Hitzordu bikoitza Xoxokan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko aza. 11a, 19:07

Urriaren 10ean, garai batean eskola, gerora aterpetxea eta aurrerantzean auzotarren bilgune izango den eraikin berria inauguratu zuten Xoxokan. Udala eta Behemendirekin elkarlanean, Goiburuko bizilagunek auzo giroa eta auzolana berpizteko emandako lehen urratsa izan zen. Iragarri zutenez, hurrengo pausoa ekimenak antolatzen hastea zen eta egun, zeregin horietan murgilduta dabiltza. Bi hitzordu deitu dituzte, datozen egunotarako.
 
AUZOTARREN BILKURA
Igandean, azaroak 15, elkarteari buruzko proposamen edo ekarpenak jaso nahi dira. Horretarako bilkura antolatu dute goizeko 10:00etik aurrera egoitza berrian. Goiburuko auzotarrei bertaratzeko  gonbita luzatzen zaie.
BELTRANEN EMANALDIA
Azaroaren 20an bestalde, Euskal Herriko soinu tresnen erakustaldia eskainiko dute Juan Mari Beltran eta bere talde kide Ander Barrenetxeak eta Andoitz Antzizarrek, auzo elkarteko egoitza berrian. Alboka, adarra, txalaparta, danbolina, txistua... Emanaldiaren bidez, Euskal Herriko musikaren hainbat alderdi erakutsiko dituzte, iluntzeko 20:00etik aurrera. Sarrera doan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!