Zazpi hilabetez luzatu dira lanak eta denbora tarte horretan, herritarrek ez dute pilotalekua erabiltzerik izan. Aste gutxi barru izango dute ohiko erabilera emateko aukera.
- Zer iruditzen zaizu pilotaleku berritua?
- Ia 500.000 euroko aurrekontua izan dute lanek, zer deritzozu?
- Zein erabilera emango diozu pilotalekuari lanak amaitzen direnean?
Iban Lizarraga
- Barrutik nola dagoen ikusteko gogoa dut. Kanpotik hartu duen itxura gustuko dut, baina barrualdea ikusi nahiko nuke, zenbateko argitasuna sartzen zaion, esaterako. Atarian jarri duten kristalera oso ideia ona izan dela iruditzen zait, batez ere, euria egiten duen egunetan haurrek jolasean ibiltzeko aukera eskainiko duelako.
- Aurrekontuaren inguruko berririk ez dut izan orain arte. Lanak estatuak emandako dirulaguntzarekin egin direla banekien, baina besterik ez.
- Bi ume ditut eta haiekin jolasean egiteko erabili izan dut gehienbat pilotalekua, bai goialdeko ataria, baita pilotalekua bera ere. Lanak amaitzen direnean ere erabilera beretsua emango diot, asteburuetan batez ere.
Alizia Calleja
- Teilatu berriak altuera handiagoa hartu du eta ez zait gehiegi gustatzen. Handiegia ikusten dut, herriko gainerako etxeekin bat ez datorrena. Kamiyo aldeko errepidean barrena autoz zatozenean, esaterako, begira jotzen duela iruditzen zait.
- Ez nuen aurrekontuaren inguruko berririk, baina dirutza handia dela iruditzen zait. Pilotalekuan horrenbeste diru gastatu ordez, beste behar batzuk asetzea hobea litzateke.
- Nik ez diot erabilera handiegierik ematen. Nire aitak pilotalekuko estalpea erabiltzen zuen euri egunetan pasioan zebilenean. Orain kristalera jarri dutenez, ez dakit erabiltzerik izango duen.
Maria Carmen Sánchez
- Altuera handiegia hartu du. Inguruko etxeak baino altuagoa da eta oso itxura ezberdina du, inguruan duenarekin bat ez datorrena. Arraro geratzen da.
- Pilotalekua berritzeko premia bazegoen, baina aurrekontu handiegia dela iruditzen zait. Haurrentzako parke osatugoa edota eskolako atarian estalpe bat jartzea beharrezkoagoa zela iruditzen zait. Euria ari duen egunetan haurrak busti egiten dira eskolara sartzeko zain daudenean.
- Nire alabak ematen dio erabilera handiena. Zizurkil Goiko haurrek asko erabiltzen dute pilotalekua euria ari duenen jolasean aritzeko, gainerantzean ez dutelako aukera gehiegirik.