Naroa Zubillaga: Kafka eta Funkeren itzultzailea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko aza. 2a, 13:49

Naroa Zubillaga (Andoain, 1982) itzulpengintzara emana dago ofizioz eta afizioz.
Franz Kafka eta Cornelia Funke itzuli ditu euskarara orain arte.

Nondik norakoa izan da zure ibilbidea, itzulpenaren munduan?
Gasteizko fakultatean itzulpengitza ikasi nuen; ingelesa eta alemaniera hautatu nituen. Ikasketen azken urtea Alemanian bertan egin nuen.
Ikasketak amaituta, itzulpen bulego batean hasi nintzen lanean. Gaur egun fakultatean bertan eskolak ematen ari naiz, ordezkapen bat eginez. Lau ikasgai ematen ditut, ingelesetik euskararako itzulpen praktikoarekin zerikusia dutenak.
 
Badirudi alemaniera itzultzen espezializatu zarela…
Ez nuke esango espezializatu naizenik, baina Alemanian ikasturte batez bizi eta bertako hizkuntza ikasi nuenetik interes handiarekin jarraitzen dut Alemaniako literatura, aktualitatea…

Kafkarekin hasi zinen itzulpegintzan…
Itxaropen handirik gabe aurkeztu nintzen EIZIEren itzulpen-lehiaketara. Baiezkoa eman zidatenean, poza sentitu nuen, baina baita ardura eta beldurra ere! Kafka baitzen itzuli beharrekoa, klasiko bat literatura unibertsalean. Lanean hasi aurretik dokumentatu egin nintzen: berari buruzko biografiak irakurri, haren testuinguru historikoan murgildu… Ez dut esango bere sormena ulertu nuenik erabat, baina bai “kafkatu” nintzela pixka bat.

Kafkaren unibertsoak kontraesanez beteriko mundura darama irakurlea. Zu ere eraman al zaitu?
Nekagarria egin zitzaidan itzulpena; esaldi bat itzuli eta atsedena hartu behar izaten nuen askotan.
Egia esanda, niri ere gertatu zait Kafkaren mundu surrealista horretan galtzea. Maiz gertatu zitzaidan lehen irakurketa batean ulertu zer esaten ari den, itzuli testua, eta gero itzulitako hori irakurtzearekin batera, nire buruari galdetzea: “baina zertara dator hau?”.
Dena den, Kafka konplikatuegia dela dio jende askok, baina niri izugarri gustatzen zait.

Edonori gomendatuko zenioke, beraz, itzuli duzun ipuin sorta?
Erabat. Liburuan era guztietako ipuinak topa daitezke: motzak, luzeagoak, poetikoagoak, ulerterrezagoak… Metamorfosiako kakalardoarekin identifikatzen da Kafka, baina baditu beste makina bat ipuin zoragarri. Ipuinak izango dira bere literaturara iristeko biderik errazena ziurrenik.

Cornelia Funkeren Tinta-bihotz da itzuli duzun bigarrengo liburua, fantasia literaturako ale hori…

Haur eta gazte literaturan kokatzen den arren 600 orrialdeko liburu honek eragin dizkit buruhasteak; ez noski, Kafkaren XIX. mendeko idazkerak bezainbat. Funkeren trilogiaren lehena da, eta oraintxe zinemara eramana da. Arrakasta handiko nobela da, modan dagoen fantasiako generoan. Harry Potterrekin alderatu dute, baina nik gehiago ikusten diot Michel Enderen Amaigabeko istorioatik. Zerikusi gutxi du Potterrekin eta bere erratzarekin. Deskribapenen aldetik testu landuak dauzka eta irakurzaletasunaren magia bultzatzen du.

Zertaz doa liburua?
Aita eta alabaren arteko istorioa kontatzen du. Aitak istorioak irakurtzen dizkio alabari, eta gaitasun berezia du: ozen irakurtzen duenean, pertsonaiak liburutik mundu errealera igarotzen dira. Alde horretatik ahots goran irakurtzeari omenaldiak egiten dizkio liburuak etengabe.

