Bertsoka-bertsoka, finalerdietara

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko aza. 2a, 10:55

Bertsoaren errusiar mendia hasi da BEC-era bidean abiadura hartzen. Finalerdiekin batera azken finalistak sartuko dira lehian. 

Eskualdeko bertsolariei dagokionez, txapelketaren gazia frogatzeko modua izan dugu final laurdenetan. Amaia Agirre eta Jexux Mari Irazu nahi baino lehenago geratu dira txapelketatik kanpo. Patua bereziki krudela izan da Amaia Agirrerekin, finalerdien atari-atarian geratu baita puntu bakar batera. Txapelketak kendu diona, plazan erakusten saiatuko da orain villabonatarra.

Gazteen indarra
Final laurdenek gauza atseginak ere utzi dizkigute, ordea. Horietako bat da gazteek erakutsi duten indarra. Jone Uria, Beñat Gaztelumendi, Miren Amuriza, Maddalen Arzallus, Uxue Alberdi… Txapelketa Nagusian lehen aldiz parte hartu eta aurrera egin duten gazteetako batzuk dira. Bertso eskolen lana zalantzan jarri izan dutenak isiltzeko moduko saioak egin dituzte guztiek ere, ideia freskoekin eta esperientziadun bertsolariak estu hartuz.
Azpimarratzekoa da, era berean, emakumeen kopurua. Duela lau urte Amaia Agirre soilik izan zen finalerdietan, orangoan zazpi izango dira. Indartsu datozen gazteez gain, bertso munduan berriak ez diren Onintza Enbeita eta Ainhoa Agirreazaldegik ere gainditu dute lehen langa. BEC-en bi emakume ikusiko al ditugu? Ez litzateke seinale txarra.

Finalerdien sistema
24 bertsolarik hartuko dute parte hastear diren finalerdietan: Final laurdenetatik sailkatutako 17k eta txapelduna ez beste zazpi finalistek. Ohi bezala bi saiotan kantatuko du bertsolari bakoitzak, eta bietan batutako puntuen arabera zazpi onenek lortuko dute final handirako txartela. Aurten ordea, berrikuntza bat bada, puntu gutxien batzen duten sei bertsolariak ez dira bigarren saiora igaroko. Honela, finalerdien lehen itzulian lau saio izango dira eta bigarrenean hiru. Bergaran izango du hasiera fase berri honek eta tartean eskualdetik gertu geratuko da, Tolosako Usabal kiroldegian jokatuko baita hirugarren finalerdia.

Honela geratu dira final erdietako lehen itzulia osatuko duten lau saioak:
Bergara / 2009-11-07
Aitor Mendiluze
Maialen Lujanbio
Etxahun Lekue
Beñat Gaztelumendi
Fredi Paia
Jon Martin

Gasteiz / 2009-11-08
Unai Iturriaga
Miren Amuriza
Iñaki Zelaia
Arkaitz Estiballes
Xabier Paya
Maddalen Arzallus

Tolosa / 2009-11-14
Igor Elortza
Sustrai Colina
Iker Zubeldia
Uxue Alberdi
Iñaki Gurrutxaga
Ainhoa Agirreazaldegi

Hendaia / 2009-11-15
Amets Arzallus
Jon Maia
Jone Uria
Aitor Sarriegi
Julio Soto
Onintza Enbeita

ELKARRIZKETA
Aitor Mendiluze,
azaroaren 6an kantatuko du Bergaran:
“Hasierako ilusio berarekin noa txapelketara”

Duela lau urte finalean izan zelako finalerdietan hartuko du txapelketako trena Aitor Mendiluze andoaindarrak. Aurten ere finalerako kiniela ugaritan agertzen da bere izena, baina postuari begiratu gabe gozatzera doala adierazi dio Aiurriri.   

Ze gorputzalditan iritsi da Aitor Mendiluze 2009ko txapelketara?
Nahiko natural iritsi naizela uste dut, nahiko lasai eta neure jardunari neurria hartuta. Ez agian, neure punturik onenean, baina hartzen joan beharko genuke pixkanaka.

