Olatu berdea herrian zehar

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urr. 29a, 17:12

Aurreko larunbatean Gazte Eguna ospatu zen Andoainen. Hona antolatzaileen balorazioa,

 “Aurten gainera aitzaki paregabea zegoen, izan ere, gazteak antolatzen hasi zireneko 30. urteurrena betetzen baitzen.
Ospakizuna goizeko 11tan hasi zen, eguraldi paregabeaz, astean zehar kontrakoa zirudien arren. Hitzordua Goikoplazan zen. Bertan 40 bat gazte elkartu ziren gazte eguneko kamixeta berdea soinean zeramatela. Honela, egitarauak zioen jolasari ekin zioten, zenbakien jolasari. Jolas honek Goikoplaza guztiko espazioa erabiltzea suposatzen zuen horrela gazteek beraien kamixeta eta guzti, giro zein kolore bikaina eman zioten Andoaingo goiko aldeari, bertan zebiltzan herritar zein azokako erosleen harridura sortaraziz.
Honen ondoren  gazte manifestazioa burutu zen “Andoaingo gazteok Independentzia” lemapean. Ibilbidea hasi eta segituan PSOEren egoitza aurretik igarotzean Ertzaintzak martxa geratu zuen ohar batzuk emanez. Eten labur hau gainditu ostean, manifestazioak bere ibilbidea inongo arazorik gabe jarraitu zuen AHTren aurkako eta independentziaren, gazteriaren nahiz presoen aldeko aldarrikapenak besteak beste aireratuz. Manifestazioa Zumea Plazan amaitu zen Eusko Gudariak abestuz.
14:00ak aldera hainbat kuadrilen laguntzaz Bekoplaza etxeko egongela bilakatu eta bertan bertso-bazkaria burutu zuten, guztira 100 gazte baina gehiago bilduz. Bapo bazkaldu ondoren bertsoen ordua iritsi zen, Mikel Artola eta Unai Gaztelumendiren eskutik. Saioa luzatu eta konturatzerako iluntzen hasia zenez, arratsaldeko barre jolasak bertan behera utzi ziren eta trikipoteoari ekin zitzaion Gaztetxerako bidea animatuz. Bertan afari-merienda eta DVD emanaldia eskaini ziren bertan bildu zen guztiarentzat.
Azkenik, gaueko kontzertuei hasiera eman zitzaien, bertan 150 gaztetik gora bildu zirelarik. Aipatzekoa da Andoaingo gazte talde batek bere lehenengo kontzertua eman zuela (Ingo al deu) erromeria saio bikaina eskainiz.
Aurreikuspen guztiak gainditu ziren jendearen parte hartzea itzela izan baitzen. Larunbatean Andoaingo kaleetan ibili zen edonork ikusi ahal izan zuen gazteek osaturiko olatu berdea. Herri osoa zeharkatu zuen olatu honek, giro bikaina jarri zuen partehartzaile eta ikusleen gozamenerako.
Andoaingo gazteek (eta ez horren gazteek) tamainako erantzuna eman zuten aldarrikapena eta festa uztartu zituen Gazte Egunean”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!