Iruña-Veleiako aurkikuntzak, eztabaidagai

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko aza. 2a, 11:25

Iruña-Veleiako aztarnategiari jarraipen berezia egin diote Aginalde eta Aritza taldeko kideek.
Gertutik jarraitu dituzte faltsutasun salaketak eta Eliseo Gilen taldeak emandako azalpenak.

Aritza eta Aginalde taldeetako kideek bat egin dute jarraipen horrekin eta horren lekuko, urriaren 22an Amasa-Villabonan antolatutako hitzaldi jendetsua. Duela sei hilabete hasi ziren Aritza taldeko kideak Iruña-Veleiako aztarnategiaren gaiari bueltak ematen. Horrela azaldu du Enrike Lahidalga kideak: “Faltsukeri salaketak egin zirenean, harrituta geratu ginen. Ez genuen gai horretan gehiegi sakondu eta bere horretan geratu zen. Duela urte erdi inguru heldu genion berriro gaiari. Eliseo Gilen taldeari hitza ematea erabaki genuen, eta horregatik antolatu genuen hitzaldia. Jendearen ikusmina sortu zuen gaiak eta pozik gaude erantzunarekin. Gaia oso gertutik jarraitu duen jendea etorri zen eta hitzaldiaren amaieran, jendeak galdera interesgarri asko egin zizkien hizlariei”.

Harridura, pozaren ondotik
Arantxa Zabalak jarraipen estua egin dio gaiari: “Ilusio handia sortu zitzaigun Iruña-Veleiaren inguruan. Euskaraz idatzitako hitzik zaharrenak agertu zirela jakinarazi zutenean, ikusmina eta poza sentitu genituen. Guretzako makilkada handia izan zen faltsutasunaren salaketa haiek ateratzea. Hasieratik iruditu zitzaidan gauzak egiteko modu bortitz hori nahiko susmagarria zela. Aurrez benetakotzat emandako guztia hankaz gora jarri zuten eta Eliseoren aurka egin zuten oso modu gogorrean”.
Iruña-Veleian agertutako ostraken argazkiak aztertzeari ekin zioten Arantxak eta Euskararen Biltzarreko hainbat kidek: “Eliseorekin biltzen hasi ginen. Informazioa eskatu genion, lanean hasi ahal izateko. Ordurako Gasteizko taldetxo bat ere bazebilen gaiaren inguruan. Ostraken irudiak interneten zintzilikatu ziren eta zenbait adituk irudien inguruko azterketak egiteko aukera izan zuten. Tartean ziren Juan Martin Elexpuru euskal filologoa edota Koenraad Van Den Driessche geologoa. Haien ustez, ezin zen hain garbi esan ostrakak faltsuak zirenik. Horrez gain, ostrakak faltsuak direla esaten duten txostenek ez dute frogarik aurkezten. Lakarra, Madariaga edota Gorrochateguiren txostenak argitaratu ziren arren,  argi ikusten da ez direla onak. Horrek ere pisu handia hartu du faltsukeria salaketa hori zalantzan jartzeko”.

Internet sarean
Eztabaida zientifikoaren beharra azpimarratu du Arantxak: “Internet sareko eztabaida-guneetan hitz egiten ari dira adituak, eta hori ez da toki egokia. Mahai baten inguruan, gune publikotik kanpo egin beharreko lana da hori, baina ez dute horrela egin nahi izan”. Nekane Berriotxoak ere harriduraz hartu zuen aztarnen faltsutasunaren albistea: “Ordura arte benetakotzat hartu zituzten pertsona berdinek esan zuten ostrakak faltsuak zirela. Horrek harridura sortu zidan. Eliseo ezagutzen duten pertsonekin hitz egindakoan, lanean oso serioa dela esaten zidaten, eta horrek kezka puntua utzi zidan. Amasa-Villabonako hitzaldiak erakutsi zuen jendeak baduela gaiarekiko jakinmina”. “Gehiegi jakin gabe ere, alde batera edo bestera jo beharra dugu gai askoren inguruan eta horrelako zerbait gertatu zaigu Iruña-Veleiakoarekin ere. Ez gara arkeologian adituak eta guretzat zaila da benetakotasuna edo faltsukeriaren inguruan erabakitzea, baina batzuek zein besteek esaten dutena entzunez, posizioa hartzeko aukera badugu. Orain arte oso gutxitan entzun dugu Eliseo Gilen taldeko kideek esaten dutena, horregatik erabaki genuen Amasa-Villabonara gonbidatzea. Garrantzitsua iruditzen zaigu gaia gizarteratzea”.