Udako plazaz plazako ibiliak txapelketako prestatzeko denbora utzi al dizu?
Udako ibilia txapelketako oso ezberdina da, baina era berean gauza batzuk prestatzeko aukera ematen du, eta saiatu gara hoiek baliatzen. Ona da, errodajea hartzen delako eta segurtasuna, eta horrek trantze txar askotatik libra zaitzake, baina ez da ona; bizioak ere hartzen direlako. Esaterako, zeure buruari utzitako lizentziak, eta horiek ekidin behar dira txapelketarako. Orain lan espezifikoagoa egiteko garaia da.

Laugarren Txapelketa Nagusia da hau zuretzat. Zer eman eta zer kentzen du esperientziak?
Esperientziak egoten eta neurtzen jakitea ematen dizu, txapelketa irakurtzen jakitea eta zer eta nola egin nahi duzun definitzen laguntzen du. Kendu, ez dakit ezer kentzen duen, hasierako ilusio berarekin noa ni behintzat. Zenbaitek presioa gaineratzen duela esaten du, baina presioa zure buruari jartzen diozuna da, beste dena inguruak inguruarentzat sortzen duen giroa besterik ez da.

Finalista izanda, finalaurrekoetan sartuko zara lehian. Final laurdenetako saioez, zer inpresio?
Orokorrean, eta esatea agian oso ondo ez dagoen arren, gehiago espero nuen, bertsolari batzuengandik batez ere. Egia da ez dela erraza lehen fasean maila oso altua izatea, txapelketari neurria hartzeko denbora behar dela eta hor hasten diren guztiek ez dutela ez maila eta ezta esperientzia bera ere, baina hala ere zenbait bertsolarik gehiago eman behar zutela uste dut. Inork gaizki ez hartzea espero dut, espero banuen dezaketela uste dudalako da.

Txapelketak eragindako urduritasuna izan dela esango al zenuke?
Esperientzia faltak eta txapelketaren beraren dimentsioak eragin dezakete urduritasun hori, baina baita nork bere buruari jarritako helburuek ere. Kasu askotan norberaren lanari baino lotuago dijoazkio norberak lortu nahi lukeen postuari, eta horrek ez du onena ematen laguntzen. Bertsotan gehiago pentsatzea falta dakioke agian zenbaiti.

Bergaran kantatuko duzu, besteak beste, Lujanbio, Gaztelumendi eta Lekuerekin. Hasiera batean saio indartsua da...
Saio ederra da, motibagarria, eta polita izatea espero dudana. Zenbat eta talde indartsuagoa izan hobe dela uste dut, bertsotan gozatzeko aukerak ziurtatzen dituelako kideei dagokienez. Gero norberak berea egin behar, noski.

Finalerdiak bi itzulitara izango dira aurten ere. Nahiago sistema hori?
Beti izaten dira bi itzulitara, baina egia da aurten hasieratik hasten diren partaideen kopurua handitu dutela eta gero, lehen itzuliko bertsolari guztiek ez dutela bigarrenean kantatuko. Nik aukeran nahiago nuen aurreko edizioko egitura, baina tira, bertsoak izan behar du gure kezka, ez egiturak, ezta?

Azken bi txapelketetan finalean izanda, BEC-en errepikatzea tentagarria izango da, ezta?
Bai, baina ezin esan nezake gehiegi kezkatzen nauenik. Lehen esan bezala helburuak ez dizkiot postu jakin bati lotzen, eman dezakedanari baizik. Emanez gero BECen egon naiteke, baina helburua ematea da, ez BECen egotea.

Zaila da kinielak egitea baina Egañarekin batera, ziur finalean egongo den bertsolariren bat ikusten al duzu?
Aurreko finalean egondakoek aukera dezente dutela uste dut, eta aldatzekotan aldaketa bat izan daitekeela, baina ez naiz ausartzen nor izan daitekeen esatera. Finalaren atarian geratzeko aukerak dituzten bizpahiru bertsolari ikusten ditut, baina sartzeko aurrekoetako bat bota behar da, eta jendeari ikusten zaion mailarekin… Haiek berea eginez gero beste batzuek gainditu eta finaleko postua kentzea ona litzateke agian, baina zaila izango da. Ikusiko dugu…

Zorterik onena, Aitor.
Mila esker, eta ea zer egiteko gai garen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!