Altuna-Iradi, pala txapeldunak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urr. 29a, 17:17

Ibon Altuna eta Ibai Iradi palako jokalariak dira, aurrelariak biak. Euskal Ligako finalera iritsi ziren ekainean; galdu egin zuten orduan.



Zenbat garaipen lortu dituzue azken aldian, euskal ligakoaz gain?
Ibai Iradi: Egia esan, guk ez dugu bikotea osatzen. Manex Lete da nirea, eta Jose Mari Bitoria Ibonena. Kontua da aurreko denboraldiko euskal ligan bi horiek min hartuta zeudela, eta Ibon eta biok elkarrekin jokatu behar izan genuela.
Liga ezberdinez gain jokatzen ditugun torneoetako batean, Ordizian joan den udan, elkarren kontra finala jokatzea egokitu zitzaigun. Bitoriak eta Ibaik irabazi ziguten, Andonegi eta bioi.   

Askok ez jakin arren, hiru modalitateetan aritzen zarete…
I. I.: Hala da: pala motza, pala luzea eta paleta. Hirurak ere larruzko pilotarekin jokatzen dira. Nork bere ezaugarriak ditu, eta denboraldian zehar jokatzen dira. Pala motza da ikusgarriena, baina Bilboko Deportivoko profesionalak, pala luzean bakarrik aritzen dira.

Zenbat aritzen zarete gaur egun Gazteleku taldean?
I. I.: Une honetan bi bikote gabiltza lehiaketetan. Andoaingo hirugarren bikote bat, Eñaut Aizpurua eta Luis Iturzaetak osatzen dutena, Usurbilgo taldean ari da. Gainerakoan ez dago beste jokalaririk. Gaztelekura entrenatzera-eta beste bi edo hiru gazte etorri dira azken aldian, baina oso gutxi gara, eta Ibon eta biok izango gara gazteenak.
Ez da erraza izango entrenamenduak moldatzea egoera horretan…
I. I.:  Batere ez. Laukotea osatu behar da, eta maila beretsuko jokalariak behar dute izan gainera ondo entrenatzeko. Komeriak izaten ditugu entrenamendu bat antolatzeko: batek ezin duela eta, honi edo hari hots egin behar...
 
Frontoitik kanpo, bestelako entrenamendurik eskatzen al du palak?
Ibon Altuna: Denetik egin behar da baina neurrian betiere, pasa gabe alegia. Korrika 20 bat minutu egiten ditugu, serieak, gimnasioa piska bat… Kontua da gorputza kolpetik astindu ondoren errekuperatzeko gaitasuna edukitzea dela garrantzitsua.

Zergatik da pala horren minoritarioa?
I. A.: Batetik ez delako promozionatzen, eta beraz, ez delako ezagutzen. Euskal pilota eskuzko modalitatera mugatzen da ETBrentzat. Emanaldietan bi partidetatik lehena nahiko kaskarra botatzen dute; bada, horren partez jarriko balute pala, zesta punta… Jendeak gehiago ezagutuko lituzke beste horiek.
Bestetik, pala bera modalitate zaila da. Espezialitate honetan gozatzen hasteko edo maila on bat lortzeko, 8-10 urtetan praktikatu behar da.
Herriko frontoietan gazte franko iksten da…
I. A.: Gehiago zen garai batean. Orain erraketa ari da nagusitzen. Etorri izan dira gazteak pala probatzera. Baina emaitzak berehalakoan ikusi nahi dituzte, eta konturatzen direnean palan ere Aimar Olaizola baten mailara ez direla iritsiko, utzi egiten dute. Konstantzia edo pazientzia falta zaiela uste dut.

Zer egin beharko litzateke pala bultzatzeko?
I. A.: Oso zaila da, adibidez, Andoni Alvarezek egin duena egitea, ikastetxez ikastetxe ibili, haurren eskuzko eskola sortu eta arrakasta edukitzea. Hori bai, guri iruditzen zaigu eskuzko haurrek osatu beharko luketela palaren harrobia. Gu ere eskuz ibilitakoak gara eta behin 16-18 urterekin eskuko minagatik edo beste edozein arrazoiengatik utzi genuenean, palan hasi ginen serio.
I. I.: Ibaik esan bezala, pala proba zezaten gonbidatuko genituzke gazteak. Izan ere, gogorarazi nahiko genieke eskuaz aparte pilotak badituela beste hainbat modalitate, frontoian gozatzen segitzeko. Egia esan eskuak eta palak badute antzik: bizkortasuna, gorputz posturak... Gainera, adinez aurrera ere joka liteke; atzelariek baita 45 urte arte ere!

Ikuslerik izaten al duzue?
I. A.: Txikitero despistaturen bat eta neskalagunen bat edo beste, besterik ez. Lagunak ere noizbait aspertu egin ziren, eta gehiago ez dira azaldu Arratera. Ostiraleko ordutegi hori ere ez da egokiena, egia esan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!