Igor Zalakainen erakustaldia jardunaldi gastronomikoen amaieran

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urr. 26a, 20:50

Igo Zalakainen sukaldariaren erakustaldia ostiral honetan izango da Batzokian. Jardunaldiko partaide guztien afaria, bestalde, larunbatean.

Andoaingo Batzoki elkarteak antolatutako I.Sukaldaritza jardunaldiak asteburu honetan iritsiko dira amaierara, bertan parte hartu duten elkarte guztietako sukaldarien lagunarteko afariarekin.

Lehiaketa kutsurik gabekoa, irailaren 24an jarri ziren martxan Andoaingo elkarte gastronomiko guztien parte hartzearekin. Bost asteetan zehar Andoaingo elkarte bakoitzeko bina ordezkarik lau pertsonentzako otordua prestatu dute Batzokian bertan, horretarako izan duen muga bakarra osagaien gehienezko balioa 30€eurokoa izan delarik. Afari horien prestaketa ikusteko deialdia irekia zen, pantaila erraldoi baten bidez jarraitu ahal izan delarik.  Egun bakoitzeko, gainera, ikuslegoaren artean zozketa bat egin da, eguneko sukaldariekin batera prestatutako platerak daztatzeko aukera izan dutelarik.

Igor Zalakain
Andoaingo sukaldaria aski ezaguna da, Arzak jatetxean lanean ari da azken urteetan. Euskadi Irratian ere eguerdiro bere errezetak entzun daitezke. Ostiral honetan Zalakainek otordua prestatu beharko du jardunaldi guztietan zehar sukaldariek egindako baldintza berdinetan. Erakustaldi polita eskainiko du, eta jardunaldi gastronomikoak borobiltzeko baliagarri izango da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!