Azaroaren 25ean, Santa Katalina egunean, egun horretan egiten baitzen urteroko junta, izango da lehenengo hitzaldia, 19:30ean, Lekaion. Hizlaria, Luis Mari Zaldua herritarra izango da, eta diapositibak ere izango ditu lagungarri. Urnietako zilegi mendien historia landuko du, eta baita ere beste hainbat datu interesgarri (mugak, hedadura, ezaugarriak...)
Bigarren hitzaldia, azaroaren 26an izango da, 19:30ean, Lekaion. Bi hizlari izango dira, Asier Arrese eta Iñaki Ausan. Asier Arrese Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendari Nagusia da. Iñaki Ausan aipatu departamentuan lan egiten duen ingeniaria da. Asierrek Urnietako zilegi mendiak izan ziren mendiek bere departamentuarekin duten lotura azalduko du: noiztik, zergatik... Izan ere, mendi haiek, duela hamarkada batzuetatik hona, "Monte de Utilidad Pública" dira eta horregatik kudeatzen ditu Foru Aldundiak. Kontzeptu horren esanahia, horrek zer suposatzen duen eta bere departamentuak horrelako mendiekiko duen estrategia azalduko ditu. Euskaraz egingo du. Iñaki Ausanek, zehatz-mehatz, Urnietako zilegi mendi izan ziren haietan, denboraren buruan, egin diren hobekuntza lanak azalduko ditu. Zer, nola, zertarako…Gaztelaniaz egingo du.
Azaroaren 28an, larunbatarekin, Luis Mari Zalduak gidatutako ibilaldi bat egingo da. Irteera, Besabitik, goizeko 9etan. Ibilbidea: Zilegi mendien nondik norainokoa (hedadura, mugak, mugarriak...) ikusi, baita saroberen bat ere, Amunola eta Gorostarbe bezalako tokiak ezagutuz.
Ondoren, Besabin bertan, babarrun jatea (sakramentu guztiekin). Bazkarirako ezinbestekoa da aurrez txartela erostea. Lekaio kultur etxean daude salgai 25 euroko prezioan, eta erosteko azken eguna, azaroaren 20a izango da.