Zorionak Estanix eta Rainbow tabernari

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko aza. 2a, 13:44

1989ko uztailaren 24an zabaldu zuten Estanix Ugartemendia eta Muño Iturbek Rainbow taberna. Hogei urte geroago bertan jarraitzen du Estanixek.

Oso ezaguna da Estanix herrian. Rainbow zabaldu aurretik Txermingo Arnasa taberna ireki zuen Juan Mari Mujikarekin batera eta zortzi urtez aritu zen lanean bertan. 1989ko uztailaren 24az geroztik Rainbow-en ari da. Gogoan du taberna zabaldutakoan jarri zuten lehenengo kantua “Rainbow taldearen ‘Kill the King’ abestia, zuzeneko bertsioan. Muño eta biokin batera, Iñaki Oiartzabal, Jon San Sebastian, Txomin Ugalde eta Perikles aritu ziren lanean lehenengo Santio haietan”. Taberna zabaltzearekin batera Amaia neskalaguna ezagutu zuela adierazi du, “Argoinen egiten zuen lan”. Geroztik urte asko igaro da eta atzera begira jarritakoan, batzuetan urrun eta bestetan oso gertu ikusten du Rainbowen irekiera, “gogoko dut tabernako lana, nahiz eta batzuetan neketsua den. Villabonako eta inguruko jende asko ezagutu dut tabernan: futbolekoak direla, musikarekin lotura dutenak…, denetarik”. Tabernari izan aurretik beste lan batean ere aritu zen, “mutikotan Sacem lantegian egin nuen lan bost urtez”.

Musika sakratua
Estanixen zaletasunik handiena musika da, “diskoak erosi eta entzutea, eta bereziki, kontzertuetara joatea gustatzen zait. Musika sakratua da niretzat”. Gogoan du ikusi zuen lehen kontzertua, “14 urterekin Rory Gallagher ikusi nuen Donostiako kiroldegian. Huraxe izan zen nire zuzeneko lehen kontzertua. 225 pezeta ordaindu nuen sarrera”. Geroztik kontzertu ugaritan izan da eta haietako askoren sarrerak tabernan ditu koadroan jarrita. Gitarrista bezala gehien gustatzen zaion musikaria Gallagher bera da, gainerakoan, Deep Purple edo Rainbow aipatu ditu. “Tabernari gogoko taldearen izena jarri nion, baina baita ortzadarra gustatzen zaidalako ere”. Ikusi besterik ez dago musika jartzea zein gozagarri zaion, “hasieran LPak, gero CDak eta azken urteetan ordenagailu bidez jartzen dut gehiago”. Musikaz gain, badu beste afizio handi bat: Realaren jarraitzaile sutsua da eta emaitzak ikusita, pozik dabil aurten. “Gijonen izan nintzen lehenengo liga irabazi zutenean, bigarrenean ere bai. Orain oso tarteka joaten naiz Anoetara, baina telebistaz partida guztiak jarraitzen ditut”.

Urteurreneko jaialdia
Azaroaren 7rako urteurrena ospatzeko jaialdia antolatu dute. Beste lagun askorekin batera, Muño Iturbe, Iñaki Alkorta eta Iñaki TC aritu dira egitaraua lotzen. Arratsaldeko 16:00etan hasita, Gregorio Galvezek gidatzen duen Herri Irratiko (FM 87,9) Sektor Rock irratsaioa zuzenean aireratuko da Rainbow tabernatik bertatik. “Gipuzkoan musikaz gehien jakingo duena izango da Galvez. Izugarri ona da. Larunbatero bi orduko irratsaioa egiten du 16:00etatik 18:00etara, Euskal Herriko egungo musika mugimendu eta kontzertuez. Nik larunbatero entzuten dut programa eta gustatzen zaidala dakitenak harremanetan jarri ziren berekin. Modu horretan sortu zen irratsaioa zuzenean egiteko ideia. Elkarrizketak eta musika tartekatuko ditu eta Borja Blues izango da gonbidatu berezia”. Irratsaioa amaitutakoan Andoni Irazustabarrena eta Imanol Eizmendi DJ lanetan arituko dira eta Rainbow-ko barran pintxoak jarriko dira nahi duenarentzat. Gauean Boogie Van, The Inductions eta Children of the Grave taldeek kontzertuak eskainiko dituzte kiroldegiko tabernan 22:30etatik aurrera. “Gaueko 21:00etan Rainbow taberna itxi eta kiroldegiko tabernan jarraituko du jaiak, goizeko 06:00ak arte”. Hogei urtean zehar tabernari askok egin du lan Rainbowen eta gau horretan, kiroldegiko tabernan arituko dira txandaka, hasierakoetatik orain artekoak. “Denen izenak jartzea ezinezkoa denez, eskerrak eman nahi dizkiet tabernari guztiei eta baita jaialdia antolatzen lagundu dutenei ere; besteak beste, Kitilo nahiz Karlisi eta Amasako Iturri Goxoko lagunei”. Dagoeneko bukatu samar dauden errifak eta kamisetak ere atera dituzte gastuei aurre egiteko. Tabernatik jai izango du asteburuan Estanixek, dudarik gabe, egun handia izango da beretzat, “biltzen garenak gustura egotea nahiko nuke, jai xumea baina polita izango da”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!