Euskara eta filologia, ardatz
“Argudio filologikoak erabiliz aztarnategi osoaren egiaztasuna zalantzan jarri dute, azterketa gehiagorik egin gabe. Ostraketan agertu ziren hainbat euskarazko hitz ez dator bat gure hizkuntzaren inguruan zituzten tesiekin eta nire ustez, horrek bultzatu ditu Lakarra edota Gorrochategui bezalako adituak, faltsukeria salaketak egitera”, adierazi du Arantxak.
Iruña Veleiako auzian nahastutakoen egoera pertsonala ere aipatu du Arantxak: “Ezin dugu ahaztu pertsona hauen aurka egin den kanpaina bortitza. Euren ohorearen aurka joan dira, lanik gabe geratu dira eta hiru epaiketa prozesu zabaldu dituzte aztarnategiko arduradunen aurka”.


IRUÑA-VELEIAKO GRAFITOAK, BENETAZKOAK?
Urriaren 22an, jende asko bildu zen Iruña-Veleiako aurkikuntzen inguruan Aritza kultur elkarteak antolatu zuen hitzaldira. “Iruña-Veleiako grafitoak, benetazkoak?” izenburupean, aurkikuntzen nondik norakoak eta grafitoak faltsutzat jo izanaren inguruan argibideak azaldu zituzten Eliseo Gil, Aztarnategiaren zuzendari ohiak; Idoia Filloy, Aztarnategiaren zuzendaritzako kide ohiak; Koenraad Van Den Driessche, Geokimikan espezializatutako geologo doktoreak eta Juan Martin Elexpuru, Euskal Filologian doktoreak.
Eliseo Gilek piezak aurkitu eta benetakotasuna onartzetik gezurtatzera pasa bitarteko pausoen berri eman zuen eta orain artean, antzeko gaiengatik bere iritzia emateagatik  inor epaitu ez dutela salatu zuen. Euren ustez, aurkikuntzak faltsuak direla diotenek hori ziurtatzeko froga sendorik ez dutela adierazi zuen. Aztarnategiko arduradunei bi mila euroko isuna eta espetxe zigorra lepora diezaiekete.
Idoia Filloyk aurkikuntzak gezurtatzeko erabili dituzten arrazoiak argudiatuz froga grafikoak erakutsi zituen, historiako bestelako aurkikuntza eta lanetan oinarrituta. Aurkikuntzak hasieratik erromatar garaikoak direla defendatu dutela esan zuen eta aurrerantzean ere bide beretik jarraituko dutela, “hala azaldu direlako eta kontrakorik esan ezin dezaketelako”.
Juan Martin Elexpuruk euskaraz azaldutako idatzien azterketa egin zuen eta bere aurkezpenarekin hasi aurretik, etorkizunari begira esperantzazko hitzak izan zituen, “pena da aurkikuntzak aurkeztera etorri beharrean defendatzera etorri beharra. Hala ere, auzia laster argituko dela uste dugu, berehala emango diogula buelta”. Grafitoak gezurrezkoak direla defendatu duen batzordearen arrazoitzeko maila eskasa dela salatu zuen. 
Koenraad Van Den Driessche geologoak batzordearen jarrera anakronikotzat definitu zuen, guztiaren jakitun moduan hitz egin dutelako froga garbirik izan gabe. “Inor ez da arduratu hizkuntzalariek besterik osatzen ez duten batzorde hori galdekatzeaz. Gai honetan bestelako zientziek izan dezaketen garrantzia alde batera utzi da”.
Azalpen guztien gainetik dei bakarra nagusitu zen hitzaldian zehar, “grafitoen azterketa fisiko kimikoak beharrezkoak direla uste dugu, piezen faltsutasuna edo benetakotasuna ziurtatzeko. Inondik inora ezin da begiz hartu erabakia eta ez da nahikoa iritzia ematea. Aztertu egin behar dira”. Bestalde, piezak auzia bideratu dutenek gordetzen dituztelako kezkatuta daudela adierazi zuten. “Manifestuan diogun bezala, piezak zeuden egoeran itzul ditzatela eskatzen dugu”.
Gurea antzokira gerturatu zirenek adi jarraitu zituzten hizlarien esanak. Galde-erantzunentzat ere tarte luzea izan zen. Amaieran piezak aztertzeko eskatuz, agiria sinatzeko aukera eskaini zen.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!