Joxe Igerategi, zurgina eta Zilegi mendietako juntakoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko aza. 11a, 19:09

Joxe Igerategi Santa Kruz 1927ko urtarrilaren 27an jaio zen, Aldapeta kaleko Lizarraga etxean. Goiburu auzoko Larraintxuri baserrian jaio eta auzo bereko Arizmendi baserrian bizitutako Antonio Igerategi Lizarribar eta Andoaingo Antzizu baserriko Joxepa Anttoni Santa Kruz Sasiainen bost seme alabatatik bigarrena da. Oso ezaguna zen Burdinsoro etxearen ondoan zuen zurgindegia.

Hernanin zurgintzan ikasi ondoren, 25 urterekin Burdinsoro etxearen ondoan, aitak jarritako zerran hasi zen lanean. Eta oraindik zurgintza lanean jarraitzen du “denbora pasa” dio, 1987az geroztik Atxukarro etxearen ondoko etxe eta zurgindegi berrian.  

Kalean jaiotakoa zara, beraz?
Joxe Igerategi: Bai, gu bi anaia zaharrenak Lizarraga etxean jaio ginen. Gero, gure aitak taberna jarri zuen Larburuenea etxean eta hara joan ginen bizitzera. Gainontzekoak han jaiotakoak dira.

Nola gogoratzen duzu eskola garaia?
J.I.: Bost urterekin eskola publikoan hasi nintzen, baina oso gutxi joandakoa naiz. Beti enkarguak egiten eta horrela ibiltzen ginen. Obrak zirela eta tarte batean Oblatuetan ere ibilitakoa naiz.

Nolakoa zen garai haietako Matxo-enea taberna?
J.I.: Taberna txiki bat zen. Dolarea zuen eta sagardoa txotxean saltzen zen. Etxerako sagardoa erostera ere etortzen zen jendea. Gogoan dut, sagardo garaian, banaketan ibilitako kamioi mordoa gelditzen zela ilunabarrean Idiazabal kalean, bakailao tortilla jan eta sagardoa edatera etortzen ziren. Gureaz gain, plazan Denda Berri eta Eulia Enea tabernak zeuden eta Idiazabal kalean Zaldundegi eta Txapel.

Nolakoa zen orduko Idiazabal kalea?
J.I.: Behiak eta oiloak kalean ibiltzen ziren. Errepidean bertan, Mikaela Eneako aurrealdeko fatxadan pilota partidak jokatzen genituen. Partida hasi eta bukatu arte autorik etorriko zenik pentsatu ere ez genuen egiten.

Zilegi mendien salmentaren 50. urteurrena betetzear da, zu juntakoa zinen…
J.I. Bai, Zilegi mendietako eskubidedunen urteroko junta edo bilera Santa Katalina egunean egiten zen udaletxean. Bertan hartzen ziren urteko erabakiak. Gainera, joaten zenak juntaren bukaeran 2 pezeta kobratzen zituen. Terrenoen errendimenduak ziren. Artzainei eta bertan ganadua larrean zutenei kobratu egin zitzaien, iñistorra eta egurra ere kobratu egiten zen, eta horrela lortzen zen dirua. Azkenean 5 pezetara igo zen. Batez ere parrandarako erabiltzen zen.

Zenbat eskubidedun biltzen zineten juntan?
J.I.: Batzuetan 100enbat, beste batean 50enbat igual izango ginen, eguraldiak zerikusi handia izaten zuen. Presidentea, eta kargu guztiak denen artean izendatzen ziren. Presidentea bi edo hiru urtez behin aldatzen zen, azkenekoa Sagasti baserriko Manuel Etxeberria izan zen.
Eskubidedun izate hori nondik zetorren?
J.I.: Batzuk ziotenez Nafarroako Santxo erregeak Urnietan bizi ziren gizon guztientzako utzi zuen, eta gero herentziaz hartzen joan ginen eskubide hori. Kanpotik etorritakoak ez zuten eskubiderik, baina halako batean izan omen zen epe bat, diru kopuru bat ordaindu eta eskubideduna izateko, eta orduan hasieratik ez zeuden familia batzuk sartu omen ziren.

