Aurrekontuak finkatzeko herri bilerak

Herritarren parte hartzea bultzatu nahian, 2010eko Udal aurrekontuen inguruko bilerak antolatzen ari dira.

Abenduaren 15a bitarteko epea izango da herriko beharren inguruko iritzia emateko. Azaroaren 11n egin zen aurrekontuen inguruko lehendabiziko bilera. Arantza Aburuza alkateak eman ditu bileraren inguruko xehetasunak: “Aurtengo dirukontuen inguruko berri emanez hasi genuen bilera eta ondoren, 2010erako prestatutako aurrekontuen zirriborroa aurkeztu genuen. Udaletxeko dirukontuen inguruko informazio argia ematea gustatzen zaigu, jendeak ezagut dezan”.
Dirusarrera eta gastu asko nahiko finkoak dira eta aldez aurretik jakiteko modua izaten da: “Gastuen atalean, udaletxeko langilegoarekin sortzen dena, mantenimenduko gastuak, maileguen interesak, dirulaguntzak eta zenbait erakunderi egiten zaizkien transferentziak…, horiek nahiko finkoak dira. Kalkulu horiek egin ondoren geratuko litzatekeen dirua, inbertsioetarako erabiliko da. Arlo horretan jaso nahi genituzke herritarren proposamenak”.

Ezinbestean egitekoak
Inbertsioen atalean, ezinbestean egin beharreko lau lan azpimarratu ditu Arantzak: “Udalak derrigorrez egin beharreko lau berrikuntza finkatu ditu. Batetik, ezinbestekoa da legealdia amaitu aurretik Goiburuko errepidea berritzea. Dagoeneko Landagipuzkoa 32 ekimenari esker lanak hasita daude eta lehentasunen artean sartzen da lan horiek amaitzea. Udalari 200.000 euroko gastua suposatuko lioke lan horrek. Horrez gain, herriko plazako lokala ekipatzeko beharra ere ikusten dugu. Hirugarren puntuan, uraren horniketa sarea aztertu eta konponketak egitea egongo litzateke. Susmoa dugu sarearen puntu ezberdinetan ur galerak daudela eta horiek konpondu eta ur kontadore berriak jarri behar dira. Azkenik, Santa Krutz ermitatik Villabona aldera jaisten den bidea zabaltzeko beharra ere ikusten dugu. 120.000 euroko kostua ekarriko lioke Udalari”.
Zortzi pertsona bildu ziren azaroaren 11ko bileran. “Datozen asteetan ere herritarrekin bilera gehiago egiten jarraitzeko asmoa dugu. Abenduaren 16an egingo da aurrekontuen inguruko Udaleko osoko batzarra eta ordura arte, herritarren ideiak eta proposamenak jasotzeko prest gaude. Lehendabiziko bilerara etorri ziren herritarrek, esaterako, Adunako mendi inguruan egin beharreko hobekuntza lanak aipatu zituzten. Gure aldetik, beste zenbait ideia ere plazaratu genuen: udaletxeko kanpoaldea berritu, eskolako leihoak aldatu, Basopetako gunea berritu, pilotalekuko gimnasioa berritu…, herritarren iritzia jakitea gustatuko litzaiguke”, aipatu du Arantzak. “Herriaren onurarako lan egitea da gure nahia, eta horretarako, asko eskertuko genituzke herritarren ekarpenak. Iaz ere hala egin genuen, aurrekontuen inguruko herri bilerak antolatuz. Oraindik ez dakigu zehatz mehatz inbertsioetarako zenbat diru izango dugun, baina datozen asteotan finkatzen joango gara. Abenduaren hasieran egingo dugu hurrungo bilera”, amaitu du.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!