Xabier Lete Bergaretxe 65 urteko poeta urnietarrak “Egunsentiaren esku izoztuak” bere azken lanarekin irabazi du Euskadi literatura saria, euskarazko literatura modalitatean. “Klasikotasuna, ahotsaren sendotasuna eta aberastasun diskurtsiboa" goraipatu du epaimahaiak. Gainera, “Ez Dok Amairu” taldeko partaide izan zenaren "ahotsaren benetakotasuna" saritu omen dute. Egilearen azken poema liburu honetan, iragan ederrarekiko miresmena, maitasuna, xamurtasuna, oinazea, heriotza eta berraurkikuntzaren ametsa ekartzen ditu gogora.
Hemezortzi mila euroko saria jasoko du Letek eta, gainera, lau mila euroko laguntza emango diote poema liburu saritua beste hizkuntza batean argitaratzeko.
Aurretik, Jokin Muñozek, Xabier Montoiak, Itxaro Bordak edo Harkaitz Canok besteak beste, sari hau jasoa dute. Aurtengorako, Letez gain, Harkaitz Cano, Luis Garde, Anjel Lertxundi, Juanjo Olasagare eta Kirmen Uribe ziren finalistak.
Azaroaren 24an emango dituzte Euskadi sariak, Bilbon Euskal Irrati Telebistaren egoitzan.