Hondakinen tasa zenbat igo datorren urterako, erabakitzeke gelditu zen atzo burutu zen ezohiko osoko bilkuran. Ordenantza fiskalen gaia hartu zuten ahotan udal ordezkariek. Gobernu taldetik %20ko igoera aplikatzea proposatu zuten. Legedi europarrak behartuta, 2012rako udalerriek euren hondakinen kudeaketa autofinantzatu beharko dute. Epe muga horren baitan kokatzen da gobernu taldearen proposamena, datozen urteotan igoerak aplikatzean, legedien exijentziak bete ahal izateko. Oposiziotik segituan, sozialistak neurriaren aurka agertu ziren, herritarrak haserretuko direlakoan. Gainerako udal taldeak alde agertu arren, azkenean, osoko bilkuran etenaldia egitea proposatu zuten. Guztiak ados, sozialistak izan ezik. Azkenean, Herme Gonzalez ez beste gainerako udal taldeetako bozeramaileak bildu eta ezohiko osoko bilkura berri bat burutzea erabaki zuten. Datorren azaroaren 16rako, astelehena 18:00etan, ezohiko osoko bilkura deitu dute berriz, hondakinen tasa berria zein izango den erabakitzeko.
Udal ordezkariek eztabaidatu eta bozkatu behar zuten beste ordenantza fiskala urari dagokiona zen. Kasu honetan aldiz, aho batez onartu zuten. Bestalde, Egapen burutu nahi diren lanak aho batez baimentzea erabaki zuen udalbatzak.