Susana Cencilloren Soinuak musika eskola, taulagainera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko aza. 11a, 19:06

Urtea borobiltzen ari dira Susana Cencillo eta Soinuak musika eskola. Pozik egoteko arrazoiak badituzte, gutxienez hiru: Eskola martxan jarri zutela hamar urte bete dira, Andoaingo nazioarteko jaialdia laugarren urtera iritsi da eta ikasleak zuzenean ez ezik CDetan ere grabazioak egiten dabiltza.

Sasoiko dagoela, alegia, akordeoia. Soinuak musika eskolak dagoeneko bide luzea egin du eta ibilbide horretan ezin bereizi pertsona eta erakundea, bestela esanda, Susana Cencillo irakaslea eta Soinuak Musika Eskola.

Besteak beste asteburu honetan cd bat aurkeztu duzue. Azal iezaguzu lan honen nondik norakoa?
Susana Cencillo. Akordeoilarien elkarteak urteko CDa grabatzeko ohitura dauka eta aurten elkarteko bazkide txikienei aukera eman zaie, 12 urte bitartekoei. Lan piloa egin eta gero, bertsio bat prestatzea lortu genuen. Euskadiko Orkestraren egoitzan grabatu genuen eta CDan dauden hamar kantuetatik gurea da lehenengoa, diskoa zabaltzen duena.
Parte hartzea Euskadi eta estatu mailakoa izan da.

Grabazioarena zer moduzko esperientzia izan da?
S.C. Polita eta motibazio aldetik ere ikaragarria. Grabatzeko aukera gutxi izaten da eta esperientzia bezala ere oso ona izan da.
Basteron larunbat honetan eskuragarri izango da, eta www.unac.es webgunean ere bai.

Zein helburu ditu CD-ak?
S.C. Pedagokikoa da. Ondo pasatzea musika egiten, baina CDan hainbat pista baliagarri izango zaizkie Karaoke moduan jotzeko. Kantuaren oinarriak izango dira haiek akordeoiarekin batera jotzeko.
Egunero jarduteko oso lagungarria izango zaie, askotan kosta egiten zaielako musika egiten bakarrik aritzea.

Eta larunbat honetan, bestalde, nazioarteko IV.Jaialdia. Haurrak protagonista dira aurten, zergatik?
S.C. Punta-puntako musikariak etorri dira hona. Galliano munduko onenetarikoa eta akordeoiaren historian oso inportantea dena hona ekarri genuen. Horrela jarraitu dugu eta aurten ere maila handiko akordeoijoleak izango dira.
Elkartean, ordea, gure ikasleak bazkide dira. Eta haiekin gogoratu gara eta zerbait berezia egitea pentsatu genuen.

Zer eskainiko dute Andoaingo akordeoilariek?
S.C. Eguerdian, aurkezpenean, CDan grabatu dugun kantua eskainiko dugu. Bestalde, galaren hasieran parte hartuko dute “Happy together” izenburupean. Sorpresa txikia izango da, baina ezin ezer aurreratu. Basterora doazenak izan daitezela jakiten, eta ikusten, lehenak.

Nazioarteko jaialdia egitea zergatik da garrantzitsua?
S.C. Hemen Euskal Herrian akordeoiaren inguruan denok ezagutzen dugu elkar. Kanpoan zer egiten den ikusteko antolatzen ditugu jardunaldiak. Kanpora ateratzeko aukera gehiago dugu orain, baina ikasleentzat Andoainen bertan munduko onenak ikusteko aukera izatea luxua da.
Aurtengo izarren deskribapena egingo zeniguke?
S.C.Vasiljevic serbiarra klasikoan eta garaikidean maisua da. Frade&Giulliano bikoteak beste estilo guztiz ezberdina landuko du, jazz kutsukoa.

Zer moduzkoa da eskolaren martxa?
S.C. Aurten hamargarren urteurrena ospatuko dugu eta pozik gaude. Bidea eginez joan gara, hamar urte ez da gutxi! Oso gustora gaude, eta kalejira nahiz emanaldien bidez herriari ere ekarpena egiten diogula uste dut.

Bukatzeko zergatik akordeoia?
S.C. Maiz galdetu didate hori. Oso gustokoa dut, ez nuke beste musika tresna batengatik aldatuko. Posibilitate piloa dituen instrumentua da, inork gutxik daki musika aukera zabala eskaintzen duela. Mundu bat da akordeoia.

 

Hitzorduak larunbat honetan
Soinuak Musika Eskola
"Recopilation 2009 For Children” CDaren aurkezpena.

  • 12:00 Akordeoilarien elkarteak akordeoiari buruz antolatzen dituen jardunaldien baitan.
  • 16:30 Haurrentzat akordeoiari buruzko bideoklip eta dokumentalen proiekzioa.
  • 18:30 Gala-kontzertua: Andoaingo eta Hernaniko akordeoijoleek atarikoa egingo diete nazioarteko ordezkariei. Nazioarteko partaidetza: Dragan Vasiljevic (Serbia), Joao Frade (Portugal) & Guy Giulliano (Frantzia).

Andoaingo partaideak CDan.

  • Garbiñe Aizpurua Lopez, Lierni Guedejo Ezenarro, Olatz San Buenaventura Irigoras, Eneko Soto Lamata, Iñigo Zubillaga Arruabarrena eta Unai Zubillaga Arruabarrena.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!