Kantuki, dantzarako gonbidapena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko aza. 2a, 13:38

Zortzi musikari gazteek gogoz eta ilusioz ekin diote apustu berriari.
Azaroaren 14an Amasako Samartiñetan izango dira.

Amasa-Villabonako Irati Olazabal (akordeoia), Izaro Otaegi (trikitixa, panderoa eta ahotsa), Miriam Quinn (bibolina) eta Odei Esnaolak (bateria), Zizurkilgo Irene Larrañagak (poxpolina eta panderoa), Alkizako Tomax Lizardik (gitarra eta ahotsa), Anoetako Nahikari Callejak (baxua eta ahotsa) eta Lizartzako Garazi Esnaolak (teklatua, panderoa, ahotsa…) osatzen dute Kantuki taldea. Loatzo musika eskolako ikasle eta ikasle ohiak dira gehienak eta Oinkari dantza taldearekin musikari nahiz dantzari moduan aritzen dira.

Nola sortu zitzaizuen Kantuki taldea sortzeko ideia?
Oinkari dantza taldetik sortutako taldea da. Izaro eta Irene dantzan aritzen baziren ere, musikari moduan hartzen genuen parte gehienek taldean; txikiekin aurrena, helduekin ere bai orain. Abuztuan Murtzian izan ginen dantza taldearekin eta kontzertu pare bat ere eskaini genuen. Kontzertu haietan, dantzari moduan joan zen Izaro taldean abesten hasi zen eta Irene, dantzari ez ezik, musikari ere hasi zen udan. Bidaia hartatik bueltan, talde bat sortzea polita izan zitekeela pentsatu genuen eta bi ideia bururatu zitzaizkigun: Horietatik bat gauzatu dugu dagoeneko, Gipuzkoako Kantu Txapelketan aurkeztea, eta bigarrena, Amasako jaietan jotzea. Azaroaren 14an izango da hori.

Bat-batean sortu duzue taldea, beraz…
Hasieran erdi txantxetako kontua izan zen eta gero serio eutsi genion ideiari, partiturak lortzeari, entseatzeari… Egia esan, bi hilabeteko kontua izan da, oso intentsoa. Zailena jo nahi genuen musika estiloa erabakitzea egin zaigu.

Zein aukeraketa egin duzue?
Plazako taldea izango da gurea eta euskal musikako kantu ezagun eta dantzagarriak joko ditugu. Guri gustatzen zaizkigun kantuak aukeratu ditugu: kalejirak, fandango eta arin-arinak, baladak, kantu gogorxeagoak… Denetarik: Lau teilatu, Maite zaitut…

Zer moduz Kantu Txapelketako esperientzia?
Aste honetan jakingo dugu finalera pasatzen ote garen edo ez. Beasaingo kanporaketan hartu genuen parte eta gustura geratu ginen egindakoarekin. Oso ondo pasa genuen. Hasieran taula gainera igotzea kosta egin bazitzaigun ere, behin igotakoan, kantu gehiago jo eta abesteko gogoz geratu ginen. Mikel Urdangarinen ‘Non geratzen den denbora’ kantua abestu genuen. Zizurkilgo Aiora Irazustak ere gurekin abestu zuen, hiru ahotsetara egin genuen kantua. Txapelketa ondo etorri zaigu hasteko, sarrera moduko bat izan da.  Finalera pasako bagina, azaroaren 15ean Donostian arituko ginateke.

Azaroaren 14an Amasako Samartiñetan joko duzue, gogotsu?
Egia esan, urduri samar gaude. Oinkarirekin jendaurrean jotzera ohituta gauden arren, ezberdina izango da hau. Dantza taldean atzean aritzen gara eta beste era bateko protagonismoa izaten dugu. Gainera, dantza taldekoak, lagunak, ikaskideak…, jende dezente etorriko da eta lehen kontzertua izanda, nola moldatzen garen ikusi beharko da. Gerturatzen direnek dantzan parte hartzea gustatuko litzaiguke eta kontuan izan dezatela lehen kontzertua dela.

Aurrera begira baduzue emanaldi gehiago lotuta…
Anoetako eta Hernaniko Gaztetxeetan joko dugu abenduaren 5 eta 12an. Bestalde, aurtengo Gabonetan ere Kantina jarriko du Oinkari dantza taldeak kiroldegiko tabernan eta han ere emanaldia eskainiko dugu. Hortik aurrera ikusiko dugu…

Amasako  Samartiñetako egitaraua
Azaroak 10, asteartea

20:00 Martina sorginari ongi etorria eta pintxo dastaketa Kultur Etxean.
Azaroak 11, asteazkena
(San Martin eguna)
10:30, Meza nagusia
Ondoren, Herri kirolak. Otaegi eta Otaño aizkolariak eta Irigoien eta ‘Izeta’ harrijasotzaileak, bertsolari eta trikitilariek alaiturik.
20:30, Mondeju afaria Uxo Tokin.
Azaroak 12, osteguna
06:00, Gazteen gosaria Ongi Etorrin, trikitilari eta dultzaineroekin.
14:00, Gazteen bazkaria Uxo Tokin.
16:30, Soka-dantza eta Aurreskua plazan. Ondoren, erromeria.
21:00, Gazteen afaria Iturri Goxon.
Azaroak 13, ostirala
17:30, Pirritx eta Porrotxen Piratak emanaldia. Txokolate beroa.
20:00, XVIII. Bakailao lehiaketa frontoian.
23:30, Laiotz-ekin dantzaldia.
Azaroak 14, larunbata
11:00, Ume krosa.
Ondoren, dultzaineroak.
14:00, Txekor jatea.
17:30, Kantu poteoa.
22:30, Bertso jaialdia: Amets Arzallus, Aitzol Barandiaran, Beñat Gaztelumendi eta Jexux Mari Irazu. Gai jartzailea: Amaia Agirre.
Ondoren, Zesatek taldearen kontzertua eta Kantuki taldearen dantzaldia.
Azaroak 15, igandea
Meza eta idi probak.
18:00, Herri kirolak. Ezkonduak ezkongabeen aurka.
Ondoren, Martina sorginari agurra eta XX. Intxorraren aldatzea.
Azaroak 22, igandea
11:00, Amasako XVII. Mendiatloia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!