Aitor Mendiluze, finalerako bidean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko aza. 17a, 16:53

Azaroaren 7an, Bergaran kantatu zuen andoaindarrak eta saio ederra egin zuen. Iruñean eman beharko du igandean finalerako behin betiko urratsa.

Labegaraieta kiroldegia labeak adina berotu zen azaroaren 7an. Horren erantzuleak oholtza gainean izan ziren sei bertsolariak, eta bereziki Maialen Lujanbio hernaniarra. Erakustaldi aparta eskaini zuen Lujanbiok, eta ondo merezita eskuratu zuen orain arteko puntuaziorik altuena, 708 alegia. Bigarren, eskualdeko ordezkaria, Aitor Mendiluze izan zen 680 punturekin. Agian, goia jo gabe, baina saio ederra egin zuen Mendiluzek ere, inor gutxiren eskura dauden detaileak utziz. Ondoren geratu ziren Beñat Gaztelumendi eta Jon Martin gazteak, 644,5 eta 619 punturekin. Biek egin zuten saio ederra eta Martinen kasuan, gehiago merezi zuela esan daiteke. Aldiz, ez zuten egun onena izan Etxahun Lekuek eta Fredi Paiak. Biek final erdien lehen fase honetan esan diote agur txapelketari. Baina horrek ez zion itzalik egin bertso festari.
 
Hasieratik, ondo
Lehen ariketa puntugarritik hasi zen gozamen festa. Lekue eta Paia aritu ziren lehenik, gehiegi asmatu gabe, baina ondoren ale ederrak utzi zituzten Aitor Mendiluze eta Jon Martinek. Haurdun dauden bi emakumeren paperean kantatu zuten, A gripearen txertoa hartu edo ez zalantzan. Martinek haurrak ostikada bidez baiezkoa esan diola adierazi ostean hauxe Mendiluzeren erantzuna:
Nik ere hemen jarri eskua
ta neureak ere dale.
Baina neurea izan dedila
ondo dagoen seinale.

Ariketa honetan azpimarratzekoa Lujanbio eta Gaztelumendik egin zuten lana. Gaiak neska bat bortxatu eta hil duen gizonaren guraso paperean jarri zituen. Gaztelumendik semeak egin duena berak erakutsia ez dela adierazi ostean, hona Lujanbioren azken bertsoaren amaiera:
Eska dezaket errukia edo
belaunikatu lurrean.
Baina barkatu ze hitz hutsa den
heriotzaren aurrean.


Mikrofonorik gabe
Saioak ere izan zuen bere anekdota. Zortziko txikian Jon Martin eta Maialen Lujanbio ari zirela argia joan eta oholtzan mikrofonorik gabe geratu ziren. Bi bertsolariek ordea, kantuan segi zuten eta gainera ederki aprobetxatu zuten egoera. Egokitu zitzaien gaian, Jon Martin apaiza zen eta Maialen telebista etorri delako mezetara joan den emakumea.  Martinek ederki aprobetxatu zuen argi indarra joatea:
Argia eten dute
ikusten den gisan.
Jainkoaren zigorra
ez ote da izan?

Mendiluzeri dagokionez, zortziko txikikoa izan zen agian saiorik ahulena, baina hemen ere baleko lana egin zuen Lekuerekin batera. Ondoren berriz, puntu erantzunetan maisua dela argi utzi zuen. Hirurak erantzun zituen ederki. Hauxe lehenengoa:
Behobian korrika
hemezortzi mila.
Denak azkar joateko
sekulako pila,
ta Donosti ez dago
nahi bezain hurbila.
Ondo prestatu dena
iritsi dedila.

Sei puntuko motzeko ariketan ere bikain aritu zen andoaindarra. Gizona jubilatu zaion emaztearen paperean kantatu zuen. Hauxe lehen bertsoaren azken zatia:
Lehen bazina ta bazendu,
zure falta nabarmendu.
Orain denbora eman didazu,
eta arnasa kendu.


