Ibilgailuen kontsumoa murrizteko ikastaroa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko aza. 11a, 19:10

Gidatu aurreztuz eta ingurumena zainduz, ikastaroa eskainiko da Urnietan azaroaren 28an. Trikimailu batzuk jakin eta zenbait ohitura aldatuta, egokiago gidatu daiteke. Ez hori bakarrik, baita gasolinaren kontsumoa %12raino jaitsi ere eta honenbestez, kopuru berean murriztu liteke karbono dioxido partikulen isurtzea. Abantaila eta onura hauen inguruko argibideak doan jaso ahal izango dira, Udalarekin batera Energiaren Euskal Erakundeak datorren azaroaren 28rako Urnietan antolatu duen ikastaroan.

FROGA PRAKTIKOA
egiteko AUKERA
Saio praktikoarekin ekingo zaio ikastaroari. Herrian zazpi bat kilometrotako ibilbidea autoz egiteko aukera izango da. Amaieran, erregaiaren kontsumoa eta denbora neurtuko dira. Jarraian, ikasgai teorikoaren tartea dator, eskuliburu baten bidez. Dirua aurreztu eta ingurumena zaintzeko hainbat argibide eskainiko ditu irakasleak, Lekaion. Amaitzeko, ikasitakoa praktikan jartzeko txanda izango da. Berriz ere, udalerritik osteratxoa egiteko aukera izango dute parte hartzaileek.
Helburua, ikasleak irakasgai teorikoa barneratu ote duen eta jasotako ezagupenak bigarren bira honetan aplikatuta, erregaiaren kontsumoa eta gastu ekonomikoa zenbateraino murriztu daitezkeen egiaztatzea da.
Autoz osatutako bi ibilbideen artean, parte hartzaile bakoitzak karbono dioxido emisioen kantitatean zenbaterainoko aldea egon den jakin ahal izango du.

ADI, IZEN EMATEA AZAROAREN 20AN AMAITUKO DA
Ikastaroan doan izen emateko epea zabalik egongo da hilaren 20ra arte, Udaleko ingurumen teknikariaren mahaian. Baina adi; izen eman ostean, hilaren 28ko ikastaroan parte hartzen ez duenak, bera ordezkatuko duen inor aurkitzen ez badu, 50 euro ordaindu beharko ditu.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!