Mandoegiko parke eolikoaren alde egin berri du Ingurumen azterketak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko aza. 11a, 19:19

Urriaren bukaera aldera Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak  Mandoegiko parke eolikoaren ingurumen azterketa onartu duela argitaratu da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Ingurumen azterketak egokitzat eta lehentasunezko jotzen du Mandoegiko parke eolikoa, baina hainbat baldintza jarri ditu hura eraikitzekotan: Leitzaran errekako biotopoa zaintzea, landaredia berreskuratzea eta urak babestea. Inguruan diren estazio megalitikoak zaintzeko betebeharra ere ezarri du txostenak.                                       
Hala ere hau ez da behin betiko baimena. Orain, Eudel, Diputazioek eta Jaurlaritzak ados jarri beharko dute  parke eoliko berriak eraiki ahal izateko betebeharrak adosteko orduan. Mandoegiko parke eolikoa egiteko asmoa dela eta, Gazumeko kasuan ez bezala, oraindik ez da protesta handirik izan. Gazumeko parke eolikoaren egitasmoak polemika eragin duen denbora berean, Mandoegikoa gauzatzeko urratsak eman dira ia oharkabean.
2009ko maiatzaren 5ean, Eusko Legebiltzarreko Industria Lansailaren ebazpena argitaratu zen Gipuzkoako Agiritegi Ofizialean. Horren arabera, Eolicas Euskadi S.A. enpresari “Mandoegiko parke eolikoa” eraikitzea baimentzen zaio.  

Eusko Jaurlaritzak 2002an EAEko Energia Eolikoaren Lurralde Plan Sektoriala (LPS) onartu zuenetik, Mandoegin parke eolikoa jartzeko asmoak hor izan dira. Hasiera batean 105 haize-errota ipintzea aurreikusten zen, orain aldiz askoz gutxiago. Nolanahi ere, auzia ez dago batere garbi.

 Orain zazpi urte atzera eginez, EAEko Energia Eolikoaren Lurralde Plan Sektorialean Leitzarango bailara eta Urumea bailara banatzen dituen Mandoegiko mendizerran 105 haize-errota ipintzea kontenplatzen zen. Administratiboki, Gipuzkoa eta Nafarroako lurraldeak dira. Garai hartan Eusko Jaurlaritzak ez zien jaramonik egin hainbat alderdi eta gizarte eragilek aurkeztutako alegazioei; alegazio egileen artean, Eguzki, AHTren aurkako asanblada, Euskal Herriko Mendi Federazioa, EHNE sindikatua eta Andoaingo herritar talde bat zeuden.
Laburbilduz, esan behar da energia eolikoaren alde egon arren, energia hori garatzeko modua kritikatzen zutela. Mendi gailurrak txikitu beharrean, potentzia murritzagoa sor dezaketen eremu txikiagoko parkeen alde egiten zuten. Datuak eskutan, ez zuten uste iragarritako egitasmo eolikoek Kioton ezarritako helburuak betearazten lagunduko zutenik, energia kopuru murritza lortzea espero baitzen horiekin. Aldi berean, Iberdrola bezalako enpresa pribatuen negozioa ikusten zuten egitasmoen atzean argi eta garbi, guztionak diren ondare naturalen kaltetan.
Mandoegiko mendilerroari dagokionez, ingurua hankaz gora jarriko zela salatzen zuten, haize-errotez gain, makina bat bide eta azpiegitura eraiki beharko liratekeelako paraje natural hartan.

