Beste gai batzuk jorratu asmoz deitua zuen Urnietako EAJ-PNV taldeak gaur goizeko prentsaurrekoa, baina azken orduko albisteak erabat aldarazi du aipatu ekitaldian adierazi nahi zutena. Etxeberri plazan eraikitzeko asmoa dagoen anbulatorioa bilakatu da goiz honetako albiste nagusian, une honetan, proiektua bera kolokan dago eta. Maribel Vaquero, Gaspar Esnaola eta Miren Martiarena zinegotzi jeltzaleek gogor salatu nahi izan dute, eurentzat azken aldian susmoa zen eta azken egunotan baieztatu ahal izan dutena; aurreko legegintzaldian 2009-10 urteetako aurrekontuetan Urnietako anbulatorio berriko lanetara bideratzea hitzartu ziren diru partidak ezabatu dituela Eusko Jaurlaritza berriak. Prentsaurrekoan zehaztu dutenez, 2009ko aurrekontuetan 400.000 euroko inbertsio partida hitzartua zegoen Jaurlaritzarekin, datorren urterako beste 1.000.000 eurokoa. Baina aipatu bezala, sozialistak buru dituen gobernu talde berriak aipatu inbertsiook aurrekontuetatik ezabatu eta beste proiektu batzuetara bideratu ditu. Kolokan jarriz, anbulatorio berriko lanak eta honenbestez, osasun zentro berria.
Emendakina Jaurlaritzako aurrekontuei
EAJ-PNV-ko udal taldetik eskaera argia egin dute, haserre: "Urnieta berriz, Eusko Jaurlaritzako agendan sartzea eskatzen dugu. Emandako hitza betetzea besterik ez da", adierazi du taldeko bozeramaile Maribel Vaquerok. Euren alderditik neurriak hartuko dituztela iragarri dute; batetik, Eusko Legebiltzarrean aurrekontuen aurkako emendakina aurkeztuko dute, eta bestetik, Urnietako udalean jada erregistratua dute udalbatzak onartu beharreko mozioa. Bertan, azaroaren 16an, datorren astelehenean burutzekoa den ezohiko osoko bilkuraren ostean, bozeramaileen batzordea biltzea eskatzen dute, gai honi buruz hitz egiteko.