Zaldien zaintza
Zaldiek bizitzeko adina ematen ez dutenez, basoko lanetan aritzen da Iñaki; kamioiarekin egurra garraiatzen, “bada zaldietatik bizi den jendea, baina ez da erraza”. Iaz 64 zaldi izatera ailegatu ziren, 30 zalditik gora dute egun, “etxean hazten ditugu. Orain ere bederatzi behor ditugu udaberrian umea egiteko. Batzuk saldu eta besteak bertan heziko ditugu. Zaldia etxekoa baldin bada txikitatik hasten diren arren, kanpotik ekartzen dituztenean, hiru urtetik gorakoak ekartzen dituzte hezteko”. Bakoitzaren nahiaren arabera hezten dituzte zaldiak: jabea edo umea gainean ibiltzeko, mendian edo kalean ibiltzeko… “Zaldia kalera ohitzeko, bertara jaisten ditugu autoekin edo jendearekin ez beldurtzeko. Mendira edo erreketara ere eramaten ditugu ingurura egokitzeko”. Horrenbeste zaldiren zainketak lan handia eskatzen duela adierazi du Iñakik eta jaten ematea dela gutxienekoa. “Gure zaldiek mendian aske egotearen bentaja izanagatik, ezin ditugu geldirik eduki; mugitu egin behar dira arintasuna eta sasoia edukitzeko. Hiru lagunen artean egiten ditugu zainketa lanak”. Amona izena du zalditegiko zaldirik zaharrenak: 26 urte ditu. “20-25 urte artean ondo egoten da zaldia. Amona behorra da eta ume asko izan duenez, kastigatuagoa dago”. Zaldia eta gizakiaren arteko harremana dela eta, zaldia berria izanagatik, nolakoa den jabeak berehala ezagutzen duela azaldu du. “Zaldiak ere laster ezagutzen du gizakia. Txakurrek baino lehen usaintzen dute beldurra. Zu lasai bazaude beraiek ere lasai egoten dira, zure konfiantza behar dute”.
Modalitate berriak
Lehen Gipuzkoako lasterketetan asko ibiltzen zen Iñaki eta oso gustuko zuela aipatu du, “ibilaldiak, gurdia, zaldiak hezi, lana, familia…, denera ezin da ailegatu eta zer edo zer utzi egin behar. Lasterketek arriskua ere badutenez, pena handiz baina horixe uztea erabaki nuen. Hala ere, oso lasterketa zalea naizenez, oraindik ere ikusle bezala jarraitzen ditut”.
Berriki zaldiekin lotutako beste froga batzuetan hasi da, “lasaiagoa denez, Ameriketan sorburua duen Tean Penning-en hasi ginen duela bi urte. Hemen ardien eta artzain zakurraren artean egiten den lehiaketaren moduan, behiak eta zaldiaren artean egiten da froga hori. Behiek zenbakiak izaten dituzte eta hogei behiren artean, epaileak esandako hiru zenbakidunak aurkitu, behi artetik atera eta kaiolan sartu behar izaten dira. Beste behiek ezin dute pistaren erdia pasa ere egin. Zaldiak txakurrak bezala ikasten du: behi bat markatzen duzunean zuk agindu baino lehenago jiratzen du”. Tean Penning-en hiru zaldunek egiten dute lana. Cattle Penning aldaeran, berriz, bakarrak egiten du eta hiru behi harrapatu beharrean, bat sartu behar izaten da kaiolara. “Euskal Herritik orain artean hamahiru kidek hartzen dugu parte: Gipuzkoatik hiru gara, Asteasuko bi eta bidaniar bat; hiruon artean osatzen dugu taldea”. Katalunian edo Huescan oso ondo txertatuko lehia bada ere, Euskal Herrian nahiko iritsi berria da oraindik. Tolosaren ustez zaldian ibiltzeko beste modu bat da; “modu lasaiagoa, ez baita zaldia horrenbeste zigortzen”. Berriki, zaldiak entrenatzeko behiak ekarri dituzte etxera. Txapelketei begira ganadua ezagutzea oso abantaila ona dela aipatu du, “gu baino urte gehiago daramatenekin alderatuta, zaldian ez dugu haien teknikarik. Hemen ordea, ganaduarekin bizitza guztia ibili gara eta gure alde dugu hori; kaletar askok, zaldiarekin esperientzia izan arren, zailtasuna izaten baitu ganadua gobernatzeko”. Abantaila lagungarri izango dute, izan ere, hasi berriak izanagatik, emaitza ezin hobeak eskuratu dituzte dagoeneko euskaldunek, “iazko udan bigarren geratu ginen Zaragozan eta aurten lehen postua lortu dugu Grausen”. Neurri zorrotzak bete behar izaten dituzte txapelketan, eta punturik ez kentzekotan, besteak beste, ondo jantzita hartu behar izaten dute parte: “botak, alkandora ondo lotuta, galtza bakeroak eta txapelarekin atera behar da”. Frogak ikustera jende asko gerturatzen dela azaldu du zaldunak, “egia esan, lasterketak ikustea baino politagoa da eta denborarekin jende gehiago animatuko dela iruditzen zait”. Aipatu zaldi frogen inguruan informazio gehiago: www.euskalwesternelkartea@ning.com gunean eskura daiteke.
