Herriaren ezagutza hobea lortu asmoz balio handiko planoak aurki daiteke lehen liburuxka honetan. Xehetasun handikoa da. Horrez gain, kale bakoitzeko erreferentzia egiten da argazki batez lagunduta. Erreferentzia horiek kalearen izenaren arrazoia edo jatorria argitzera datoz eta hori bereziki eskertzekoa da Zumea plazako eremu horretan bizi diren andoaindar gazte eta kanpotik etorritako pertsona gehienentzat.
NAHASMENAK SAIHESTEKO EGOKIA
Etxeberrietan eta Txitibar baserriaren lur eremuan bizigune berriak eraiki direnetik, kale eta plaza batzuren inguruan nahasmena nagusi da oraindik ere. Adibideak jartzen hasita, Txitibar jatetxea ez dago Txitibar plazan. Taberna-jatetxea Zumea plazan dago.
Eta Txitibar plaza, berriz, Etxeberrieta aldera doan errotondak eta hura inguratzen duten lau etxebizitza-eraikinek osatzen dute.
Zumea kalea eta Zumea plaza ere bereiztu behar dira. Zumea kalea betiko kalea da Andoainen, Maindi iturria esaterako Zumea kalean dago.
Zumea plazak ez du zerikusirik kalearekin. Errepideak bereizten ditu gainera. Zumea plazan zeresan handia ematen duen eskultura dago, besteak beste. Bestalde, Zumea plazaren atzekaldeak Zumea kalea izena duela uste dute askok. Eta ez da horrela, Goiburu azpikaldeko kale horren izena Belabi kalea baita.
LIBURUXKAREN AURKEZPEAN
Zalantza horiek eta gehiago argitzeko, Andoaingo Udalak kalitate handiko argitalpena ekoiztu du. Hiru liburuxkatan Andoain bere kale eta plazetan barrena ezagutzeko aukera izango da. Lehen liburuxka hilabete honen amaieran aurkeztuko da Bastero kulturguneko ekitaldi aretoan, azaroaren 26an iluntzeko 19:00etan hasita.
Hurrengo hilabeteetan beste bi gehiago banatuko dira, horiek ere herriguneko etxebizitza guztietan.
Argitalpena bi hizkuntzatan idatzita dago, euskaraz eta gaztelaniaz.