Egurra saltzen zela esan duzu, baina nor arduratzen zen arbolak landatzeaz?
J.I.: Mendia ia hutsa zegoen eta diputazioa hasi zen horretara behartzen. Orduan gure aita zegoen juntako presidente. Eta diputazioko presidentea etorri eta berarekin mendian hor ibiltzen zen. Gure aitak bi urteko epea eskatu zion landaketa egiteko. Lehenik landarearen hazia erein, mendia garbitu, itxi, zuloak egin, lan asko baitzegoen egiteko. Horretarako baimena eman zion eta mendian bertan insignis pinuaren hazia erein zuen. Handik bi urtetara diputazioko presidentea berriro mendira etorri eta zein landare ona zegoen ikusitakoan, beste bi urteko epea emango ziola eta landare horiek berak behar zituela diputazioko terrenoetan sartzeko esan zion aitari. Gure aitak erantzun zion “zuretzako ona baldin bada guretzako ere ona da” eta bertan landatu zituzten. Oso ondo etorri zen, baina hiru edo lau urtetara, 1956ko jelateak harrapatu eta dena galdu zuen, Zuloeta baserritik hasi eta Onddin gailurrerainoko dena. Gero, saldu aurretik, berriro landatu zuten.

Nolatan hartu zen saltzeko erabakia?
J.I.: Ez dakit. Orduan Hernanin baziren bi korredore salerosketetan ibiltzen zirenak, haiek kontua aterako zuten erosleren bat bazutela edo. Aurrenetik gehienak ezetzean zeuden, ez zela saldu behar. Eta juntan, hamar urtetan ez saltzeko erabakia ere hartu zen. Hamar urteko epe hori jarri, eta handik bi urtera saldu egin zen, beraz ez zen bete hartutako erabakia.

Zu ez zinen saltzearen aldekoa…
J.I.: Saltzea erabakitakoan, 36 baginen ezetzean, baina urte pare bat joan ziren saltzerako eta bitartean, bati etxea erosteko aukera sortu zitzaiola, besteari ez dakit zer, azkenean gai horri buruzko lau edo bost junta egin ondoren, hiru bakarrik gelditu ginen saldu gabe. Jose Maria Belauntzaran (bera ere Zilegi mendian eskubideduna zen) abokatuarengan jendeak konfiantza handia zuen, hura ibili zen buru saltzeko orduan. Izan ere, orduan erdaraz ere ez zekien jendeak, eta norbaiten laguntzaren beharra bazuen.

Junta ezohiko edo bereziak ere egin ziren gaiarekin?
J.I.: Bai. Saldu nahi zutenek lehenbailehen saltzeko desiratzen zeudelako. Zaharrek dirua nahi zuten beren azkeneko urteetarako, erretirorik ez baitzen kobratzen orduan. Diru soinu handiak zebiltzan aurreneko eskaintza egin zenean, jendeak uste zuen izugarrizko dirutzak etorriko zirela, milioiak aipatzen ziren. Milioia orduan gauza handia zen. Azkenean, metro karratuko 1,71 pezetetan saldu zen eta dirutan 14 milioi edo horrelako zerbait izango zen guztira jasotakoa. Eskubidedun bakoitzak 45.000 pezeta jaso zituen.
 
Saldu gabe geratu zineten hirurok, lur-sail bana jaso zenuten.
J.I.: Bai, lur sail hori Zilegi mendien izkina batean izatea eskatu nuen eta Anatxeneko ondoan izatea erabaki zen. Ideiarik ere ez genuen zenbat metro ziren guztira eta zenbat ginen eskubidedunak. Han bertan egin ziren kalkuluak eta bakoitzari 30.000 metro karratu egokitzen zitzaizkigula erabaki zuten. 25.000rekin konformatzen nintzela esan nuen eta beste biek ere baietz esan zuten, beraz bakoitza 25.000 metro karraturekin gelditu ginen. Nik ez dut ezer berezirik egin bertan, baina arbolak landatu eta haiek zainduaz gozatu egin dut.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!