Euskara, euskaldun zaharren ahoetatik berrienetara

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko aza. 17a, 17:12

Euskaldun berriak euskaraz hitz egitera aska daitezen,  martxan dira Mintzalaguna  nahiz Hizkide egitasmoak eskualdean.

AINHOA LARREA
Zizurkilgo Udaleko kultura eta euskara teknikaria

Noiz eta zein helbururekin jarri zenuten abian Mintzalaguna egitasmoa?
Aurtengoa hirugarren urtea izango da. Herri txikietan taldeak osatzea oso zaila denez, Zizurkil eta Villabonako Udalek batera eskaintzen ditugu azken urteotan euskara ikastaroak. Ikastaroetan izena emateko deialdia elkarrekin egin ohi dugu eta bi herrietako ikasleekin osatuz joaten gara taldeak. Ikastaroak aurrera joan ahala, ikasleek Mintzalagunaren egitasmoa martxan jartzeko eskatu zuten, euskaraz hitz egiten hastea errazten zuela ikusten zutelako.

Zein erantzun izan du orain artean?
Egitasmoarekin hasi ginenean, nahiko harrera ona izan zuen. Oro har, dozena ikasleren bueltan ibili da Zizurkilen. Hasieran laguntzaileak aurkitzea kosta egin bazitzaigun ere, denborarekin animatu egin ziren eta taldeak martxan jartzea lortu genuen. Taldeak hiru lagunekoak izaten dira: bi euskaldun berri eta euskaldun zahar edo laguntzaile bat.
Orain artean egitasmoan parte hartu duen jendeak oso balorazio positiboak egin ditu ikasturte amaierako  galdeketan, bi aldeak motibatuta agertu direlarik.

Aurtengorako deialdia egin berri duzue. Zer moduzko harrera izan du?
Aurten Zizurkilen laguntzailerik gabe geratu gara eta ikasle kopurua ere dezente jaitsi da: sei ikasle dauzkagu momentu honetan. Laguntzaileak lortzeko deialdia egin dugu bai eskolan, bai gurasoekin, bai euskalgintzan aritzen den jendearekin, baina oso okupatuta gabiltza denak eta ez da erraza jendea lortzea. Azken batean, astean ordubetez euskaldun berriekin elkartu eta euskaraz hitz egitea da laguntzailearen eginbeharra; batzuk zer edo zer hartzera joaten dira, besteak paseotxoa ematera…, taldekideen gustuen arabera. Ea laguntzaileak animatzen diren, oso gustura hartuko ditugu.

Euskara ikasteko ikastaroak ere martxan dira dagoeneko... Euskara sustatzeko ekimen gehiago bideratu al duzue?
Iaz Zizurkilen euskara ikasteko bi talde genituen: Atxulondon goizez eta Otaño ikastetxean arratsaldez. Aurten bi urtez haurren gurasoekin osatutako Otañoko taldea desegin egin da, guraso gutxik izena eman duelako. Pena handia eman dit. Zizurkil Goian alfabetatze taldea dugu hirugarren urtez, emakume helduak dira gehienak. Bestalde, enpresen diagnosia egiten hasi gara aurten lehenengoz. Orain artean, saltoki edo tabernekin bezala, inoiz ez dugu lanik egin enpresekin. Elhuyar Aholkularitza taldearekin jarri dugu martxan egitasmoa eta herriko hamabi enpresei bisita egingo zaie urte bukaera bitartean, haien egoera eta beharrak ezagutzeko. Dagoeneko hasiak dira elkarrizketekin eta urtarrilean aurkeztuko dugu diagnosia.

MAITE ARREGI
Villabonako Udaleko euskara teknikaria

Noiz eta zein helbururekin jarri zenuten abian Mintzalaguna egitasmoa?
Zizurkilekin batera eman genion hasiera egitasmoari 2007 urtean. Euskaltegiko ikasle asko taldekideekin edo irakaslearekin euskaraz hitz egitera ohitzen den arren, kalean hasteak lotsa ematen die. Mintzalagunaren bidez, kalean nahiz euskaldun zaharrekin aritzeko zailtasunik izan beharko ez luketela jabetzen dira asko, euskaraz hitz egitera askatuz.

