Gaur eguraldi lainotua dugu. Ikusten al nauzu?
Bittori Arruti: Zerbait bai, baina aurpegia nolakoa daukazun esaten ez nuke jakingo.
Ikusmen arazoa, noiztik?
B.A.: Betidanik. Bederatzi urte nituela, maistra konturatu zen bistarekin arazoak nituela. Konturatzen nintzen eguraldi lainotuarekin gutxi ikusten nuela. Irakurtzeko eta idazteko ez nuela ikusten. Orduan, betaurrekoak jarri zizkidaten, baina alferrik. Okulistarengana joan eta bitaminak, pastillak ematen zizkidan, eta haiek ez zuten ezer egiten eta beste ezer ezin al zuten egin galdetzen nuen nik, baina oso galduta ibiltzen ziren, zer nuen ezin asmaturik.
Onartzea, ez da erraza izango?
B.A.: Zaila izan zen. Gazte garaian ere gainontzekoek festetara joaten ziren eta nik laguntzarik gabe ezer gutxi egin nezakeen. Eskerrak lagun onak nituela eta laguntzen zidatela.
Taberna bat ere eduki zenuten.
B.A.: Bai, 27 urte nituela ezkondu ginen eta hasiera batean Elbarrenan bertan bizitzen jarri baginen ere, 1981. urtean Irunera joan ginen, eta han senarrak eta biok taberna bat hartu genuen. Makina bat patata-tortilla egin genuen.
Bittoriren patata-tortillak famatuak ziren Irunen, beraz?
B.A.: Nik etxerako otorduak prestatzen besterik ez nekien, eta hasieran nahiko beldurra izanagatik, gure tortillek izugarrizko arrakasta izaten zuten. Astegunetan, langileak eta asteburuetan familiak etortzen ziren. Eta gazte koadrilak ere bai, hauek tortilla jan eta “kubatak” edanez han egoten ziren. Sukaldean argitasun handia jarri genuen nik lan egin ahal izateko. Senarraren amak ere asko laguntzen zidan.
Eta orain, nork egiten ditu etxeko lanak?
B.A.: Nik, baina ikusten ez dudanez, ez dakit ondo egiten ditudan edo ez, ez dakit ondo garbitzen dudan ala ez. Norbait ondoan izanez gero galdetzen diot, garbitu al dut? Edo, zer moduz gelditu da? Txarrena da nik sinetsi egin behar dudala beraiek esandakoa.
Nola moldatzen zara baserrian?
B.A.: Oilategira ilunpetan berdin joango naiz, ezagutzen dudalako. Etxean gauza bakoitza non dagoen badakit, baina adibidez umeak hemen jolasten hasiz gero ez nuke kontrolatuko. Eta eguzki eguna izanez gero badaukat baratzean ere zerbait aritzea, bestela guztiz ezinezkoa da niretzako.
Eta kalean ibiltzeko?
B.A.: Kalean, umeak eskolara neronek eramaten nituen. Eta kotxea hartuta paseatzera ere joaten nintzen. Behin erori egin nintzen Irunen, eta beldurra sartu zitzaidan. Geroztik norbaiti helduta ibiltzen naiz ezagutzen ez ditudan tokietan. Bastoi zuria badaukat baina ez dut erabiltzen. Hemendik Elorriyaraino bakarrik joaten naiz eguraldi argiarekin, baina ikasi egin beharko nuke kalean ibiltzen. Koskak non dauden eta abar.
Zein izan da aurre egin behar izan diozun zailtasunik handiena?
B.A.: Ume txikiak genituenean. Aurretik, gaztetan, lau iloba neronek haziak nituen baserrian. Baina arazoak izaten nituen umeei botiken bat eman behar zitzaienean, neurria hartzeko eta horrela, gainontzean moldatzen nintzen.
Esaten da bista galdutako pertsonek gainontzeko zentzumenak askoz ere garatuagoak dauzkatela.
B.A.: Niretzako eskuak dira begiak. Eskuetatik gauza gehiagotaz jabetzen naiz begiekin baino, usaiekin ere ingurukoek baino azkarrago konturatzen naiz, eta entzumenarekin ere bai.
Ze harreman duzu teknologia berriekin?
B.A.: Telebista ikusten dut, pantailan irudi batzuk ikusten ditut. Ilun samarrak direnean, ezer ez. Entzuten dudanarekin eta ikusten dudan apurrarekin Goenkale jarraitzeko modua egiten dut. Albistegiak eta programa batzuk entzutearekin konformatzen naiz. Orduan, telebista irrati bat bezala izaten da niretzako.
Eta zer da zuretzako irratia?
B A.: Nire lagunik fidelena da. Gazte nintzela koinatuak erregalatu zidan lehenengo radioa. Orain ere asko dauzkat, puskatu ere asko egin izan zaizkit, erorita. Beti nirekin izaten dut bat, etxean, kanpoan, ohean, toki guztietan.
Abesbatza batean kantatzen duzu.
B.A.: ONCEk antolatutako Alaia izeneko itsuen abesbatzan hogei urte egin ditut, baina orain utzi egin dut. Donostia eta inguruko jendearekin osatua dago. Entseguak egitera Donostiara joan behar izaten genuen astean bitan, eta negu partean gogorra egiten zitzaidan.
Kanpora ere aterako zineten kantatzera?
B.A.: Bi urtetik behin estatu mailan ONCEk dituen abesbatzen topaketa batzuk antolatzen dituzte. Eta astebete pasatzen genuen, azkenekoan Vigon izan ginen.
Nondik datorkizu kanturako zaletasuna?
B.A.: Eskolatik. Eskolara joaten zitzaigun Bartolome Auzmendi apaiza, orain Donostiako Artzain Onaren katedralean dagoena. Hark antolatzen zituen umeentzako mezak eta kanta mordo bat erakutsi ere bai.
Nola moldatzen zinen kantak ikasteko?
B.A.: Alabak ordenagailuz letra oso handiekin kantuen letra idatzita, gero nik eguzkitan edo foku batekin irakurri ahal izateko. Braille metodoa ikastera joan nintzen baina ez nuen lortu ikasterik.
Zer emango zenuke bista errekuperatzeagatik?
B.A.: Ezer ere ez. Jada horrela bizitzen ohituta nago. Nire-tzako adina baliatzen naiz horrela, beti ez baina. Garbitasunerako ez naiz beti ondo
baliatzen, otordua jartzeko bai, batzuetan behatz puntak erretzen ditut baina ez dit axola.
Nagoen moduan egonda badakit zer den itsua izatea eta zer den ikustea, eta zer den gutxi ikustea. Ilunpetan itsua naiz, eta egunez eguraldiaren arabera. Batzuetan, ikusi nahia eta ezin horrek pixka bat amorratzen nau, baina nor berak dauzkan mugak onartu eta horiekin bizitzen ikasi behar dugu.
Bukatzeko, itsasoa nolakoa den badakizu?
B.A.: Itsasoa zoragarria da, asko gustatzen zait eguraldi eguzkitsuan hango olatuak ikustea, hango apar hura, hango kolore urdinak eta grisak. Kontxan, ondoan egoten diren txalupak ere ikusten ditut, puntu txuri batzuk bezala, eta pentsatzen dut haiek direla, izan ere guk irudimenarekin lan handia egiten dugu.