Urtetan isilik
Zenbait urtetan Mandoegiko egitasmoa lokartuta zegoen itxura hartu izan du, albisterik ez baita sortu. Hala ere, Abadegurutze mendigainean urtetan martxan egon den haize neurgailuak bestelakorik adierazten zuen. Eta halaxe, 2008ko urtarrilaren 16an Eolicas de Euskadi S.A.k baimen administratiboa eskatu zion  Eusko Jaurlaritzari zentral eolikoaren egitasmoa gauzatu ahal izateko. Jaurlaritzak, urte bereko apirilean egitasmoa eta bere ingurumen inpaktuko azterlana jendaurrean jarri zituen hilabete batez, partikular eta erakundeek alegazioak aurkez zitzaten.
Gipuzkoako Mendi Federazioak, Hernani, Urnieta eta Berastegiko udalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak egin zituzten alegazioak. Era guztietako arrazoiak aurkeztu zituzten. Besteak beste: ingurumen inpaktuko azterlana ez zela batere zorrotza (Mandoegi-Urepel inguruari zegokiona batik-bat); bidea eraikitzeko lur mugimenduen, sarbidearen edo azpiegitura elkartuei buruzko datuak ez zirela zehatzak; ebakuazio elektrikoko linea oso-osorik lurperatu beharko litzatekeela (hegaztientzako eragozpenak ezabatzeko); kultur ondarea ez zela behar bezala babesten…
Egitasmoaren enpresa ustiatzaileak helegite horiei guztiei emandako erantzunak ontzat eman eta baimena eman berri du Gasteizko Industria Sailak 2009ko ekainean, goian aipatu den bezala.

55 metroko 28 haize-errota
Behin betiko egitasmoak dioenez, luzeran 55 metro dituzten 28 haize-errota eraikiko dira, eta 23,80ko potentzia du guztira zentralak. Haize-errota gehienak Elduaien eta Berastegiko lur sailetan jarriko dira (Mandoegi eta Urepel mendi inguruetan); sarbide nagusia, berriz, Urnieta eta Hernaniko lurretan zehar zabalduko da.
Bestalde, esan behar da Gazumeko egitasmoaren inguruko protestetan nabarmendu den SEO Birdlife elkarteak gora jotzeko helegitea aurkeztu berri duela, joan den urrian. Gobernuz Kanpoko Erakunde horren arabera, Mandoegiko egitasmoak ez du legea betetzen; indarrean den LPSean jasotzen denez egitasmo horrek 28 haize-errota EAEn eta beste 77 Nafarroan jartzea kontenplatzen du. Baina Estatuko eta Europako hainbat epaitegik adierazi dutenez, bi erkidego hartzen dituen egitasmoak goragoko instituzio batek (Madrilgo gobernuak, kasu honetan) kudeatu behar ditu. SEO Birdlifek, bestalde, egitasmoa hegaztientzat kaltegarri litzatekeela adierazi du, hainbat argudio emanez horretarako.

Parke eolikoak auzitan
EAEko zentral eolikoei buruzko datu kontraesankorrak heldu dira azken hilabeteetan, dena esatera. 2009ko ekainaren 17an, Eusko Legebiltzarrak bidean diren parke eolikoen tramitazio administratiboak eteteko eskatu zion Jaurlaritzari; legebiltzarreko talde guztiek hartu zuten erabaki hori, legez besteko proposamen baten bitartez. Azaldu zutenez, gerarazi nahi zituzten egitasmoak 2002an onartzeko Energia Eolikoaren LSParen ondorio dira; baina geroztik, izugarri aldatu dira ingurumeneko araudiak, baldintza zorrotzagoak jarri dira gisa horretako zentralak natur guneetan eraiki ahal izateko.
 Aldi berean adierazi zuten erakunde publikoen eta gizarte eragileen adostasuna beharrezkoa dela edozein plan gauzatzeko, eta gaur egun halakorik ez dela ematen.
Azken aldian erakunde publiko ugarik egin dizkiote antzeko eskariak Jaurlaritzari. Gipuzkoako Batzar Nagusiek Gazumen parkerik ez egitea eskatu zion maiatzean; Bizkaikoak, berriz, bertan behera uzteko parke eolikoen egitasmo guztiak, ekainean. Eta Arabakoak, azkenik, Bizkaiakoaren eskaera berbera luzatu zion orain bi urte.
Eusko Jaurlaritzak bere egin zituen eskari horiek. Eudel eta hiru Aldundiekin batera irizpideak bateratu beharko direla aitortu zuen 2009ko ekainean.
Nolanahi ere, Mandoegiko haize-erroten kasuan datu kontrajarriak agertzen dira. Ez da bertan behera utzitako egitasmoen zerrendan ageri. Aldiz, 2008ko azaroan proiektua martxan jartzeari onespena eman zitzaion. Eta ia urtebete igaro da onartu zena Agiritegi Ofizialean argitaratu arte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!