komedia hutsa da.

Komikiko pertsonaia bera ekarriko al duzue taula gainera?
Bai, komikiaren egokitzapena da. Bigarren zenbakian baino gehiago lehenengoan oinarritzen da lana. (Hirugarren zenbakia Durangoko Azokarako kaleratuko du Patxi Gallegok). Nagore Aranburuk  moldatu du antzerkirako testua eta asko errespetatu du abiapuntua, nahiz eta komikia beste generoetara eramatea oso zaila den; bai zinemara eta zer esanik ez antzerkira. Xabineitorren super boterea nahiko bitxia denez, efektu berezi asko egongo da antzezlan honetan. Hegan ere egin behar da… Muntaia oso konplexua den arren, emaitza polita aterako dela iruditzen zait. Eszenografoa ere dotorea da: hiria, argiak, zerua… Xabineitorrekin batera beste pertsonaia asko ageri da lanean, obra korala da eta bakoitzak garrantzia handia du.

Gurea antzokian egin dituzue entseguak eta bertan aurkeztuko duzue lana…
Entseatzeko lekua utzi zigutenez, bertan hasi eta bertan ari gara. Suerte handia izan da Gurean elkartu izana, eta zer esanik ez niretzat: etxe ondoan baitaukat. Azaroaren 21ean aurkeztuko dugu lana, bi saio eskainiz: 20:00etan eta 22:30etan. Realak bezala, etxean jokatuko dut nik ere. Gerora Bilbon, Arrasaten, Tolosan edo Donostian eskainiko dugu, besteak beste.

Wazemank-en edizio berria abian duzue. Gidoilari eta antzezle,  zer moduz lan ezberdinetan?

Noaua! ere kontuan hartuta, bosgarren urtea da aurtengoa. Tartean Brinkola egin genuen telesail modura eta hortxe gabiltza, gustura! Antzezle baino gidoilari moduan aritzen naiz gehiago. Pertsonaien arteko gidoiak koordinatzen ere bai. Gustuko lana dut. Taldean ondo konpontzen gara eta asko laguntzen du horrek ere.
Umorea egiteko bideari eutsi diogu Wazemank-en, jendearekin –eta ez jendeaz- barre egitekoari. Ez gara, esaterako, politikarekin edo kirolekin gehiegi sartzen. Hori beste hainbat katetan asko egiten dute eta errepikagarriak ez izatearren, beste ikuspegi batetik egiten dugu umorea: inguru-inguruko, herriko gertaerekin. Aurtengo edizioan, lehengo hainbat ideia berritu dugu: besteak beste, Auto Patxi autoeskola bihurtuz…

Bestelako gidoiak ere idazten dituzu, emaitza onekin gainera!
Anartz Zuazuarekin batera idatzi nuen “El nunca lo haría” lehen laburra eta oso gustura gaude: sari mordoa eskuratu dugu, Montpellierren azkena. Gai soziala lantzen du laburrak, pertsona helduak konpainiako animalien –txakurren- egoerara ekarrita. Bigarren laburrerako ideiak garatzen ari gara orain.

Euskarazko lehen bakarrizketa lehiaketa antolatu du Udalak. Parte hartzeko asmorik bai?
Datekin ondo etorriz gero, gustatuko litzaidake herrian parte hartzea. Bakarrizketa batzuk prestatuta dauzkat, baina entseatu egin behar dira aurrena. Ea ba!
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!