Zilarrezko domina, Argentinatik etxera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko aza. 2a, 11:28

Argentinatik etorri berriak dira Maitane Aburuza eta Irati Ugalde gazteak.
Hogeita bi urtez azpikoen munduko txapelketa jokatu dute trinketean eta zilarrezko domina zintzilikatuta itzuli dira.

Ikus argazki gehiago

Paletaz, gomazko pilotarekin lehiatzen dira Maitane Aburuza eta Irati Ugalde. Zizurkildarra da Maitane, eta Amasa-Villabonan jaiotakoa Irati, nahiz eta egun Hernaniko Epele auzoan bizi den. Oso gazteak diren arren, urte mordoa daramate pilotan jolasten. “Hamasei urte ditut, eta duela sei edo zazpi urte hasi nintzen pilotan jolasten. Esku pilotan aritzen nintzen orduan, mutilekin batera. Hernaniko entrenatzaileak ikusi, eta nesken taldean izena ematera animatu ninduen”, azaldu du Iratik. Maitaneren bidea ere antzekoa izan zen: “Mutilekin esku pilotan aritzen nintzen, baina adin batetik aurrera ez nuen jarraitzeko modurik izan eta utzi egin nuen. Handik bi urtera, beste lagun batekin batera hasi nintzen paletaz jokatzen”.
Hiru hormako frontoian eta trinketean aritzen dira paletaz. “Urrian hasi eta ekaina bitarte luzatzen da denboraldia. Abendua arte frontoian jokatzen dugu eta hortik aurrera hasten da trinketeko denboraldia. Trinketeko jokoa politagoa da, biziagoa. Teknika gehiago behar da, baina frontoian aritzea baino politagoa da”, jakinarazi du Maitanek.

Uda berezia
Uztailean jakin zuten Argentinako munduko txapelketarako deitu zituztela: “Uda berezia izan da aurtengoa, mundiala prestatzen pasa dugulako. Iruñan, Irunen, Lekunberrin…, toki askotan egin ditugu entrenamenduak. Prestaketa fisiko berezia ere egin dugu. Ia oporrik egin gabe geratu gara, baina merezi izan du. Ahaztu gabe, eskerrak eman nahi dizkiogu Maider Mendizabal entrenatzaileari, ahalegin handia egin duelako. Bere denbora librea ere erabili du gure prestaketa hobetzeko eta hori eskertzekoa da”.
Urriaren 9tik 20ra luzatu da Argentinako mundiala, baina Maitanek denbora gehixeago pasa du etxetik kanpora: “Prestaketa lanak egiteko, Uruguay-ra joan ginen bi neska eta bi mutil. Astebete pasa genuen han, entrenamendu bereziak egiten”. Titular moduan aritu da Maitane mundialean eta Irati, ordezkoen taldean egon da.

Esperientzia ahaztezina
Argentinan bizitutakoa esperientzia ahaztezina izan da bi kirolari gazteentzat: “Oso harrera ona egin ziguten. Lehendabiziko egunetik antzeman genuen han zaletasun handia dagoela. Umeek autografoak eskatzen zizkiguten eta frontoiak egunero betetzen ziren. Kalean ere jendeak ezagutu egiten gintuen. Izugarria izan da”, azaldu dute. Kirol aldetik ere emaitza ederra lortuta etxeratu dira: “Ligaxkan Mexiko eta Argentinaren aurkako partidak irabazi genituen. Finalerdietan frantziarren aurka lehiatu eta irabaztea lortu genuen eta finalean, galdu egin genuen argentinarren aurka. Puntuaketa estua izan zen finalean. Mundialeko partidak bi set-era jokatzen dira eta set bakoitza hamabost tantora. Berdinduz gero, bost tantora erabakitzen da garailea. Set bana irabazi ondoren, hiru eta bost irabazi ziguten berdinketa hausteko set-ean. Urduri aritu nintzen finalean, ikusleak etxekoen alde zeuden eta presio izugarria zegoen, baina egindakoarekin pozik geratu gara”, azaldu du Maitanek.
Maila oneko taldeak topatu dituzte Argentinan. “Entrenatzaileak esan digunez, aspaldiko urtetan ez zen horren maila ona ikusi hogeita bi urtez azpiko munduko txapelketan. Oso talde onak topatu ditugu eta gustura gaude egindakoarekin”, diote.

Gazteen zaletasuna, goruntz
Emakumeen pilota goruntz datorrela iruditzen zaie Irati eta Maitaneri: “Oraindik ez dago egoerarik onenean, baina hobetzen ari dela ematen du. Emakumea pilotari ekimenak bultzada handia eman dio. Gure adinekoen artean hamar bat pilotari gara eta gure atzetik gazte asko dator. Hernanin, esaterako, zaletasun handia dago. Gure aurrekoek askoz ere zailagoa zuten aurrera jarraitzea, baina pixkanaka, gauzak hobetzen doaz, nahiz eta beste gauza asko dagoen hobetzeko”.
Etorkizuneko kirolari izendatu dituzte Maitane eta Irati: “Foru Aldundiak kirolari gazteei ematen dien laguntza da Etorkizuneko kirolari. Dirulaguntza emateaz gain, ikasketetarako laguntzak, kredituak…, eta beste zenbait abantaila ditu. Pozik egoteko moduan gaude”.
Argentinatik itzuli berritan, etxekoen eta herritarren txaloak jasotzen ari dira bi gazteak. Berriro ere entrenamendu eta txapelketatan murgildu eta ikasketei ere berrekiteko garaia iritsi zaie: “Kanpoan izan garenean galdutako azterketak eta atzeratutako lanak egiten ari gara orain. Zenbait garaitan nahikoa lan izaten dugu kirola eta ikasketak bateratzen, baina antolatuz gero, egin daiteke”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!