Laboa Bergaran
Kartzelako ariketa iristerako, saio bikaina izaten ari zen inpresioa zabaldua zegoen bertsozaleen artean. Lujanbio ikusten zuten gehienek lehen lekuan, eta kartzelakoaren ostean inork gutxik izango zituen zalantzak. Mikel Laboak ezagun egindako “martxa baten lehen notak”  kantua doinutzat hartuta egin zuen ariketa hernaniarrak. Lan bikaina izan zen, hasi eta buka. Sei bertsolariak argazkilari paperean jarri zituen gaiak.  Debekatutako manifestazio batera joan den argazkilariaren lekuan jarri zen Lujanbio. Lehen bertsoan kantatu zuen kaskodun batek ezer ez zela pasa esan ziola. Hona bigarren bertsoa osorik:
Jendeak ihes ein du korrika
behe barru ta taberna,
hasi denean pelotazoen
eta tiroen galerna.
Lehen ere hau ikusia baitut
hainbat urteetan barrena,
ikusi ezta ere, hori pasa da,
imagina nezakeena.
Poliziari aurre eginez
nere argazkilari sena,
espaloi hutsak atera eta
esplikatu leike dena;
nahiz eta ez dela ezer pasa
den esaten didatena,
pasa ez denak erakusten du
sarri asko pasa dena.


Txapelketan oroitzen den bakarkako lanik onenetakoa egin zuen Lujanbiok. Horren ondoan itzalean geratu bazen ere, Mendiluzek ere azpimarratzeko moduko ariketa egin zuen. Andoaindarra istripu batera hurbildu berri den argazkilariaren paperean sartu zen. Hauxe bigarren bertsoaren amaiera
Argazkia ez da txarra,
egin diot tik bakarra,
bihar famaren aparra
baina sentipen arraroa da,
batzutan gogor xamarra:
Denek bi begi itxitakoan,
nik bat zabaldu beharra.

Honenbestez, irribarrea ahoan atera ginen Bergaratik. Hemendik aurrera ere Labegaraietan adina gozatuz gero, gustura aterako dira bertsozaleak.

Azken txanpa: zalantza ugari oraindik
Denetik utzi digu final erdien lehen faseak, baina txapelerako hautagaiak argi azaldu dira
Bertsoaren errusiar mendiak era guztietako sentsazioak utzi dizkigu final erdien lehen itzulian. Hala ere, Gasteizkoa salbu, saio bero eta onak izan direla esan dezakegu. Puntuei begira jarrita, lau bertsolari daude finalean hanka eta erdi dutela: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Aitor Mendiluze eta Jon Maia. Ia seguru BEC-en izango dira Egañaren ondoan. Gainontzeko hiru postuetarako lehia izugarria da.

Iturriaga eta Elortza
Bi bizkaitarrak izan dira fase honetako gurutzea. Iturriagak ez zuen bere eguna izan Gasteizen eta garaipenetik urrun geratu zen. Elortza ere, ez zen goi mailan aritu Tolosan eta poto bat tarteko, zail du pasea. Biek ere saio bikaina egin beharko dute finalean egon nahi badute. Aldiz, lehen aldiz finalera sartzeko moduan dira Miren Amuriza, Julio Soto edo Aitor Sarriegi. Oraingoz eurenak dira finalerako azken hiru postuak, eta hirurak ez badira ere, hiruretakoren bat BEC-en egoteko aukera handiak daude. Amuriza pasako balitz, historian lehen aldiz bi neska leudeke finalean. Baina aipatutako bostak ez dira lehian ariko diren bakarrak; Sustrai Colina, Uxue Alberdi eta Beñat Gaztelumendi ere gertu dituzte puntuetan. Guztia irekita dago, errusiar mendia abiatu da zuzen BEC-erantz.

18 sailkatuak
Bertsolaria    Puntuak (1.itzulia)
1- Maialen Lujanbio    708,5 puntu
2- Amets Arzallus    704 puntu
3- Aitor Mendiluze    680 puntu
4- Jon Maia    679 puntu
5- Miren Amuriza    655,5 puntu
6- Julio Soto    652 puntu
7- Aitor  Sarriegi    651 puntu
8- Sustrai Colina    646 puntu
9- Beñat Gaztelumendi    644,5 puntu
10- Iñaki Zelaia    643,5 puntu
11- Uxue Alberdi    637,5 puntu
12- Jone Uria    634 puntu
13- Onintza Enbeita    631,5 puntu
14- Arkaitz Estiballes    630,5 puntu
15- Igor Elortza    629 puntu
16- Unai Iturriaga    626 puntu
17- Iñaki Gurrutxaga    626 puntu
18- Jon Martin    619 puntu

Azken faseko 3 saioak
Gernika    Iruñea    Donostia
2009-11-21     2009-11-22    2009-11-29
Sustrai Colina    Amets Arzallus    Maialen Lujanbio
Miren Amuriza    Aitor Mendiluze    Jon Maia
Beñat Gaztelumendi    Julio Soto    Aitor Sarriegi
Jone Uria    Iñaki Zelaia    Uxue Alberdi
Igor Elortza    Onintza Enbeita    Arkaitz Estiballes
Jon Martin    Unai Iturriaga    Iñaki Gurrutxaga
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!