Teknika hidroponikoa erabiltzen dute tomateak eta piperrak ekoizteko. “Bi negutegitan egiten dugu ekoizpena, sistema hidroponikoaren bidez. Landareek hamabost zentimetro inguruko luzera dutenean ekartzen ditugu eta perlitaz beterik dauden zakuetan jartzen ditugu. Perlitak ez du landarearentzat elikagairik, landarearen zainak zabal daitezen balio du. Beharrezko elikagaiak urarekin batera iristarazten zaizkio landareari. Lurrean landatuta aurkituko lituzkeen elikagai berberak jasotzen ditu landareak, baina uraren bidez. Ekoizpen puntuaren arabera elikagaiaren osagaiak aldatuz joaten gara, landarea ahalik eta egoera onenean egon dadin. Oso maiz egiten zaizkie azterketak landareei, momentuan behar dutena ematen joan ahal izateko. Landareak ilaratan jartzen ditugu eta ilara bakoitzak ur horniketa sistema du. Ur sare horretatik, hodi bat irteten da landare banatara”, azaldu du Rosak.
Udaberrian, eta udazkenetik aurrera
Tomatearekin urtean bi ekoizpen txanda ateratzen dituzte Iñakik eta Rosak: “Kanpoko baratzeetan ez dagoen garaian tomatea ekoiztea da gure helburua. Lehendabiziko txanda udaberri aldera ateratzen dugu, apirilean hasi eta ekaina bitarte, bigarren txanda berriz udazken-neguan ateratzen da, irailean hasi eta abendura arte. Horretarako berogailu sistema erabili beharra dago berotegietan. Gure ekoizpeneko gasturik handienetakoa berogailua izaten da, eta petroleoaren prezioaren igoerak asko murriztu digu irabazirako tartea. Hasi ginenean, 0,30 euro ordaintzen genuen gasoil litroko eta duela gutxi, 0,65 euro ordaintzera iritsi gara. Bi berotegi ditugunez, bietako bakarra berotzea erabaki genuen aurten. Horren eraginez, berogailurik gabeko negutegian ekoizpen txanda bakarra egin dugu aurten”.
“Informatika bidez kontrolatzen da ia guztia: landareen elikadura, berogailu sistema, aireztapena, sapaiko estalkien mugimendua… Berotegian zehar hainbat sensore daude, tenperatura eta beste hainbat baldintza neurtzeko. Sensore horiek esaten dutenaren arabera jartzen dira martxan berogailua, haizegailua eta beste hainbat sistema. Uda aldean, esaterako, eguzkiak gogor jotzen duenean, berotegiaren sapaia estaltzen duen ohial handia zabaltzen da landareak babesteko eta haizagailuak martxan jartzen dira. Neguko gau hotzetan ere sapaiko oihala zabaltzen da, berotu beharreko gunea txikiagoa izan dadin”, azaldu du Iñakik.
Ekoizpen naturala
Jack motako tomatea ekoizten dute Iñakik eta Rosak. “Kontu handiz zaindu beharreko tomatea da, baina emaitza onak ematen ditu. Haragitsua da eta zapore onekoa; jendearen gustukoa denez, ez dugu aldaketarik egiterik pentsatu. Eusko Labelen barruan ekoizten dugunez, haiek emandako neurrien baitan egiten dugu lan. Tomate mota errespetatzeaz gain, beste hainbat gauza zaindu behar da. Polinizazioa egiteko garaian, esaterako, erleak ekartzen ditugu berotegietara, ezin delako bestelako produkturik erabili. Landareek gaixotasunen bat dutenean ere ezin da edozein produktu erabili, Eusko Labeleko teknikariek zehazten dute zein produktu erabili eta zenbateko kantitatetan. Normalean, oso kantitate txikiak erabiltzen dira, ekoizpena garbiagoa izan dadin. Eltxo edota intsektuek sortutako arazoak saihesteko berriz, haien arerio naturalak erabiltzen saiatzen gara. Salmentarako garaian ere, zenbait ezaugarri bete behar ditu tomateak: tamaina, itxura, heltze puntua... Hainbat azterketa egiten diote tomateari, bai ekoizpen puntuan, baita salmenta tokietan ere. Argi dugu labela duen produktua oso ondo zaindutakoa dela, osasuntsua”.
