Inoren Ero Ni eta R taldeak disko berri banarekin datoz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urr. 29a, 17:14

Andoaingo musikan eskarmentu handikoak dira R eta Inoren Ero Ni taldeko partaideak. Batzuk zein besteak albiste iturri dira sasoi honetan, disko berri banarekin zuzenekoak eskaitzen ari baitira.  

Inoren Ero Ni  “Fosbury”  
12 hatzdun binoloa+CD
Taldekideak: Eneko Abrego ahotsa, Mikel Abrego bateria, Mariano Hurtado baxua, Borja Iglesias gitarrak.
Argitaratzailea: Bidehuts.net

Inoren Ero Ni taldeak salgai ipini du hirugarren lana, Fosbury izenekoa. Bost kantu berri aurki daitezke lan berrian. Zer da, ordea, nor da Fosbury? Dick Fosburyren Mexiko 68ko Olinpiar jokuetan ezagun egin zen atleta da, atletismoko jauzia ariketan iraultza ekarri zuelako. Bizkarrez salto egiten lehena izan zen.
Gaur egun bitxikeriatzat hartzen den kirol albiste horri ere keinua egin diote diskoaren azalean. Fosbury trilogiaren bigarren lana da, Gronhölm lehen lanaren ondorengoa.
2009 urtean zehar Andoaingo Garate Studioetan Karlos Osinaga soinu hartzailearen ardurapean grabatu dute disko berria, eta bertan lehendabizikoz Mariano Hurtado aritu da baxujole lanetan, Josu Olazabal Drakeren ordez.
Zuzenekoak han eta hemen eskaintzen ari dira. Andoainen azaroaren 14an zuzenean arituko dira, larunbatarekin, Bartzelonako Nueva Vulcano taldearekin batera. Kontzertua Gaztetxearen urteurreneko ospakizunen egitarauaren barruan burutuko da.

R  “Uneak”  
CD
Taldekideak: Iñigo Garrido ahotsa, Rober Gaita baxua, Axier Aranburu bateria.
Argitaratzailea: Bonberenea.com

90. hamarkadaren erdialdean kokatzen da R taldearen abiapuntua. Lehen kantuak 2000. urtean eman zituzten argitara. 2003. urtean “Hedatuz” diska kaleratu zuten Metak diskoetxearekin, rockaren oinarrietan mugituz. R etengabeko garapenean murgildurik egon da, unibertso berri eta propioen bila.
Disko berrian bederatzi kantu berri aurkeztu dituzte.

Lan berria aurkezten ari zarete. Gustura egindakoarekin?
Iñigo Garrido. Gustora gaude, bai.
Axier Aranburu. Martxoan hasi genuen grabaketa, lagunartean. Piskanaka joan gara, beti daude hobetu daitezkeen xehetasunak baina pozik gaude emaitzarekin.
I.G. Aurreko diskoan distortsio gehiago zegoen, hau garbiagoa da soinu aldetik.

Zein asmo duzue disko berriarekin?
A.A. Ez gara anbizio handiko taldea, gustoko dugu musika. Gure afizioa da.
I.G. Deitzeko jotzen badigute beti prest gaude.
A.A. 500 CD-ko tirada egin dugu eta ikustear dago orain entzuleen jarrera zein den. Jotzeko beti prest izan gara, beti ere ondo datorkigunean eta taldearen erritmoa gehiegi estutu gabe. Gutako bi orain aita izan gara eta udaberrira arte ez dugu kontzerturik emateko asmorik. Pena da berriki eman dugun kontzertu sortarako diskoak jaso ez izana. Orain, aldiz, CDak baditugu baina saiorik ez ematea erabaki dugu...
I.G. Hemen inguruan Gaztetxean joko dugu udaberrian.

Zuen estiloa gaur egun nola definituko zenukete?
I.G. Post rock estiloa. Lehen rock eta metala gehiago ukitu genuen. Oraingoa ez da hain gogorra, melodikoagoa da.
A.A. Pop kutsua duela ere esango nuke.

Diskoa non dago eskuragarri?
I.G. Andoainen Lanbroan, Irunberrin eta Itzalan. 10 euroko prezioan.

ZOZKETA
Aiurri astekariak irakurleen artean 3 CD zozketatuko ditu. Parte hartu nahi duenak emaila bidali behar du izen abizenak ipiniz: andoain@aiurri.com.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!