Noiz hasiko da ikasturtea?
Aitziber Indart. Azaroaren 4an. Klaseak asteartetan izango dira, 16:30-18:30 artean.
Dena prest duzue hirugarren ikasturteari ekiteko?
A.I. Martxan jartzeko inauguratzea besterik ez da falta. Bestela, programazioa egina dago eta ikasleek izena eman dute.
Matrikulazio epeak ordea irekita jarraitzen du?
A.I.Irekita dago, beti uzten dugu jendea apuntatzea. Taldea 25 ikaslerekin osatzen dugu. Kontua da, denak beti ez direla eskolara etortzen. Horregatik, izena eman dezaketenen kopurua igotzen dugu. Oraindik plaza libre batzuk badaude. Urnietan 29 ikasle matrikulatu dira.
Esperientzia Eskola Tailerra nolatan zabaltzen da lehen aldiz?
A.I.Proiektu hau duela hiru urte jarri zen martxan. Orion hasi zen, herritarrek eskatuta. Gero usurbildarrek eskatu zuten eta segidan Urnietakoek. Beraz, urte berean lau tailerrak jarri ziren martxan; aipatutakoak eta Azpeitikoa.
Eskaera gehiago jaso al dituzue?
A.I. Zumaia, Andoain edota Hernanitik. Kontua da, ezin dugula leku guztietara ailegatu. Orain, tailerrez gain, eskualde guztietan Esperientzia Eskola bana dugu. Tailerren desberdintasuna da, Esperientzia Eskolako saioak astean hirutan hiru orduz izaten direla. Tailerrena, herritarren eskaera izan da. Aipatutako lau herrietako herritarrek dependentzia egoeraren bat bizi zuten, gurasoak edo bilobak zaintzeko ardura zuten. Ez zuten astirik beste lekuetara joateko. Astean behin bi orduz nahi zuten tailerra bere herrian, deskonektatzeko, ikasteko, harreman gehiago izateko.
Esperientzia Eskola Tailerra nola definitu liteke?
A.I. Beste hezkuntza proiektuekin alderatuta, Esperientzia Eskola Tailerra ez da hezkuntza proiektu soil bat, haratago doa. Parte hartzea bultzatzeko hezkuntza proiektu bat da. Helburua, helduek aktibo izaten jarraitzea da. Ez daitezela etxean geratu, gauzak egin behar direla, sozialki inplikatu beharra dagoela. Modu horretan, askoz hobeto sentituko dira eta askoz beranduago ailegatuko dira erresidentzia edo dependentzia egoera batera.
Testuinguru horretan ulertu behar da tailerra 50 urtetik gorako herritarrei zuzendua egotea?
A.I. Aurre jubilatuak edo jubilatuak, etxeko andreak… bat batean denbora libre asko dute. Denbora libre hori, lehen ezer ez egiteko momentu gisa ikusten zen, baina azterketa askok diote hori kaltegarria dela. Gaixotasunak, memoria falta eragin ditzake. Gaur egun ditugun helduek pentsaera desberdina dute, gauzak egiteko gogoz daude.
Aurreko urteetan, ikasleen artean emakumezkoak nagusi. Gizonezkoak ez dira ausartzen ala?
A.I. Tailer guztietan gauza bera gertatzen da. Aurten, Gipuzkoako eskola guztietan, 280 pertsona ditugu. 2000tik 950 heldu egon dira eskoletan. Egin dugun datu bilketaren arabera, ikasleen %70a emakumezkoak dira. Gizonezkoak pixka bat atzerago gelditzen dira, beldur apur bategatik, zer aurkituko duten, zer jende dagoen. Emakumeak proba egitearen aldekoak dira.
Eta probatzen duten guztiek esperientzia errepikatzen omen dute…
A.I. Pentsa, 2000. urtean ez genekien jendeak izena emango zuen edo ez, eta hiru urte daramatzagu itxarote zerrendarekin eta jendea eskola errepikatzen ari da. Eta haiek jende berria ekartzen dute. Eskolak ia beteta daude. Eta jendea gustura.
Beste hezkuntza eskaintzetatik desberdindu beharra dago, Esperientzia Eskolan ikasle zein ikasleek betetzen duten funtzioa.
A.I. Metodologia desberdina da. Printzipioz, ikasleak u forman esertzen dira. Maisuak lehen orduan bere teoria ematen du, gero galdera, iritzi eta ekarpenen tartea izaten da. Maisuak berak dio eskolatik berak asko ikasten duela. Ez daude azterketak, ikasleei dakitenaz ez zaie galdetzen, nahi duenak galdetu eta iritzia ematen du. Klase amaieran, ikasleak saio bakoitza baloratzen du, 0tik 10era: maisua, gaia, metodologia, materiala, lokala… Eta haien balorazioak kontuan hartuta, hurrengo ikasturteko programazioa egokitzen da.
Ikasleek zer gai dituzte gogokoen?
A.I. Gaixotasunen gaiak batere ez. Beste gai batzuk ikasi nahi dituzte; filosofia, literatura, Euskal Herriko historia, teknologia berriak…
Harritu zaituzte ikasleen zaletasunek?
A.I. Bai. Hasieran pentsatzen genuen ikasleentzat ez zirela gai gustagarriak izango. Baina bai. Maisuak dira giltzarriak.
Ikasturtea zer modutan amaitu nahi zenukete?
A.I. Urtero bezala bukatzen bada, gu pozik geratuko ginateke. Aurten helburu bat badugu, belaunaldi arteko proiektu bat gauzatzea. Orion bi urteetan lortu dugu, Esperientzia Eskolako ikasleek eta ikastolako 14-15 urteko ikasleek proiektu bat egitea, elkarri dakitena irakatsiz. Helduak oso gustura sentitzen dira, eurenganako errespetu handia baitago.
Zalantzan dagoen ikaslearentzat azken hitzak.
A.I. Proba dezala. Gustuko ez badu, utzi eta kito. Probatu duten guztiek jarraitu dute. Zerbait egin behar da denbora librearekin, ezin gara etxean geratu.