Egun osoko jaia, Xexili egunez

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko aza. 17a, 17:34

Loatzo musika eskolak egun osoko jaia antolatu du azaroaren 22an, Xexili egunerako.

Duela zazpi urte jarri zen abian Loatzo musika eskola. Egungo zuzendari den Miren Mujikak azaldu duenez, garai hartan Villabona eta Anoetako musika eskola osatzen zuten irakasleek eman zioten hasiera proiektuari. “Egun zortzi herri txikik osatzen dute Loatzo musika eskola. Beterri-Aiztondo bailaratik tartean dira Amasa-Villabona, Aduna eta Zizurkil. Herri txikiak izanagatik, eskola handia da, eta egun, adin mugarik gabeko 700 ikasle biltzen da musika tresna ezberdinak jotzen ikastera”. Zazpi urtean zehar, kalejira eginez ospatu izan dute azaroaren 22an Xexili eguna, musikariena dena. Urteak aurrera egin ahala, formatua aldatzeko premia sumatu dutela adierazi du Mirenek. “Batetik ikasleek eskatu digutelako eta bestetik musikarien kalitatea gorantz doala kontuan hartuta, egun osoko festa antolatu dugu azaroaren 22an Villabonan”.

Egun osoko egitaraua
10:00: Txistulari, dultzainero eta trikitilarien kalejira herrian zehar.
11:00: Tailerreko haurren abestiarekin hasiko da jaia, Errebote plazan.
Ondoren, banda, orkestra eta eskusoinu taldeen kontzertua. Segidan, dantzarako sortu den gunera kalejiran irteera. Bertan, Loatzoko musikariekin batera, herriko bi dantzarik dantzarako gonbidapena egingo dute.
12:00: Dantza gunetik berriz ere plazara. Han haurrentzat tailerrak izango dira. Musika tresnak egingo dituzte eta pailazoek ere lan horretan lagunduko diete.
Plazan tailerrak dauden bitartean, herriko txoko batzuetan, musika ganbara entzuteko aukera izango da.
13:30: Tailerrari nahiz goizeko ekintzei amaiera emateko, haurrek tailerretan egindako tresnekin abesti bat jo, abestu eta dantzatuko dute.
14:00: Bazkaria Olaederra kiroldegian.
Ondoren, kantu gunea kiroldegian bertan.
17:30: Haurrentzako musika plazan, DJren eskutik.
18:30: Loatzo musika eskolako ikasle eta ikasle ohiek sorturiko taldeen kontzertua.

GAZTELEKUAREN EGITASMOA AURRERA DOA
Gazteleku berria eraikitzeko lanak zertxobait atzeratu badira ere, datorren irailetik aurrera zabalik izango da zerbitzu berria Katea etxean. Egitasmoaren bultzatzaileak lanean dihardute herriko nerabe eta gazteekin Gaztelekuaren egitasmoa garatzeko dinamikak eta jardunaldi parte hartzaileak burutuz. Joan zen astean esketxak eta bideoak grabatu zituzten hainbat gaztek, dinamizatzaileen laguntzarekin. “Gaztelekuaren ordutegia nahiz funtzionamenduaren inguruan ikaskide eta lagunei eginiko galdeketa grabatu genuen bideoz”, azaldu dute gazteek. Ilusioz ari dira txoko berria prestatzen, “asteburuetan eta astean zehar ere etortzen gara, eskolak bukatu bezain laster”. Azaroaren 21ean, II. Jardunaldi parte hartzaileen baitan aurkeztuko dituzte eginiko lanak: Bideo proiekzioekin batera, panel informatiboak, nerabeentzako tailerrak, kaleko ekintzak nahiz film emanaldia izango dira egun horretan. Gaztelekurako material bilketa ere egin nahi dute egun berean eta herritar guztiei ahal dutena eramateko deialdia egin diete, “mahai-jokoak, CDak, DVDak, bideoak, sukaldeko tresnak, posterrak, apaingarriak…”.
Informazio gehiago: http//villabonagaztelekua.wordpress.com
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!