Antzina bezala, txondorretik ikatza

Azaroaren 23an, Koldo Jauregi eta Antselmo Larrartek txondorra piztuko dute Antton Amunarriz Kultur Etxearen atzealdeko zelaian.

Duela bost urte Alkizan piztu zen txondorraren bultzatzailea izan zen Koldo eta geroztik Larraulen piztu nahian ibili da, “iaz berandutu egin zitzaigun eta aurtengorako sortu da egokiera. Antselmori laguntza eskatu nion eta baiezkoa jasota, bion artean piztuko dugu txondorra”. Kultur astearen baitan berreskuratu nahi izan dute garai bateko usadioa, “azaroaren 23 goizean prestatuko dugu txondorra eta arratsaldean emango diogu su, herriko txalapartariek txalaparta jotzen duten bitartean. Azaroaren 21ean moztuko ditugu txondorraren egitura osatzeko egurrak”. Auzolanean egingo dute egur mozketa, Koldok duela hamarkada pasatxo plazan aldatu zuen pago ihartua ebakita. Txondorra piztu nahiz elikatzeko egur ihartua behar dela jakinarazi du bikoteak, “gaztainondoa, sagarrondoa, artea…, egur mota guztiak onak dira egosteko, baina pagoa da egurrik garbiena”. Astebete eskas izango dute txondorra piztuta, astelehenetik ostiralera. “Ostiralean txondorra itzali eta larunbatean ireki nahiko genuke, igandean Kultur asteko azoka delako”.

Egurrezko aterpea alboan
Antzina bezala, egunez eta gauez zainduko dute txondorra arazorik sor ez dadin. Garai bateko aterpea irudikatu nahi dute, ohiturei eutsiz, txondor zaintzaileentzat mendiko egurrarekin estalpea eginez, “paretak hurritz makilarekin egiten zituzten lehen. Lotarako orbelezko ohea eta egurren bat edo beste jartzen zuten arrantxoa egiteko. Zahatoa eta txorixoren bat zintzilik jartzea pentsatzen dugu. Ea norbaitek ardoa eta ogia ekartzen duen”. Alkizan egindako ikatza ekartzeko asmoa du Koldok sua piztu nahiz gerturatzen direnei ikatza zertarako baliatzen zuten erakusteko. “Ikatza parrilletarako edo sukaldeko labetxoak berotzeko erabiltzen zen asko. Bestalde, hemen ingurutik Donostiako okindegi eta hoteletara eramaten zen. Hoteletan labetxo txikia izaten zuten lehengo burnizko sei plantxekin. Hoztu ahala, txandaka erabiltzen zituzten. Txondorra piztuta daukagun egunen batean, plantxak ekarrita, ohitura hura erakutsi nahi dugu. Baserriko leiho ondoan pizten zen sukaldeko labetxoa ere piztuko dugu”.

Ikatza, goitik behera
Azaldu dutenez, txondorreko aurreneko egurrak zutik jarri behar dira, erdian 20 zm-ko diametroa duen zuloa utziz. Egurrik lodienak azpian jartzen dira eta finenekin txukuntzen da gaina. “Azpian, lurra jotzen duela ez dago jartzerik ikatz bihurtu behar duen egurra; beste egur baten gainean jartzen da, parrilla bezala. Lehen ezpalak zabaltzen zituzten ondoan, azpitik haizea ondo hartzeko. Tapatzeko, berriz, ohiko txondor zuloa baldin bazen, lehengo lurra erabiltzen zuten: iruriya izenekoa”. Lurra bota aurretik, ordea, orbela edo zotala jartzen zaio txondorrari ondo tapatzeko. “Lurra ondo-ondo bota behar zaio, tarterik utzi gabe. Arnasarik ez du hartu behar hasieran, gero jolastu behar da komenientziaren arabera”. Txondorra goitik behera egiten da, “aurrena goian egiten da ikatza eta gero, ahal bada beheraino, kea behe-behetik ateratzen dela. Ke urdina ateratzen bada, seinale ona”. Gainaldeko tapa irekiz, betegarria bota behar zaio tarteka: egur puskak. “Botatzen den egur guztiak egosi egin behar du ikatza sortzeko, erre behar duen bakarra, beste guztiari indarra ematen dion erdiko zutabea edo labea da”. Itzaltzerakoan kontu handia izan behar dela azaldu dute, “hego haize garaia oso txarra da, haize zakar horiek harrapatuz gero, indar handia har baitezake suak. Euri asko ere txarra da txondorrarentzat. Ez dugu garai onena aukeratu, baina hala suertatu da”. Lehen ikazkinak mendian txondorrak egiten aritzen zirenean, uda guztia menditik jaitsi gabe igarotzen zutela adierazi dute, San Martinetarako itzultzen zirela. “Guk San Martinak pasatuta piztuko dugu. Toki babesa bilatu dugu, ea eguraldiak laguntzen digun!”.

Arbasoak ikazkin
Antselmoren aitona ikazkina zen, “aita ez, egurra zuzenean igeltsutegira eramaten aritzen zen hura. Gure aitona bezala, Larraulen beste asko aritzen zen ikazkin lanetan: Gorotzengoak, Larrolakoak, Antzolakoak…”. Hala ere Alkizan askoz ere ikazkin gehiago izan omen zen, “Larraulen ikazkindegia izango zen Alkizan bezala igeltsutegiak urrutirago egon izan balira. Alkizan, apaiza ez gainontzeko guztiak ikazkinak zirela esaten zuen gure aitonak”. Koldoren aurrekoak ere txondorgileak ziren, “aitari entzuten nizkion kontuen ondorioz hasi zitzaidan txondorrekiko nahiz karobiekiko jakin-mina pizten. Ohitura haiek berreskuratzeko gogoa etorri zitzaidan”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!