Zein erantzun izan du orain artean?
Orain arteko erantzuna ona izan da. Urtean hogei lagunetik gora aritu da ‘ikasle’ eta laguntzaileen artean. Une honetan euskaltegian dabiltzan ikasleak dira egitasmoan parte hartzen duten gehienak, baina euskaltegiko ikasleak ez direnak ere gerturatu izan dira. Bi ikasturte egin eta gero, irakasleek izugarrizko aldea nabaritzen zaiela esaten dute. Askatzeko garaian asko antzematen zaiela. Bestalde, ikasturte amaieran egiten den balorazioa oso positiboa izaten da.

Aurtengorako deialdia egin berri duzue. Zer moduzko harrera izan du?
Aurten bost laguntzailek eman du izena eta une honetan gehiagoren beharrean gaude. Oro har, azken bi urte hauetan bederatzi laguntzaile izan ditugu. Jende gehiago animatzea ez legoke gaizki, ordezkoak izatea ere ondo etortzen baita. Orain artean parte hartu duten laguntzaileak gustura ibili diren arren, bakoitzaren egoera pertsonalak ez die askori aurrera jarraitzea erraztu eta astero ordubetez lotzeko zailtasunak dituzte. Hala ere, jendearen borondate ona nabarmendu behar da. Euskaraz dakien jendeak ikasten ari denari hizketan askatzen lagundu nahi badio, Udaleko Euskara Zerbitzura etortzeko deia egiten diogu.

Euskara ikasteko ikastaroak ere martxan dira dagoeneko... Euskara sustatzeko ekimen gehiago bideratu al duzue?
Euskaltegian goizeko taldea dugu; astelehenetik ostegunera bitarte, Zizurkilen bezala. Villabonakoa Zizurkilgoa baino urrats altuxeagoa da. Iazko ikasleekin eta berriekin nahiko talde polita osatu da aurten, dozena lagun inguru biltzen da Villabonan euskara ikastera. Enpresagintzan, Tauni enpresarekin ari gara lanean Elhuyar-ekin batera. Iaz hasi ginen eta beste bi urterako hitzarmena dugu sinatuta. Bestela, merkatariei bisita egingo diegu azaroan zehar, Udalak karpeta berriak atera ditu banatzeko, gure eskaintzen azalpena eginez: itzulpen zerbitzua, txartelak, hiztegiak…


AGURTZANE SARASOLA
Andoaingo AEK

Noiz eta zein helbururekin jarri zenuten abian Mintzalaguna egitasmoa?
Hizkide izeneko proiektua dugu Andoaingo AEKn. Batez ere, autoikaskuntza programan ari diren ikasleei zuzendutako eskaintza gisa jaio zen Hizkide, aurreko ikasturtean. Ikasle horiek astean bitan bakarrik etortzen dira euskaltegira. Euskaraz hitz egiteko aukera gutxi zutela iruditzen zitzaigun, eta horri konponbidea emateko asmoz sortu zen ekimena. Modu xumean jarri genuen martxan, eta momentuz, gure ikasleei zuzenduta dago. Oinarri sendoak hartu eta eskaera badagoela ikusiz gero, eskaintza herritar guztiei zabaltzeko aukera aztertuko genuke.

Zein erantzun izan du orain artean?
Oso ekimen berria da oraindik. Aurreko ikasturtean, urtarrilean martxan jarri eta ekainean amaitu zen. Hiru taldetxo sortu ziren. Gauza bitxia gertatu zitzaigun: Antolaketa lanetan hasi ginenean, euskaldun laguntzaileak bilatzea zaila izango zela iruditzen zitzaigun, baina alderantzizkoa gertatu zen. Gehiago kosta zitzaigun gure ikasleak Hizkiden parte hartzera animatzea. Denbora librea ateratzea ez da erraza izaten. Azkenean, laguntzeko prest zegoen jendea bagenuenez, deialdia herritar guztiei zabaltzea erabaki genuen.

Aurtengorako deialdia egin berri duzue. Zer moduzko harrera izan du?
Gure ikasleen artean informazioa banatzen hasita gaude. Haien erantzunaren zain gaude martxan jartzeko. Hizkide ekimenean, astean ordubetez biltzen dira euskara ikasleak eta laguntzaileak. Lehendabiziko kontaktua guk egiten dugu eta hortik aurrera, haiek adosten dituzte biltzeko eguna eta ordua. Haiek aukeratzen dute zer egin: kafetxoa hartu, pasiatzera joan… Bi ikasle eta laguntzaile bat biltzen saiatzen gara, hiru pertsona izanda elkarrizketa aberatsagoak sortzen direlako eta gainera, hiruetako norbaitek huts eginez gero, ez baitago zertan hitzordua bertan behera utzi beharrik. Ikasleei argi azaltzen diegu Hizkideko laguntzailea ez dela euskara irakaslea. Haien egiteko nagusia euskaraz hitz egitea da.

