Eskola handitzeko lanak, martxan

Ikasleak oporretan zeudenean hasi ziren Adunako eskola handitzeko lanak. Hiru ikasgela berri, igogailua eta komun berriak izango ditu lanak amaitutakoan. 

Berrogei ikasletik gora ditu Adunako eskolak ikasturte honetan. Arantza Aburuzak eman ditu egiten ari diren lanen inguruko azalpenak: “Adin ezberdinetako haurrak ikasgela berean bil daitezke, baina baldintza batzuk errespetatuz. Ikasgelek metro kopuru jakin bat izan behar dute eta Adunan toki falta geroz eta handiagoa zen. Arazo horri konponbidea emateko ari dira eskola hazteko lanak egiten”. “Hiru ikasgela berri egingo dira, bi tamaina ertainekoak eta handiago bat. Igogailua ere jarriko da eta komun berriak egingo dira”, gaineratu du.

Ikasturtea, etenik gabe
Udako oporrak aprobetxatu zituzten lanik handienak egiteko: “Eraikinari altuera gehiago eman beharrean, eskolaren atzealdean eraskina egiten ari dira. Ikasleak oporretan zeudela aprobetxatuz altxa zuten eraikin berria eta orain, arratsaldean egiten dituzte lanik gehienak, ikasleak eskolatik atera eta gero. Modu horretan, ikasturtea normaltasunean aurrera eramateko modua izan da”. “Eranskineko lanak amaitzear dituztenean, eraikin zaharra eta berriaren arteko horma botako dute, guztia bat egiteko”, gaineratu du. Eskolari bigarren atea ere egingo diote: “Oraingo atea erabiliko da eskolan sartu edo ateratzeko, baina atzealdean beste ate bat izango du, larrialdi kasuren bat izango balitz erabili ahal izateko”, azaldu du Arantzak.

Udaberrirako prest
Aste Santurako lanak amaituta izatea espero dute: “Martxa onean doaz lanak eta ikasturtea amaitu baino lehen bukatuko dituztela uste dugu. Orain arte, ikasgelaren bat behar izan dutenetan, Udalak utzi izan dio eskolari lokalen bat. Aurrerantzean, ez dute eskolatik atera beharrik izango. Gainera, orain arte gela bakoitzari erabilera ezberdina eman behar izan diote toki faltagatik. Musika gela, liburutegia, irakasle gela…, erabilera asko ematen zitzaion gela bakoitzari. Lanak amaitutakoan, gela bakoitzak bere funtzioa izango du”.

LABURRAK
Langile berria liburutegian

Inem eta Udalen arteko hitzarmen bati esker, langile berria kontratatu du Adunako Udalak. Sei hilabetez, Udal liburutegiko materiala katalogatzen, eta artxibategiko lanak egiten arituko da lan egun erdiz Lourdes Aranburu adunarra.

Euskara, egoera onean
Euskararen Kontseiluak Euskal Herriko ehun udalerritan egindako azterketak, Adunak euskara ondo zaintzen duela ondorioztatu du. Maila eta arlo ezberdinetan egindako azterketen ondoren, 9,11 puntu lortu ditu Adunak eta zazpigarren postua eskuratu du.

AHT-aren inguruko zundaketak
Azken asteotan, AHTaren inguruko zundaketak egiten ari dira Adunako lursail ezberdinetan. Arantza Aburuza alkateak adierazi duenez, Udalak ez du lan horien berririk jaso: “Zundaketak egiten ari diren tokietan hodiren bat ba ote dagoen galdetzeko ere ez dute deitu. Badirudi ez dutela informaziorik eman nahi eta hori salagarria iruditzen zaigu”.

Ordenantza fiskalak, igoerarik gabe
Krisi egoeraren aurrean, ordenantza fiskalak bere horretan mantentzea erabaki du Udalak. “Udalari asko jaitsi zaio finantzaketa, baina horrek ez die herritarrei zuzenean eragin behar, eta igoerarik ez egitea erabaki dugu”, azaldu du Arantza Aburuzak.

Energia erabilera neurtzeko makinak
Energia aurrezte aldera, monitorizazioak egingo dira udaletxean, eskolan eta Uztartzan. Energiari ematen zaion erabilera neurtuko dute makina berezi batzuen bidez. “Aurrezten ikasteko eta batez ere, kontzientziatzeko baliagarria izango delakoan gaude”, adierazi du Arantza Aburuzak.

Txakur jabeen betebeharrak
Udalerria txukun mantentze aldera, derrigorrezkoa da txakur jabeek euren animalien hondakinak jasotzea. Herriko lorategietan dagoeneko jarrita daude txakurrek gune horiek erabiltzea debekatuta dagoela adierazten duten txartelak. Aurrerantzean, hala nahi duten jabeek, udaletxean izango dituzte eskuragarri hondakinak jaso ahal izateko poltsatxoak. Udalak, betebehar guztien berri zabalduko du herritarren artean banatutako orri baten bidez. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!