Tomatea bildu ondoren, sailkatze lanak ere Asteasun bertan egiten dituzte: “Lehendabiziko urteetan eskuz egiten genuen lan guztia, baina orain, tomatea tamainaren arabera sailkatzen duen makina bat dugu. Ondoren, kolorearen edo heltze puntuaren araberako bigarren sailkapena egiten dugu eskuz”. Salmenta puntuetara banatzeko ardura Iñaki eta Rosak hartzen zuten orain arte baina aurten, kooperatiba baten bidez egitea erabaki dute. Kamioia agroaldera etorri, tomateak bildu eta salmenta tokietara eramateaz arduratzen da.
2000 urtean, hutsetik hasi ziren Iñaki eta Rosa: “Ordura arte ez genuen sekula tomate landare bat landatu. Hasiera gogorra izan zen, buruhauste handiekin. Teknikoen laguntzari esker sortzen ziren arazoei irtenbidea bilatu eta aurrera egin genuen. Esperientziak erakusten dizu nola lan egin”.
Gernikako piperrak, Asteasun
Gernikako piperra ere ekoizten dute. “Lan handia ematen du piperrak, bilketan batez ere. Eusko Labelaren barnean sartu ahal izateko, sei eta bederatzi zentimetro arteko luzera izan behar du piperrak, eta horrek, egunero biltzen aritzea eskatzen du. Landare handiak dira, adar eta hosto askokoak, eta pazientzia handia behar da landarea ondo miatu eta piper guztiak biltzeko”, adierazi du Iñakik. Eusko Labelen etiketapean saldu ezin daitezkeen piper eta tomateek ere badute irteerarik: “Tamaina handixeagoko piperrak edo itxuraz hain politak ez diren tomateak beste bide batzuetan sal daitezke, baina ez dute prezio bera izaten”.
Landareak berotegietan badaude ere, kanpoko eguraldiak badu eraginik beraiengan: “Berotegietan babestuago daude landareak, baina hau ez da laborategia, kanpoan egiten duen eguraldiak asko eragiten du. Azken finean, landare hauek fotosintesia egiten dute, gainerako guztiek bezala”.
Lan handia eskatzen du tomate eta piper ekoizpenak: “Gainean egon beharrekoa da. Gaixotasunen bat sortzen bada, ahalik eta azkarren ikusi eta aurre hartu behar zaio, ezin dugulako botika bortitzik erabili. Ur sistemak, berogailuak edota informatikak huts egiten badute, urteko ekoizpena pikutara joan daiteke eta oso gainean egon behar da”.
Agroaldearen etorkizuna
2000 urtean sortu zen Asteasuko agroaldea. Hala azaldu du Iñaki Lasak: “Gipuzkoan oso zaila da lursailak eskuratzea eta horri irtenbidea emateko, Agroaldeak sortu zituen Foru Aldundiak. Izena eman eta Asteasuko Agroaldean lanean hasteko aukera egokitu zitzaigun, hamabi urtetarako kontratua sinatuz. Oso hasiera itsaropentsua izan zen. Zortzi hektareako lursaila gorde zuten Agroalderako eta biomasa edo beste sistema jasangarriren bat erabiliz, berogailu sistema sortzeko proiektua zegoen. 2003an, ordea, arau subsidiario berriak onartu ziren eta agroaldeko zenbait lursail industriara bideratu zituzten berriz ere”.
Biomasa, haize errotak, behien pixa eraldatzean sortzen den berotasuna erabiltzea zen lehendabiziko ideia. “Proiektu hura aurrera atera bitartean, gasoil bidezko berogailua jarri genuen. Inbertsio handiak egin ditugu hemen, gure bizimodua honen inguruan antolatu dugu eta etorkizuna ez dugu batere argi ikusten. Udalaren aldetik ez dugu Agroaldeari bultzada emateko asmorik ikusten. Hamabi urterako kontratua sinatu genuen eta epea amaitzen ari da. Udalarekin bildu nahi genuke, euren asmoen berri izateko, baina bi urtetan ez dugu haien erantzunik jaso”, azaldu du Iñakik.
“Lursailak industriarako behar badira, ni ez naiz kontra jarriko, baina lehen sektoreari ere irtenbidea eman behar zaio. Krisi egoeran gaudenez, ilarako azkena da lehen sektorea eta dagoen diru apurra industriara bideratzen dute, horrek, are zailagoa egiten du gure egoera”, gaineratu du.