Euskara ikasteko ikastaroak ere martxan dira dagoeneko... Euskara sustatzeko ekimen gehiago bideratu al duzue?
Urrian hasi genituen euskara ikastaroak, baina izen-ematea ez dago itxita. Ikasturte osoan zehar zabalik mantentzen dugu izena emateko  aukera. Euskara ikasi nahi duenak, etorri besterik ez du. Lehendabiziko aldiz datorrenari, euskara maila neurtzeko froga egiten zaio eta horren arabera, talde batera edo bestera bideratzen dugu. Ordutegia ondo badatorkio, ikasten hasteko aukera izango du. Horrez gain, urtean zehar euskararen erabilera sustatzeko, eta talde ezberdinetako ikasleek elkar ezagut dezaten, hainbat ekimen antolatzen dugu: eskulan tailerrak, irteerak… etab.

MERTXE ZUMEAGA,
Asteasuko Mintzalaguna ekimenaren dinamizatzailea:
Euskaldun berrientzat oso aberasgarria da herri txikietako
euskara entzutea eta ikastea”

Asteasun euskara irakasle izan da Mertxe Zumeaga urte askoan eta gaur egun, Mintzalaguna ekimena martxan jartzeko lanean ari da, Topagunearen eskutik: “Irailean eman zidaten ekimenaren berri eta urrian eman nituen martxan jartzeko lehen pausoak. Asteasuko elkarte eta eragile ezberdinekin harremanetan jarri nintzen, ekimenaren berri eman eta jendea parte hartzera animatzeko. Dagoeneko badugu zenbait izen, baina, ekimenari indar handiagoa emateko, jende gehiago animatzea nahiko genuke. Azaroaren amaiera bitarte izango dugu zabalik izen-ematea”:
“Euskaldun zaharrak euskaldun berriekin elkartu eta hitz egitea, horixe da Mintzalaguna ekimenaren helburu nagusia. Euskaldun zaharrak ez ditu irakasle lanak egin behar, euskaraz hitz egitea izango da bere egiteko nagusia. Euskaldun berrientzat oso aberasgarria da herri txikietako euskara entzutea eta ikastea”, azaldu du Mertxek.
“Gure asmoa talde bakoitza astean behin elkartzeko bidea egitea da. Talde bakoitzean hiru edo lau euskaldun berri eta euskaldun zahar bat egongo lirateke. Hala ere, ez du derrigor horrela izan beharrik. Talde berean bi euskaldun zahar elkartu eta txandatuz egin nahi badute, aukera zabalik dago. Ahalik eta modu naturalenean egin nahi ditugu gauzak, baldintza itxiegiak jarri gabe”, azpimarratu du.
Larrauldarrez osaturiko taldetxoa sortu da dagoeneko: “Hiru euskaldun berri eta beste hiru euskaldun zahar animatu zaizkigu Larraulen. Asteasun ere jendea hurbildu zaigu, baina jende gehiagok izena ematea nahiko genuke, euskaldun zaharrak batez ere. Ekimenaren berri zehatzagoa izateko edo izena emateko nire telefono zenbakira dei dezakete: 695 751 083 / 943 692 971 edo asteasu@topagunea.org helbidera idatzi”.
“Euskararen erabilera sustatu eta jende berria ezagutzeko aukera polita da Mintzalaguna. Zaletasunak partekatu, kafetxoa hartu, aspaldiko kontuak berritu, jende berria ezagutu…, aberasgarria izan daiteke, bai euskaldun berrientzat baita euskaldun zaharrentzat ere”, gaineratu du Mertxek.
Hilaren amaiera arte izango da zabalik izena emateko epea. “Udalari emango zaio jasotako erantzunaren inguruko berri eta haiek erabaki beharko dute ekimenarekin aurrera egin edo ez. Deialdia herritar guztiei zabaldu zaie eta hilabetea amaitu aurretik beste saiakera bat egingo dugu”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!