Ezkontza eta jaialdietarako gurdia
Iñakik eta anaiak basoan istripua izan zutenean ekarri zuten gurdia, “bolada batean anaiak zaldi gainean ibili ezin zuenez, gurdia ekarri genuen moxalekin batera bertan ibiltzeko. Berriz zaldi gainean hasi zenean, gurdia bagenuenez, ezkontzetarako erabiltzen hasi ginen. Aurrenekoa lagun baten ezkontza izan zen eta ondoren, jendeak deitzen jarraitu du”. Zaldi dotoreek tira eginda, loreekin apaintzen dute gurdia. “Orain artean ahoz ahokoaren bidez funtzionatu dugu. Orain Zizurkilgo loradendan jarri dugu ezkontzetarako zalgurdiaren eskaintza nahi duenari zuzenduta”. Dei gehien uda partean jasotzen duten arren, neguan ere ezkontzaren bat edo beste beti ateratzen omen da: “neguan ez da segurua izaten, giro ona dagoenean egiten dugu”. Normalean lagunen edo familiaren oparia izan bide da zalgurdiarena eta ondorioz, ezkongaientzat ezustekoa izaten da, “lehenengo andregaia hartzen dugu aitabitxiarekin batera eta elizara eramaten dugu senargaiarengana. Ezkondu ondorenean, gertu badago behintzat, jatetxera eramaten dugu senar-emaztea. Urrun badago, berriz, zaldian itzulia egin eta kotxez joaten dira”.
Ezkontzetan ez ezik, festa, antzerki, jaialdi nahiz pelikuletan ere hartu izan dute parte gurdiarekin, besteak beste, filmazioa bukatu berri duten Tolosako Sua filmean edo ETBko Kronikan… Deitzen dituztenean, herrietako jaietan ere haurrekin itzuliak egiten ibiltzen dira edo baita bestelako jaialdietan ere.
LABURRAK
Kultur jardunaldiak
Amaitu berri dira Asteasuko Udalak abian jarritako Kultur jardunaldiak. Urriaren 20tik 30era, hainbat ekintzetan parte hartzeko aukera izan dute asteasuarrek. Arduradunek azaldu dutenez, “ekitaldi batzuetan besteetan baino parte hartze handiagoa izan bada ere, gustura geratu gara erantzunarekin”. Urriaren 24an izan zen III. Argazki rallyan hamar lagunek hartu zuen parte. Bi gairen inguruko argazkiak atera behar izan zituzten: baserria eta lana. Azaroaren 12an emango dira ezagutzera argazki sarituak eta egun horretatik aurrera, ikusgai izango dira lehiaketara aurkeztutako argazkiak Kultur Etxean bertan.
Mendi astea
Sagain mendi taldeak Mendi astea antolatu du azaroaren 9tik 15era.
- Azaroak 11, asteazkena
“Pirinioak 08/09, zortzi hilabeteko eski denboraldi bikaina”.
20:00, Udaletxeko aretoa.
- Azaroak 13, ostirala
“K2+Everest, norbereburuarekiko bi erronka”.
20:00, Udaletxeko aretoa.
- Azaroak 14, larunbata
Adin eta maila guztientzat.
10:00, Kiroldegi aurrean.
Eskalada txapelketa.
Haur eta gazteei zuzendua.
16:30, Asteasuko pilotalekua.
- Azaroak 15, igandea
Otsabi-Belabieta-Loatzo. Alustizan bazkaria.
09:00, plaza.
Izena emateko azken eguna: Azaroak 12, osteguna.
- Azaroak 23, 25, 27 eta 29
Hiru saio teoriko eta egun bat mendian. Prezioa: 20 euro.
Izena emateko: Mendi astean zehar edo gps@sagain.org