Euskal gazteengana erraz irits daitekeen liburua dela esan al daiteke?
Ez dakit zer esan… Oso atsegina da berez istorioa, baina haur eta gazte literaturan sailkatzen dutenean nire buruari zera galdetzen diot: ea euskal gaztetxoek gauza izango ote diren liburu hori irakurtzeko… Izan ere, iruditzen zait marrazki asko dituzten liburu laburretara ohitzen ari direla.
Euskal irakurleek errezeloak azaltzen dituzte maiz itzulpenekiko…
Ohitura kontua da. Dena gazteleraz kontsumitzera ohitu gara zoritxarrez. Egoera guztietan bezala, zure burua hezitzean datza kontua. Behin ahalegin hori eginda, erraza da plazera bilatzea. Gauza txukun asko aurki daiteke euskal itzulpegintzan gaur egun.

Merezi duen garrantzia eman ohi diogu itzulpengintzari?
Inondik ere ez. Beste hizkuntzetako literatura ona euskaraz irakurtzeko aukera izatea, gehiago baloratu beharko genuke. Gainera, literatura klasikoko itzulpenekin beste alderdi positibo bat nabarmenduko nuke: beste hizkuntzetan modu zehatz batean sortu dena, euskaraz beste modu batera ere aurkez daitekeela, itzulpena gauza automatikoa izan gabe. Esate baterako Kafka itzulita egoteak euskal literaturari egin dieziokeen ekarpena, literatura egiteko eredu berriak proposatzea izan daiteke.

Barrutik, nola ikusten duzu euskarazko itzulpengintza?
Nahiko baikorra naiz. Orain gutxi arte mendekotasuna handia zegoen gaztelerarekiko; hizkuntza horretan zerk zeukan arrakasta, hura itzultzen zen ia. Gaur egun argitaletxeak apostu sendoa egiten ari dira Frankfurt eta horrelako azoketara zuzenean joan eta gauza interesgarriak, jatorrizkoak, ekartzeko. John Boyneren “Pijama marradunez jantzitako mutikoa” nobelaren kasuan adibidez, Alberdania argitaletxeak gaztelerazko edizioa bezain bizkor atera zuen euskarazkoa, eta ondo saldu zen. Horrek erakutsi zuen apustuak egin, egin behar direla; diruak tartean egon behar du, noski.
 
Itzultzaile baten atzean idazle bat egoten dela dioen esaera, zurekin betetzen al da?
Normala da idazletxoren bat edukitzea barru-barruan irakurri eta itzultzea gogoko duen edonork. Niri dagokidanez, burutik pasa izan zait idazten hastea, baina oraingoz ez naiz jarri horretara; agian ideiarik ez zaidalako bururatu.


Bixente Serrano Izko literatur kritikariak Berria egunkarian Zubillagaren lehen itzulpenari (Kafkaren Bizian argitarauak) egindako iruzkinaren zenbait pasarte:

“(…) Kafkaren zale amorratua naizenez, aldera ditzaket elkarrekin ipuin hauetariko gehienen gaztelerazko eta euskal itzulpenak. Konparatu, eta harro gelditu naiz, irakurle euskaldun bezala, Naroa Zubillagaren emaitzaz.
(…) Funtzio berezia betetzen du Kafkaren idazkerak: deskripzio eta arrazoibideen enbor eta adarrei atxiki zaie sintaxia, sugetzar baten antza, sigi-saga amaigabeetan garatuz pasarteak, perpaus nagusien atzetik menpekoetako tren luzeak jarriz, azken hauek berriz ere elkarrekin hierarkizatuz…
(…) Kafkari irakurtzeak beti eskatuko dizkigu ahalegin sortzaileak, baina kasu honetan ez dizkio euskarak oztopo handiagoak jarriko irakurle gogotsuari".   
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!