Herriko irudien bilketa, Kultur asterako

Hilabete amaieran egingo da Larraulen Kultur astea.  Aste osoko egitaraua ari dira prestatzen aurtengorako eta berrikuntza bat baino gehiago ekarriko du. Besteak beste, herriko argazkiekin osatutako erakusketa jarriko dute museoan.

Herriko irudiak bildu nahi dituzte Kultur astean zehar museoan erakutsi ahal izateko. Herriko txokoak, ekintzak, herritarrak eta, oro har, Larraulekin zerikusia duten irudiak. Aitor Atxega ari da argazki erakusketa antolatzeko lanetan: “Larraul herri txikia da, baina urtean zehar hainbat ekitaldi antolatzen da. Antolatzen diren ekimen horiek guztiak ez ahazteko modua izango da argazkiak biltzea. Jasotako argazki onenekin, gainera, egutegi bat egiteko asmoa dugu. Modu horretan, irudi horiek gure sukaldeetan, gure egunerokotasunean sartuko dira”, azaldu du Aitorrek.
Kultur astean zehar, museoan bertan bozkatu ahal izango da hilabete bakoitzerako irudirik onena aukeratzeko: “Biltzen diren argazki kopuruaren arabera antolatuko dugu bozketa. Lehen aldia izanik, ez dakigu jendeak nola erantzungo duen. Berrehun irudi jasoz gero, antolatzaileen artean lehen sailkapen bat egin beharko genuke, eta hogei jasoz gero, ia guztiak sartuko genituzke egutegian. Argazkia ekartzeko asmoa dutenei, zein hilabete ordezka dezakeen zehaztea eskatuko diegu. Hilabete bakoitzerako puntu bidezko bozketa egitea pentsatu dugu”.  

Gehienez, lau argazki
Azaroaren 20a bitarte izango da argazkiak aurkezteko aukera. Aitor Atxega bera da bilketa egiteko arduraduna. “Larraulen guztiok elkar ezagutzen dugunez, argazki gehienak eskura emango dizkidatela uste dut, ez da arazorik izango”, adierazi du Aitorrek. Herritar bakoitzak lau argazki aurkeztu ahal izango ditu gehienez. Ahal bada, argazkiak artxibo digitalean aurkeztea eskatu dute antolatzaileek, baina paperezkoak ere onartuko dituzte. “Ez dugu baldintza zorrotzik jarri, baina 2009 urteko argazkiak aurkeztea da logikoena. Esaterako, elizako teilatua berritzeko lanak aurten egin dira eta hori bilduko duen irudiren bat egutegian sartzea ez legoke gaizki. Jaietako ekintzak, eskolakoak, paisaiak…, aukera ugari dago”, jakinarazi du. Adin mugarik gabe, herritar guztiek parte hartu ahal izango dute argazki erakusketan, baita bozketan ere.

Egutegia, etxe guztietara
Abendu erdialderako egutegia osatua izatea espero du Aitorrek: “Berrehun egutegi inguru inprimatuko dira. Horietako ehun salgai jarriko genituzke, sortutako gastuei aurre egiteko. Beste ehun egutegi herritarren artean banatuko ditugu, Gabon eskean ateratakoan. Dirua eskatzeaz gain, oparitxo bat ematea ideia polita zela iruditu zitzaigun. Herriko etxeetan egutegia doan izango dute, baina familiakoei oparitzeko polita izan daiteke eta horregatik jarriko dira beste ale batzuk salgai. Iazko bilketan jasotako dirua erabiliko dugu argazki erakusketa eta egutegia ordaintzeko eta salmentarekin, kittoan geratu nahiko genuke”.
Datozen urteetan ekimenari jarraipena emateko asmoa dutela adierazi du Aitorrek: “Dagoeneko ideia berriak sortzen ari dira. Aurten ekimena martxan jarrita, datorren urtean antolaketa errazagoa izango dela uste dugu”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!