Belarriz Jan, eskaintza berezia Zizurkilen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko aza. 17a, 17:26

Maiatzean zabaldu zituen ateak Belarriz Jan jatetxeak. Otorduez gain, musika eta kultur emanaldiak ere eskaintzen dituzte Zizurkilgo Beibategi baserrian.

Arantza Gargallo eta Lerman Nieves dira Belarriz Jan jatetxeko arduradunak. Ostalaritzan lanean aritutakoa da Arantza eta musikaria Lerman. Bi lanbideak batuta sortu da Belarriz Jan: “Jatetxearen izenak gure filosofiaren berri ematen du. Begiekin jaten dugun bezala, belarriekin ere jan daitekeela adierazi nahi dugu. Horregatik, hamabostean behin musika emanaldiak antolatzen ditugu. Afalorduan izaten dira emanaldi horiek eta musika mota ezberdinak eskaintzen saiatzen gara”, azaldu du Arantzak.

Inguruko taldeei zabaldua
Lermanek antolatzen du musika eskaintza. “Maiatzetik hona denetarik izan dugu: tango laukotea, flauta eta kitarra bikotea, jazz emanaldia, rock taldea…, gure eskaintza zabala izatea nahi izaten dugu. Neroni musikaria eta musika irakaslea naiz eta denetarik entzuteko eta prestatzeko gogoz nago. Nire inguruko jende gehiena musika munduan murgilduta dabil eta ahoz ahokoaren bidez, gure jatetxearen berri izan eta jotzera etortzen dira. Inguruko talderen batek emanaldiren bat eskaini nahiko balu, jatetxeko ateak zabalik dauzka”.
Maiatzean, jatetxea ireki eta berehala eskaini zuten lehendabiziko emanaldia Lerman eta bere taldekideek: “Jazz musika jo genuen jendea zerbait hartzen ari zen bitartean. Zuzeneko musika nolakoa den ikusteko aukera izan zen, akats eta guzti. Giro polita sortu zen”.
Udako hilabeteetan jatetxearen kanpoaldean egin dituzte emanaldiak: “Afalostean, kafetxoa edo edaria hartu eta kanpora aterata, musika entzuten egoteko aukera izan dugu udan zehar. Neguan berriz, jangelan bertan egiten dira musika emanaldiak, jendea afaltzen ari den bitartean. Kitarra eta flauta bikoteak, esaterako, horrela eskaini zuen emanaldia. Jendea oso gustura geratu zen”, Arantzaren esanetan.

Musika eta kultura
Musikaz gain, bestelako kultur ekitaldiak antolatzeko prest daude Lerman eta Arantza: “Duela egun gutxi ikus-entzunezko berezi bat eskaini ziguten Afrikan egondako neska batzuek. Afrikako egonaldian grabatutako irudiak ikusteko aukera izan genuen. Hunkigarria izan zen. Eskaintzeko zerbait duen edonork ateak zabalik ditu: argazki erakusketak, emanaldiak, antzerkiak… Denborarekin, umeentzeko ekitaldiak ere antolatu nahiko genituzke”.
Datozen asteetako eskaintza prestatzen ari dira Belarriz Jan jatetxeko kideak: “Azaroaren 28an Mamut rock taldea etorriko da Beratik, abenduaren 5ean reagge musika izango da entzungai eta handik hamabost egunera jazz musika eskaintzeko asmoa dugu. Horrez gain, beste emanaldi berezi bat ere izango da abenduan. ‘Silent Band’ taldeak zine mutua ekarriko digu, zuzeneko musikaz hornitua. Musika laukote batek zuzenean joko du pelikulak irauten duen bitartean, antzina egiten zen moduan. Pelikula komikoak izaten dira eta jendeak oso ondo pasatzen du. Merezi du ikustea. Abenduan eskainiko dugu jatetxean”. www.belarrizjan.com gunean zintzilikatzen dute emanaldien inguruko berri zehatza.

Norberak osatutako plater konbinatuak
Otorduei dagokienez ere badute berezitasunik: “Neuk egina izeneko platerek arrakasta handia izan dute. Plater konbinatuak dira, baina norberak aukeratzen ditu osagaiak. Modu horretan, nahi duzuna bakarrik jaten duzu eta jaten duzuna bakarrik ordaintzen duzu. Haurrekin etortzen diren gurasoentzat, esaterako, oso egokia da. Ostiral iluntzean hasi eta asteburuan zehar eskaintzen dugu aukera hori. Horrez gain, asteburuko menu berezia ere badugu, 20 eurotan. Garaian garaiko produktuak eskaintzen saiatzen gara”.
Eguneko menuak ere prestatzen dituzte aste egunetan: “Hamar euroren truke bazkaria, edaria, postrea eta kafea ematen ditugu. Inguruko enpresetako langileak gerturatzen dira normalean”, azaldu du Arantzak. Goizez, 08:00etan hasten dira lanean, gosari eta hamaiketakoak emateko, asteburuetan berriz, 09:30etarako.
Ogitartekoek ere badute tarterik Belarriz Jan jatetxean, asteburuetan: “Momentuan bertan egiten dugu ogia gure labean eta jendeak asko eskertzen du hori. Ohiko ogitartekoez gain, beste aukera berezi batzuk ere baditugu; albondiga eta gazta ogitartekoa edo arraultza frijitua, patatak eta piper ogitartekoa. Jateko zail samarrak dira, baina oso goxoak”, diote umoretsu.
Sei hilabete bakarrik daramatza zabalik jatetxeak, baina pozik ageri dira Arantza eta Lerman: “Ahoz ahokoaren bidez, pixkanaka jendea jatetxea ezagutzen ari da eta gu ere lanari tamaina hartzen ari gara. Orain arte gerturatu zaigun jendea pozik atera dela iruditu zaigu eta horrek gu ere gustura utzi gaitu”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!