Santa Zezili bezpera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko aza. 11a, 19:08

Santa Zezili eguna ospatuko da azaroaren 22an, eta eguna gerturatu ahala musikari lotutako ekimenak ugaritzen ari dira nonahi. Urnietan ere izango da musikarien eguna ospatzeko aitzakiarik. Bezperan, hilaren 21ean hitzordua finkatua dute Donostiako Eskola-Gurutziaga abesbatzako kideek Sanmiel elizan. Euskal abesti ezagun ugari kantatuko dituzte, iluntzeko 19:00etan hasiko den meza nagusian eta jarraian eskainiko duten emanaldian.
 
EMANALDIA, OSPAKIZUN
Pianoa lagun, rock ukituko abestiak tartekatuko omen dituzte, eta baita habaneraren bat ere. Pianoa jo eta abesbatza zuzentzeaz Jon Alberdi arduratuko da, ohiko zuzendari eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoan gidari lanak burutu izan dituen Juan Jose Ocon ordezkatuko du. Musikari lotutako egun handiaren bezpera izanik, larunbat iluntzea afari eder baten bueltan amaitu nahi dute abeslariek. Gurutziaga Abesbatza Gotzon Aulestiak sortu zuen 1980. urtean. 40 ahots baino gehiago biltzen ditu. Gipuzkoan, eta baita espainiar zein frantziar estatuetan hainbat emanaldi eskainitakoak dira. Besteak beste, 1998an Autolgo musika abesbatzen jaialdian bigarren saria eskuratu zuten.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!